NAIZ

‘Mapa bat baino gehiago’ kanpaina abian emanen du Baionako Etxepare Lizeoak

Euskal Herriko mapa zatitu gabe topatzea ez da erraza, horrendako Baionako Bernat Etxepare lizeoak material berezia plazaratuko du. Euskara hutsean, erliebean eta gure herri osoa jasotzen duen mapa bakarra besopean hartuta, hainbat merkatura hurbilduko da Seaskako lizeoa, Durangoko Azokatik hasita.

Euskaldunen ametsak bildu zituen Kutxa Birari ongi etorria emateko ekimena, iragan apirilean, Baionako Etxepare lizeoan. (Bob EDME)
Euskaldunen ametsak bildu zituen Kutxa Birari ongi etorria emateko ekimena, iragan apirilean, Baionako Etxepare lizeoan. (Bob EDME)

Seaskak Baionan duen lizeoak material berezia prestatu du kartografiatik haratago doan kanpaina zabaltzeko xedearekin. Ohar batean azaldu duenez, «produktu sinboliko garrantzitsua dugu eskuartean: euskara hutsean, erliebean eta Euskal Herri osoa jasotzen duen mapa bakarra». Berez duela 20 urte ekoitzi gabe zen mapa, eguneraturik, edizio mugatuan salgai jarriko du Bernat Etxepare Lizeoak.

«Gure herriko mapa zatitu gabe topatzea ez da erraza, hezkuntz eremuko testu-liburuetan esaterako, egunerokoan ikus dezakegu; zentzu horretan, mugak zubi bilakatu eta euskararen mapa Euskal Herriko xoko guzietara zabaltzea dugu helburu» nabarmendu du ikastetxeak.

Era berean, trukaketa, ikastaldi, ateraldi eta abarren bidez egin bezala, «mapa bera ere, lurraldetasuna edukiz, ezagutzaz, bizipenez eta harremanez sakontzeko» baliatu nahi dutela azaldu dute prentsa-oharrean.

«Mapa bat baino gehiago» erakutsi nahi dute, ordea, heldu den abenduaren 4an,, 15.00tan Durangoko Azokan aurkeztuko duten materiala merkaturatuz.

Bestalde, «maparen gibelean Xiberua, Lapurdi eta Nafarroa Beherean den hezkuntz errealitatea» ezagutarazi nahi dutela nabarmendu dute.

Lizeoko ordezkariek oroitarazi dutenez «guretzat euskararen herriak barne mugarik ez badu ere, gure ikasleek gainerako herrialdeetan goi mailako ikasketak euskaraz egiteko oztopoak dituzte; brebeta edo baxoko azterketak euskaraz pasatzeko eskubiderik ez dute; Molac legearen ondorioz murgiltze eredua eta ikastolen etorkizuna arrixkuan dago eta zer esan curriculum edo berezko unibertsitateaz».

Zentzu horretan, «erliebedun mapa honen mendi, erreka, eta itsasoak ongi irudikatzen dute gure helburu eta ametsa: oztopo guztien gainetik, mendi pattarrak igo, euskarazko erreketan freskatu eta gure ama-hizkuntzaren itsasoan murgilduko baikara euskararen herrian euskaraz ikasteko», gehitu dute.

Lizeorentzat baliabide ekonomikoak biltzeko balioko duen kanpainaren hasiera abenduaren 4an 15.00etan Durangon, Landako kanpoko plazan iraganen da.

Prentsaurreko bat egin beharrean ekimen moduan irudikatzen dute agerraldia. Kanpainaren kanta egin duen Esne Beltza taldeko Xabi Solanok ikasleekin batera zuzenean abestuz eta dantzatuz aurkeztuko dute ‘Mapa bat baino gehiago’ izeneko ekimena.

Durangoko Azokan solik ez ikasturtean zehar zenbait azoketan zuzenean ere eskainiko dute 99 eurotan salduko duten mapa. Izan ere, salmenta nagusiki internetez egitea aurreiskusten dute.