Andoni Arabaolaza

«14 Peaks: Nothing Is Impossible», Nirmal Purja protagonista duen pelikula aparta

Netflix plataformak astelehen honetan estreinatu zuen ekoizpen horrek Nirmal Purja alpinista nepaldarrak duela bi urte eginiko proiektua jasotzen du. Hots, hamalau zortzimilakoak sei hilabete eta sei egunean biribildu zuena. Nepalgo xerpa komunitatearen aldeko aldarria bihurtu da.

2019. urtera arte, inork ez zuen Nirmal Purja ezagutzen. Hedabide espezializatuetatik at zegoen. Baina, bat-batean, bere izena hedabide guztien azaletan agertzen hasi zen. 14 zortzimilakoak zazpi hilabete buruan igotzen saiatuko zela iragarri zuen. “Project possible” deitu zion, eta erabat ezinezkoa zirudien arren, Purjak erakutsi zuen «ezina, ekinez egina» esaldiak egun indar handia izaten jarraitzen duela.

Duela bi urteko apirilaren 23an, Nims-ek Annapurna eskalatu zuen, eta, sei hilabete eta sei egun ondoren, Shisha Pangman azken urratsa egin zuen. Protagonistaren emazteak pelikulan aipatzen duenez, “ero baten ametsa izan da”. Eroa izan ala ez, nepaldar honek zortzimilakoen historian mugarria ezarri zuen. Batzuek bere estiloa kritikatu zuten; beste batzuek, aldiz, izan zuen eraginkortasuna txalotu zuten. Kontua da erronka hori buru zuena nepaldar bat izan zela, eta ez Mendebaldeko mendizale bat.

“14 Peaks: Nothing Is Impossible” lanak oso irudi bikainak eskaintzen dizkigu, hau da, hamalau zortzimilako horietan eginiko eskaladarenak. Baina horri guztiari gehitu behar zaizkie gidoi landu bat eta historia sendo bat. Torquil Jones zuzendariak asmatu egin du helburu horrek izan duen bilakaerarekin. Ez da soilik igoeretan mugatzen. Eratu duen harian Nims-en bizitza, hainbat alpinisten iritziak (besteak beste, Reinhold Messner-enak) eta galdera filosofikoak jasotzen ditu.

Netflix plataformari onartu behar zaio egin duen apustua; izan ere, mendiarekin lotutako gaiak apenas ekoizten dituen. Tommy Caldwell-en “The Dawn Wall” pelikularekin batera, Nims kontakizun propio baten protagonista bihurtu da. Eta mendizaletasunari dagokionez, plataforma horren lehen saioa izan da.

Aldarrikapena

Hasiera-hasieratik, erronka handi hori egia bihurtu zuen mendizaleak argi eta garbi uzten du atzo bertan estreinatu zen ekoizpena ez dela bere burua goresteko izan: «Nepalgo mendizale komunitatea 14 zortzimilakoen igoeretan aitzindaria izan da, baina inoiz ez du benetako aitortza jaso. Eta uste dut merezi duela. Duela bi urte egin nuen proiektuarekin nepaldar guztiak ordezkatu nahi izan ditut. Erronka hori nik sinatu du, eta ez Mendebaldeko alpinista batek. Argi dago azken horiek egin izan balute, oihartzuna askoz ere handiagoa izango zela».

Pelikula honetan Gurkha izandako baten filosofia bertatik bertara ezagutzeko parada dugu: «Irakatsi zidaten ezin dela inor abandonatu, eta nik hori guztia indarrean jartzen saiatzen naiz». Mendizale honek eginiko adierazpen horiek ez dira hutsalak, eta aipaturiko proiektu horretan indarrean jarri zituen. Annapurnan zein Kangchenjungan erreskate lanetan hartu zuen parte, eta azken zortzimilako horretan, adibidez, larri zegoen mendizale baten alboan geratu zen bakarra izan zen. 

Baten batek esango du Purja markentig produktu bat dela; iritziak iritzi, argi geratzen da dohain oso bereziak dituen mendizale bat dela, eta nepaldarren ikuspuntutik eta nepaldarrentzat eginiko pelikula gardena dela. 

Amaiera aldean galdera potoloak egin eta gero, Nims-ek iragartzen du hurrengo proiektua are handiagoa izango dela. Beraz, zer itxaron dezakegu? Galdera horri ziur aski laster batean erantzungo dio. Momentuz, merezi duen “14 Peaks: Nothing Is Impossible” proposamena ikusteko parada bikaina dago.