Euskal Herrian kulturgintzak bizi duen errealitatearen ispilu da egunotan –asteazkenean abiatu eta larunbatean amaituko da– Durangon egiten ari den DA! PRO ekimena. Sortu bai, baina publioarenganaino iristea ez baita beti erraza, are gutxiago euskarazko sorkuntzan. Kate luzeak katebegi denak sendo behar.
Sortzaileen eta kulturgintzako eragileen arteko zubi lana egin du Gerediaga Elkarteak hirugarren urtez. Euskal Herri osoko sortzaileei luzatu die gonbita Gerediaga Elkarteak, musikariei, arte eszenikoetakok kideei, idazleei eta ikus-entzunezko alorrean lanean ari direnei. Baita programatzaileei ere. Izan erakunde publikoetan lanean ari direnak zein enpresa pribatuak.
Landakon, Ahotsenean eta beste guneetan sortzaileei kultur zaleekin aurrez aurre elkartzeko aukera eskaintzen zaie. Eta aurtengo edizioari hasiera eman aurreko egun eta orduetan sortzaileen eta eragileen arteko topaketa ari da egiten, kontratazioei bideratua.
Haziz doan egitasmoa da. Izan ere, orain arte musikara mugatzen ziren eta beste diziplina batzuetara zabaldu da 56. edizio honetan –familia ikuskizunak, besteak beste– eta egun bateko iraupena izan ordez lau egunetara handitu da. Jauzia egin nahi izan du Azokak.
Asteazkenean, musikariek eta musika taldeek beraien azken lanak aurkezteko aukera izan zuten Euskal Herriko disketxe eta managerren aurrean. Horretarako, artista edo talde bakoitzak hamar minutuko aurkezpen bana egin zuen Durangoko San Agustin Kulturgunean.
Azokan bertan salgai dauden euskarazko nobedadeei zuzendutako egitasmoa da. «Artista hasi berriak gehiago hobesten dira ibilbide luzea daukatenak baino, kontatu dio NAIZi Ellakuriagak.
Bulego, Joseba Irazoki, Madeleine, Hibai eta Bixente Martinezek parte hartu zuten, beste hainbaten artean. Artiste aldetik ‘feed-back’ ona jaso du Gerediagak. «Pozik ikusi ditugu, aukera ontza jotzen dute guztiek», adierazi du.
Joseba Irazokik lehen aldiz parte hartu du eta pozik dago esperientziarekin. «Antolakuntzak oso lan serioa egin du. Erraztasun denak eman dizkigute. Oso ‘pro’ izan da, izenak dioen bezala. Saioa oso azkar joan zen, baina askoz gehiago ere ezin da luzatu, bestela egunak beharko genituzke bildutako musikarion lana entzuteko. Programatzaileak ere nahiko zeuden, aretoa nahiko betea zegoen».
«Estatu mailan hor dago BIME Pro, musika jaialdiei zuzendua, eta Durangokoa sortzaileoi bideratua da. Horrelako ekimenak ongietorriak dira, aretoekin eta erlazioak sendotzeko aukera eskaintzen du. Berriki sortu da Lanartea, euskal sortzaileen elkartea. Oraindik bide luzea dugu egiteko lanbideari normaltasuna emateko eta era honetako iniziatibek gure lana ikusgarriagoa izaten laguntzen dute. Beste edozein lanbidetan daude ‘feriak’ eta gurean ere horrela hartu behar da, beharrezkoa da. Historikoko artistok nahiko desastre izan gara alor honetan, gurea sortzea izan da, eta gure herrian badago gugan pentsatu eta lan txukuna egiten duena».
Programatzaileei dagokienez, «lurraldeen arteko mugak eragina» duela adierazi du, «eta beste herrialde batzuetako musika ezagutzeko ondo» datorrela egitasmoa.
Nork bere burua ‘saltzea’ arraroa egin zaio beratarrari, hori bai. «Batzuk managerrarekin joan ziren. Sentsazioa arraroa da ‘autobombo’ egitea», aitortu du.
Formatua
Programaren formatua beharrei egokituz joan da azken urteotan eta aurrera begira ere bide beretik jarraituko dutela adierazi du Ellakuriagak. «Lehen edizioan, 2019an, 17 musika proiektu aurkeztu ziren. Pare bat taldek hobekien egiten dakitena egin zuten, zuzenean jotzea, eta hura ikusia formatua aldatu genuen 2020ean. Hamar minutuko kontzertu txikiak antolatzea erabaki genuen».
