Ertzaintzak emandako datuen arabera, urte hasieratik pasa den irailera arte 4.003 delitu egin dituzte gizonezko bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumezkoen aurka, etxean bertan edo askatasun sexualaren indarkeria-kategorietan. Horietatik bi hilketak izan dira, eta beste lau saiakera-mailan (2020ko epe berean hilketa bat izan zen).
Bizkaian erregistratu ditu Ertzaintzak kasu biktima gehien. Hala ere, portzentajeei begira, Araban hazi da gehien indarkeria kasu hauen kopurua, ondoren Gipuzkoan, eta Bizkaian, berriz, behera egin du pixka bat, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Urte honetan (urria barne, oraindik zehatz-mehatz kontabilizatu ez den arren), gizonek bi emakume hil dituzte, eta lau hiltzen saiatu dira. Otsailaren 12an, 56 urteko Conchi Gonzalez hil zuen senarrak. Alaba bat eta seme bat zituen. Urriaren 12an, 37 urteko Erika hil zuen senarrak Gasteizen. Alaba eta seme adingabeak zituen.
Delitu-tipologiari dagokionez, Ertzaintzak 2021ean jaso dituen salaketa gehienak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria-kasuekin lotutakoak izan dira (2.838). Horietatik gehienak tratu txar fisikoak, irainak eta lesioak izan dira, eta, horiekin batera, askatasunaren aurkako delituak, hala nola mehatxuak, hertsapenak, ezkontza behartuak edo jazarpena salatu dituzte andrazkoek.
Emakumeek erasoak jasaten dituzten bigarren ingurune ohikoena etxea izan da (erasotzailea ez denean izan bikotekidea edo bikotekide ohia); 853 kasu aurten, iazko datuekin alderatuta %4,7ko igoera.
Azkenik, nabarmen egin dute gora 2020tik 2021ra sexu-askatasun aurkako delituek: 312 kasu izan dira aurten (%17,7 gehiago), gehienak sexu-abusuak, denak baino gehiago.
Babes sistema
Lakuako Gobernuak 7,9 milioi euroko aurrekontu-partida du delitu larrienen biktima diren emakumeak babesteko sistemak finantzatzeko. Azken zifrek erakusten dutenez, 5.038 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babes-motaren bat salaketa baten ondoren. Horietatik 3.516 epaileen agindupean daude, eta gainerako 1.522ek babes hori jasotzen dute, biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloei jarraituz.