NAIZ

1.200 bisitari txanda bakoitzean, erreserba sistema bat eta musukoa Durangoko Azokan

Landako Gunean eta Plateruenan sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, erreserba sistema bat martxan jarriko baita Azoka egunetan, osasun-neurrietara egokitzeko prestaturiko plangintza eman du jakitera Gerediagak.

Iaz, izurriaren eraginez, ezohiko irudia erakutsi zuen Landakok. (Aritz Loiola | FOKU)
Iaz, izurriaren eraginez, ezohiko irudia erakutsi zuen Landakok. (Aritz Loiola | FOKU)

Presentzialtasuna mantentzeko apustua argi zegoen. Nola lotu, beste kontu bat zen. Pandemiaren azken gorabeheren ondoren, azkenik Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak jakitera eman dute Lakuak ezarritako osasun-neurrietara egokitu ahal izateko prestatu duten plangintza. 

Bisitari eta kulturzale guztien segurtasuna bermatzea izango da Azokaren lehentasun nagusia, azpimarratu dutenez, eta horretarako, osasun-neurriak indartuko dituzte 56. edizioari begira.

Berritasun nagusia Landako Gunean eta Planteruenan antolatuko diren Ahotseneako kontzertuetan egongo da, zalantzarik gabe. Bai Landako gunera zein Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango baita aldez aurretik izena ematea, Azokako webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez.

Landakon, esaterako, 1.200 bisitari egon ahal izango dira aldi berean erakusmahaiiak bisitatzen, ordu eta erdiko tartean. Tarte hori amaitzerakoan, hustu egindo da Landako hurrengo txandakoei lekua egiteko. 

Egunero, beraz, bost txanda egongo dira Landakora sartzeko, 10.00etatik 20.00etara. Erreserbarik gabe ezinezkoa izango da bertara sartzea.

Plateruenako kontzertuetarako ere jarriko da erreserba-sistema bat. Abenduaren 4tik 8ra arte 50 kontzertu antolatu dituzte agertokian eta horretarako izena eman beharko da aldez aurretik webgunean. 

Plateruenan ez da ostalaritza zerbitzurik egongo eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu. Baldintza berdinak ditu Landako guneak.

Azokako gune guztietan, noski, derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera uneoro. 

Bestalde, Udalak eta Azokak berak Durangora gerturatuko diren bisitari guztiei arduraz jokatzeko deia egin diete, «euskal kulturaren, plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa baita denon babesa eta konpromisoa».