Programatzaileen kopuruak ere gora egin du, hasierako 17tik aurtengo 25era. «Musikariei dagokienez ere inoizko gehien, 27 proposamen jaso ditugu. Eta 15entzat baino ez daukagu lekua eta aukeraketa egin behar izan dugu», esan du.
Denetariko estiloak ikusi dira agertoki gainean. Eta antolatzaile zein partehartzaileen nahia, ‘boloak’ irtetea. «Elkar ezagutzea bai, baina azken helburua hori da, programatzaileak entzun duen musikaria ala taldea kontratatzea. Lehen urtean Azokan bertan hitzartu ziren kontratu batzuk. Aurten ez dakit esaten gauza bera gertatu den baina seguru nago talde batzuk programatzaileen egitarauan izango direla».
Ostegunean, familia ikuskizunen eta tailerren txanda izan zen. Sortzaileak Bizente Mogel liburutegian elkartuko ziren beraien ikuskizun eta tailerrak sektore honetako teknikarien aurrean aurkezteko. «Sortzaile asko dago baina asko ezezagunak dira eta programatzaileek beti izen berak aukeratzen dituzte. Horregatik sartu dugu diziplina hau ere egitarauan», dio Ellakuriagak.
Agertoki gainean ikusitako «proposamen berritzaileak» nabarmendu ditu Gerediagako kideak. Besteak beste, Hegoak, Pantzart, Urdaibai Poetry Slam, Maite Arrese Yogipuinak, eta Porrutata Demode izan dira partehartzaileen artean.
Literaturatik zinemara
Ikus-entzunezkoen alorra du orain begibistan Gerediagak. «Zer egin pentsatzen hasi ginen. Ekoiztetxeek proiektu ugari oinarritzen dituzte literatur lanetan. Hausnarketa egin nahi dugu euskarazko literatur lan batek zein aukera dituen ikus-entzunezko proiektu bilakatzeko», dio Ellakuriagak.
«Estatu mailan badago antzeko ekimena, literatur testua bat aukeratzen du epaimahaiak eta ekoiztetxeei aurkeztu eta ikus-entzunezko proiektua bihurtzen da. Era horretako egitasmo batean bitartekari izan gaitezkeen aztertu nahi dugu. Lortu genezake urteren batean euskarazko literatur lan bat ikus-entzunezko bihurtzeko plataforma?», bota du galdera.
Galdera hori argitze aldera ostiral honetan ‘Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?’ hitzaldi labur zikloa eta mahai-ingurua egin dira Durangoko Zugaza Zinemetan (Irudienean). Unai Elorriaga, Joanes Urkixo, Aizpea Goenaga eta Ander Barinaga Rementeria aritu dira hizlari eta Amaia Nerecan moderatzaile lanetan.
Jardunaldi hau idazle, zinemagile, gidoilari eta ekoizleei zuzendutakoa izan da bereziki. Hori horrela, eleberri edo komiki bat pantaila handira egokitzearen aldeko apustua egiteko beharrezkoak diren baldintzak azaldu dituzte ikus-entzunezkoen industriako profesionalek. Nor bere esperientziatik abiatu eta elkarrekin partekatzen amaitu dute saioa.
Gaur entzundako iritziak eta testigantzak kontuan hartuko ditu Gerediagak erabakitzeko «zelan izan ahal garen bidelagun etorkizun batean guk buruan daukagun ekimenak aurrera irteten badu».
Formakuntza ere modu berezian landu nahi du Gerediagak jardunaldien bidez. Larunbatean, jardunaldiei itxiera emanez, Landako Gunean ‘Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak’ izenburuko solasaldia egongo da. Solasaldian, egile eskubideen, kontratazioen eta komunikazioaren moduko aferen inguruan hausnartuko dute EKKI Euskal Kulturgileen elkarteak, Amaia Ocerin komunikazio aholkulariak eta Euskal Herriko Musikarien elkarteko kidea den Miriam Mirandak. Solasaldi honen bidez sortzaileei, hasiberri zein ez hain hasiberriei, bide profesionalari ekiteko «erremintak» eskaini nahi dizkiete.
Aurrera begira, ez dute zalantzarik, jarraipena izango dute jardunaldiek. «Profesionalei edo amateurrak direnei profesionalizatze bidean erramintak eskaintzea da gure asmoa», dio.