NAIZ

‘EZpass Nora goaz?’ kolektiboak osasun agiriaren aurkako protesta berriak iragarri ditu

Joan zen urrian zabaldu zuen mobilizazio dinamika azkartuko du ‘EZpass Nora Goaz?’ kolektiboak. Hala, etzirako hainbat protesta antolatu ditu Lapurdiko hiru mediateketan osasun pasearen «zilegitasun sanitarioa» kolokan jarriz tresna horren derrigortasunak sortzen dituen «diskriminazioak» salatzeko.

Klektiboaren izenean 60tik gora afixa azaldu dira aurreko asteotan Ipar Euskal Herriko errepide bazterretan. (@kazetaeus)
Klektiboaren izenean 60tik gora afixa azaldu dira aurreko asteotan Ipar Euskal Herriko errepide bazterretan. (@kazetaeus)

Frantziar Estatuan bezala Ipar Euskal Herrian ere osasun pasaportea derrigorrezkoa da udaz geroztik, besteak beste, kultura eta kirol azpiegituretara zein ostatu eta jatetxetara bertaratzeko.

Hain zuen agiria hori erakutsi gabe hamar bat lagun Nafarroa Behereko hiriburuko mediatekan sartu ziren urrian mobilizazio dinamika berria plantan emanez.

Geroztik, ‘EZpass Nora goaz?’ izena hartu duen kolektiboak eratzeko prozesuari ekin zion. Berez, irailaren hastapenean hasi zen kolektiboa lanean. Geroztik, astero antolatzen dituen bilkurekin Ipar Euskal Herriko hainbat eskualdetako herritarrak egituratzen joan dira.

Elisabeth Charriaux kolektiboko kideak Kazeta.eus atariari azaldutakoaren arabera, 45 kiderekin abiatu zen kolektiboa. «Gazteenak 25-26 urte inguru izan behar ditu eta adindunenak erretretan dauden pertsonak dira. Ofizioari dagokionez, denetarik dago, 45 kideetatik 4-5 bakarrik erizainak gara», zehaztuz.

Aipaturiko taldeak gaur jakitera eman duenez, «anitzetan bazterturik eta bakarturik osasun segregazioa jasaten duen jendeari elkartasuna adierazteko» mobilizazio berriak eginen ditu etzi Lapurdin.

Kolektiboko kideek Lapurdiko hiru herrietako mediateketara beraien protesta eramateko asmoa dute, asteazken goizean. Arratsaldean, berriz, prentsa agerraldia antolatu dute, Baionan.

Gazteendako ondorio kaltegarriak

Prentsari igorritako oharrean azaldu dutenez, osasun pasaporteak «inongo zilegitasun sanitariorik ez badu ere, gure haurrei eta gazteei aplikatzen zaie eta ondorioak pairatzen dituzte bortizki, itxialdiaz geroztik nabarmen igo den gaizki izatea areagotuz».

«Pasaporterik ez duen gazteak, gaur ezin du kirol klub batean egon, eta ez zaio uzten mediatekan edo zinema bezalako lekuetan sartzen, leku publiko edo pribatu izan», azaldu du kolektikoak.

Kolektiboaren ustez «egoera onartezina da, ez hanka ez buru ez du, eta kulturara sarbidea galerazten du».

Hiru bide pasaportea eskuratzeko

Hainbat alorretan iragan uztailean indarrean sartu zen osasu pasea. Irailaz geroztik 12 urtetik gorako herritar orok behar du agiri hori aurkeztu kultur, kirol edo aisialdi aretoetan sartu nahi badu.

Jakin behar da, edonola ere, osasun pasaportea eskuratzeko hiru bide badirela: txertatua izatea, 72 oren lehenago eginiko PCR probaren emaitza negatiboa aurkeztea edo gaisotasuna pasatu denaren ziurtagiria.

Txertoa ez da, ondorioz, bide bakarra osasun agiria eskuratzeko. Hala eta guztiz ere, urria erditsuaz geroztik covid-19ari buruzko testak ez dira jada doakoak Ipar Euskal Herrian.

Erabaki horrekin asko mugatu dira, beraz, osasun pasaportea eskuratzeko aukerak, osasun agintarien helburua txertaketa orokortzea baita.

Hori ez da, ordea, test gehienak ordainazteko Parisek harturiko erabakiaren izan zuen ondorio bakarra.

Pandemia berriz ere goranzko joera hartzen ari zelarik indarrean sartu zen txertoa hartuta ez zuten herritarrei testak ordainarazteko deliberoa. Ondorioa? Berahala apaldu zen test kopurua, noiz eta birusaren hedapena galerazteko inoiz baino beharrezkoago zenean testak egitea.

Birusaren transmisio tasa altua

Gaur egun, 12 urtetik gorakoen artean populazioaren %84ak txertaketa osatu du Ipar Euskal Herrian. Irailaz geroztik, hau da osasun agiria orokortu zenetik, 20 puntu gora egin du txertaketa prozesuak hiru lurraldetan. Bere helburu nagusia bete du, ikuspuntu horretatik, osasun pasaporteak zein hainbat profesionalentzat txertaketa derrigorrezkoa bilakatzeko erabakiak.

Izan ere, birusaren transmisio altua dela eta osasun agintariek kezkagarritzat jotzen dute egungo egoera.

Akitania Berria Eskualdeko Agentziak emandako azkeneko datuen arabera urriaren 12 eta 18 arteko astean intzidentzia tasak 100.000 biztanleko 221,2 kasutan kokatu zen Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan.

Gaurdanik eta aste osoan zehar 545 ikasle dituen Bidarteko ikastetxea hesteko erabakia jakinarazi zuten joan zen ostiralean. Basusarriko ikastolan ere klaseak hesteko erabakia heldu zen.

Bestalde Baionako Notre Dame ikastetxean eta Mugerreko eskolan ere hainbat klase ixi behar izan dituzte.

Azken egunotan azkar mendatu dira covid19ren kasuak hezkuntza zentroetan. Bereziki 12 urte baino adin txikiago duten haurren artean.

Pirinio Atlantikoetan orotara 68 klase itxita ziren joan zen aste amaieran, horietatik 27 Ipar Euskal Herrian.