Helvetia Anaitasunak zenbait covid-19 kasurengatik gelditu behar izan zuen bere ibilbide oparoa. Baina bueltatzerakoan, iragan larunbatean, garaipen bikaina lortu zuen etxean Ademar Leonen kontra eta asteazkenean azken unean berdinketa lortu zuen Sinfinen aurka. Larunbat honetan beste aurkari eta pista zail bati bisita egin behar diete iruindarrek: Logroño La Rioja (19.00).
Quique Dominguezen jokalariek aukera ederra dute sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko –zazpigarren dira, 12 puntu eta partida bat gutxiagorekin–, beste taldeei beldurra sartzen jarraitzeko, eta bihar aurrean izango duten Logroñori irabazita, gertuago izango lukete talde errioxarra.
Sinfinen aurka bolada konplikatu bati hasiera eman zioten nafarrek: bost partida jokatu behar dituzte datozen bi asteetan. Horregatik, nekea taldean somatzen dela ohartarazi zuen Quique Dominguez entrenatzaileak atarikoan egindako adierazpenetan. Errotazioa, beraz, oso garrantzitsua izango da.
Alde ona begiratuta, iruindarrek ia talde osoa dute prest. Hori beti oso seinale ona izaten da. Are gehiago duela aste batzuk zenbait covid-19 kasu izan eta gero. Nekeaz gain, sentsazio arraroarekin amaitu zuten Anaitasunako jokalariek Sinfinen aurkako partida.
«Berdinketak uzten dizun sentsazio hori izan genuen partida guztian; hau da, azken unerarte ez genuela markagailuan hain juxtu iritsi behar. Gehiago asmatu izan bagenu, akats gutxiago eginda, partidak beste norantza bat hartuko zukeen», azpimarratu zuen prestatzaileak.
Logroñori buruz, Dominguezek azaldu zuen «nabaria dela progresio batean daudela» eta taldean «oso ondo» jokatzen dutela. Trantsizioak eta erritmo altua ere nabarmendu zituen Anaitasunako entrenatzaileak.
«Forma onenean dagoen talde horietako bat da», gaineratu du galiziarrak. Izan ere, errioxarrek bosgarren garaipen jarraia lortu nahi dute nafarren kontra.