Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Brasilen kontraeraso mingarriek aukera gabe utzi dute serio aritu den Euskal Selekzioa

Euskal Selekzioan erasoan galdutako baloiak kontraeraso hilgarriak eraikitzeko baliatu du Brasilgo selekzioak eta hala, lehen zatirako partida apurtuta geratu da (11-22). Dena dela, aurpegi duina erakutsi dute euskaldunek Munduko txapelketa jokatzeko atarian dauden selekzioen aurka. 

Alba Menendez Finlandiaren aurkako partidan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Alba Menendez Finlandiaren aurkako partidan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ez da beti jokatzen goi-mailako selekzioen aurka eta beraz, Euskal Selekzioak erakutsitako aurpegi duina zoriontzekoa izan da azken egun hauetan jokatu dituen partidetan. Finlandiaren aurka gol bategatik galduta, duin aritu zen Argentinaren aurka –nahiz eta gol andana jaso– eta, larunbat honetan, Brasil gehiago izan bada ere, minutu interesgarriak jokatu dituzte euskaldunek. 

Lehen minutuetan oso estu hartu baitio Brasilgo selekzioari. Zortzi minutu jokatuta 5-5eko markagailuarekin, hutsartea eskatzera ere behartu du. Esther Arrojeria eta Paula Garcia arin ibili dira erasoan, eta Velasco zein Erauskin ere fin aritu dira ate aurrean. 

Baina horrelako txapelketetan ohikoa den legez, nekeaz gain, igarri egin da Euskal Selekzioak elkarrekin lan egiteko aukera gutxi izan duela. Erasoan espero baino baloi gehiago galdu ditu, jokalari bakoitzak bere taldearekin barneratuta dituen mekanismoak ez baitira berdinak selekzioan, eta Brasilek, bere abiadura hilgarriarekin, sekulako mina eman dio. Bautista zein Del Rio salduta geratu dira zenbait kontraerasotan, goi-mailako jokalarien aurrean ezer egin ezinda. 

De Paulak, esaterako, lehen 20 minututan, 6 gol sartu ditu, partida erabat hautsita utziz atsedenaldia baino zenbait minutu lehenago. 25. minutuan, esaterako, hamar golengatik egon da irabazten Brasil (9-19). 

2013an Munduko txapelduna izandakoa da Brasil nahiz eta azken Mundialean, 17. postuan bukatu zuen. Europako talde indartsuenetan aritzen diren jokalariekin osatutako taldeak derrigor izan behar du sekulako maila eta larunbat honetan argi eta garbi geratu da Eibarko Ipurua kiroldegian. 

Jendea ere animatu da talde eibartarraren 75. urteurrenaren baitan ospatu den partida berezi hau ikustera eta emaitza alde batera utzita, "garaipen" txikiak izan zitezkeenak gogotik ospatu dituzte. Esaterako, June de Castro Arrate taldeko jokalariaren minutuak, gol onak, defentsa sendoa... 

Gainera, kontuan hartu behar da, aurtengo Munduko txapelketa jokatuko duen jokalarien zerrenda ez dagoela guztiz erabakita eta beraz, brasildarrak leku hori irabazteko borrokatu direla; erakusteko beraien azken aurkera izan da Euskal Selekzioaren arteko partida eta hori ere gogotik ordaindu dute euskaldunek. 

Hamaika goleko diferentziarekin bigarren zatiari aurre egiten ere jakin egin behar da eta disfrutatzeko asmoarekin kantxaratzea izan da Euskal Selekzioak hartu zezakeen erabakirik onena. Paula Garcia eta Anne Erauskin Zuazoko jokalariek gol bana eginda, bigarren zatiaren hasiera txukundu dute. 

Nolanahi ere, Euskal Herrian jada aski ezagunak diren Adriana Cardoso eta Mariane Fernandesek ez dute gupidarik izan eta aldea hamabira handitu dute. Hegaleko jokoari garrantzia ematen saiatu dira Lorea Gabilondok gidatutako taldeak –Karmele Makazagaren ordezkoak– eta Erauskin zein Velascok bigarren zatiko markagailua parekatua izan zedin lortu dute. Izan ere, atsedenaldiaren osteko lehen zortzi minutuetan markagailuak 5-6ko emaitza adierazi du. 

40. minututik aurrera, lehen zatian gertatu antzera, nekea eta zalantzak gero eta nabariago izan dira etxeko selekzioan. Bitartean, Brasilek bere horretan jarraitu eta bere aldeko markagailua borobiltzeari ekin dio.  

Azkenerako, markagailua 21-41 izan da. Emaitza emaitz, txapelketa honek Euskal Selekzioaren ibilbidearen hasiera besterik ez du izan behar, jarraikortasun gehiago eman asmoz, alegia. 

Argentinak garaipena Finlandiaren aurka

Jarraian, Eibarreko Ipurua kiroldegira hurbildu direnak Argentina eta Finlandiaren arteko norgehiagoka interesgarria ikusteko aukera izan dute. Argentinarrak ere Munduko txapelketara bidean dira eta hitzordu garrantzitsu horretara sasoi betean iritsiko direla esan daiteke. 25-24 irabazi diote Finlandiari eta lehen aldiz, Europako selekzio baten aurka garaipena erdietsi dute. 

Bera Beran dabilen Malena Cavo eta talde donostiarrean aritutakoak diren Elke Karsten eta Manu Pizzo lehen lerroko jokalariak Argentinarekin aritu dira.