Agur frontoiko «artista» handienari
Panpi Ladutxe pilotari eta kantaria atzo zendu zen Baionan, 66 urte zituela, gaixotasun larri baten ondorioz.
Pilotan jokatuz zein kantuz, aldamenekoa poztea izan du Panpi Ladutxek bizitzako xederik handiena, eta haren heriotzarekin –atzo hil zen Baionan gaixotasun larri batek eramanda– mutu eta triste geratu dira Euskal Herriko trinket eta pilotalekuak. Artista handiena joan da.
«Artista», kantxa barruan eta kanpoan. Hitz horixe errepikatu dute gehien azken orduetan Panpi Ladutxerekin pilotalekuan uneren bat konpartitzeko zoria izan dutenek, minbiziak jota atzo zendu zen pilotari eta prestatzaile eta kantari eta beste zenbait gauza ere bazen azkaindar polifazetikoa gogoratzean. «Ohiko bizimoduan zabaltzen zuen alaitasun hori kantxara eraman egiten zuen eta pilotari artista eta geniala izan zen, ikusteko oso polita», azaldu zuen Joxean Tolosak, ezkerparetan 20 urte luzez lagun izan zuen atzelari handiak. Aspaldi samarretik larri zegoela bazekien arren, kolpe handia hartu zuela ezkutatu ezinik zen amezketarra.
«Urte askoan elkarrekin jokatu genuen eta harreman handia genuen, ez kantxan bakarrik, handik kanpora ere hamaika pasadizo eta ospakizun izan genituen. Hari kantatzea gustatzen zitzaion eta guri hura entzutea. Poztasuna zabaltzen zuen joaten zen leku guztietara eta horrekin geratu nahi nuke», gaineratu zuen. Azkaindarraren eta amezketarraren izenak elkarrekin pasatu ziren historiara, elkarrekin Binakako bi txapela lortu baitzituzten 1987an eta 1989an, mugarri bat ezarriz, azkaindarra izan baitzen ezkerparetan txapelketa nagusi bateko txapela jantzi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria.
Zubigilea
Eta horixe izan da, Bidasoaz iparraldera eta hegoaldera zubigile aritzearena, erabat zukutu nahi izan zuen bere bizitzaren beste ardatzetako bat. Esan bezala, aitzindaria izan zen Panpi Ladutxe trinketetik ezkerparetarako jauzi zail hori ematen.
Joset aitarengandik jaso zuen pilotarekiko har hori, hura ere pilotaria izan baitzen, eta txiki-txikitatik hasi zen pilota astintzen eta nabarmentzen. Azkainen normala zen bezala, trinketean egin zituen lehen urratsak eta 19 urte zituela, 1974an, afizionatuetako munduko txapeldun izan zen Montevideon. Berezkoen artean ere ez zuen denbora askorik behar izan onenen artean sartzeko eta 76an eta 77an buruz buruko eta binakako txapelak jantzi zituen. Garaipen horiek sona handia izan zuten eta laster heldu zitzaion ezkerparetan nagusi zen Jose Ignazio Retegi Retegi I.aren desafioa trinketean aritzeko, eta ezkerparetan sei aldiz Buruz Burukoa irabazia zuen arren, trinketean amore eman behar izan zuen nafarrak.
Erronka hark beste bat ekarri zuen, Retegi I.ak berak eta Hego Euskal Herriko enpresek ezkerparetan probatzera bultzatu baitzuten. Berak ere bazuen jauzi hori emateko gogorik eta, ondo prestatu ostean, 1981ean egin zuen debuta, 26 urterekin, Haron. 13 urtez aritu zen Euskal herriko frontoietan barna ikuskizuna emanez, baina exijentzia handikoa zen ospea zuen Astelenan izan zen bereziki maitatua. Errematatzaile aparta zen lapurtarra, pilotazaleak zutik jartzen zituen horietakoa eta Fernando Vidartek –Aspeko egungo ugazabak– ere sarri esan izan du Panpi Ladutxe izan zuela urte askoan pilotaririk gustukoena.
Bidea zabaldu eta jarraitu
Baina 39 urterekin praka zuriak erantzi eta pilotalekuak ahaztea ez zen aukera bat Panpirentzat eta hark zabaldutako bidea beste pilotari batzuentzat egokitzen saiatu zen, prestatzaile lanetan.
Eta lana beltz egin eta eginaraziz, fruituak ere heldu ziren. Sebastien Gonzalez eta Xala izan ziren bere eskutik Aspe enpresara heldu ziren pilotariak eta biek ere lorpen handiak pilatu zituzten. Bereziki lekuindarrak, bere maisua ezkerparetan txapel bat lortu zuen lehen pilotaria izan bazen, Xalak lortu baitzuen lehendabiziko Buruz Buruko txapela 2011ko final gogoangarri hartan Aimar Olaizolari gailenduta. Binakako beste hiru txapel ere lortu zituen Xalak eta Sebastian Gonzalezek lortu zuen Iparraldeko zaleentzat Lau eta Erdiko txapel bakarra, 2009an, hain zuzen, Juan Martinez de Irujori irabazita.
Azken urteetan nesken prestakuntzan ere aritu da Panpi Ladutxe eta, urrutira joan gabe, abenduaren 4an Abadiñon jokatuko diren Emakume Master Cup-eko lau eta erdiko pilota goxoko nagusien mailan arituko den Ania Oronoz bere ikaslea izan da, osasunak baimendu dion bitartean behintzat.
Artista sen hori, ordea, ez zuen frontoira mugatzen; kantuan aritzea zuen bere bigarren pasio handia eta abeslaria izateagatik ere oso ezaguna izan zen Panpi Ladutxe. Urtean 100dik gora kantaldi emandakoa da, eta hiru disko grabatutakoa, “Aitari” 1995ean argitaratutakoa, “Chansons du Pays Basque” 2002koa eta azkena, “Orhoit”, 2012koa. Telebistan eta irratietan esatari, jatetxean, dendan... denetan artista, biziari zuku ederra ateraz.