«Euskaraz bizi nahi dugu, eskolaren eta familien arteko harremana indartuz»
Zaldibiako Lardizabal herri eskolan izandako kultura- eta herrialde-aniztasunaren areagotzea hartu dute abiapuntu gisa proiektu aitzindari honi ekiteko.
Euskara eta kulturartekotasuna lantzeko proiektu aitzindaria duzue martxan. Zein dira egitasmo horren xehetasun bereizgarrienak?
Zaldibia euskararen arnasgunea da, eta horren araberako neurriak nahi ditugu gure egunerokotasunean. Komunikaziorako hizkuntza euskara izatea nahi dugu. Kezka partekatuak genituen agente ezberdinak lankidetzan ari gara: eskolako irakasle taldea, familiak, Udala, herriko Etxekonekok elkartea, UEMA, Berritzeguneko ordezkaria eta Huhezikoa. Talde bakoitzeko ordezkari bat edo birekin osatutako talde eragile bat dago, eta gero jende gehiagorekin osatutako talde hedatu bat, kontraste lanak egiteko.
Zein fasetan dago une honetan proiektua?
Esperimentazio fasean gaude, adostutako zenbait formatu probatzen, eta ebaluatzen. Oso hastapenetan gaude eta egiteko modu berriak probatzen ari gara. Proiektuaren aurkezpena egiteko hainbat saio egin dira. Ikasturte hasieran irakasleekin, familiekin bi saio orokor egin dira, guraso elkartearekin, eta abar.
Gaiari buruzko solasaldi oso interesgarriak eman dira, eta oso iritzi ezberdinak eta osagarriak entzun ahal izan ditugu. Denen ikuspegia kontuan hartzea ezinbestekoa da, elkar ulertu ahal izateko eta denon historiaren berri izateko, eta era berean gure helburu nagusia berresteko, euskaraz bizitzea eta eskola-familia edo familien arteko harremanak indartzea.
Orain arte lortu dituzuen emaitzen artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Adibidez, ikasturte hasierako gela bilerak. Bileraren helburuak ere berraztertu ziren. Helburuak ziren oinarrizko informazioa ematea, eskola-familia harremana sustatzea eta familien arteko harremana ere indartzea. Bileraren egitura moldatu zen, hasierako zatian irakaslearen azalpenak izan ziren tarte txiki batean, eta bigarren zatian familiak talde txikitan solasaldian aritu ziren, eskolak proposatutako gaien inguruan. Hasierako aurkezpenen zatian, aldibereko itzulpena egin zitzaien euskaraz ez zekitenei.
Zenbait familiak bileretara ez etortzeko joera ere bazuten. Beraz, ahalik eta familia gehien bilerara etortzeko zenbait ekintza egin ziren, ikasleek beraiek gonbidapena bidali, gelan gurasoak etortzen zirenerako ikasle bakoitzak mezutxo bat utzi, gurasoei ere seme-alabentzat mezuren bat uzteko aukera eman…
Beraz, zer balorazio egiten duzu lehen urrats horien inguruan?
Bilera hauetan parte hartu duten familien kopurua asko handitu da gela guztietan, parte hartze handia izan da. Orokorrean balorazio positiboak jaso dira, bai familien aldetik eta baita irakasle taldearen aldetik ere. Era berean hobetu beharreko zenbait alderdi ere geratu dira agerian. Hori guztia baloratu eta dokumentatzen ari gara, hobekuntzak proposatu eta aplikatzeko hurrengo aldietan. Balioan jartzen dugu ere gure eskolako familietan dagoen hizkuntza aniztasuna eta aberastasuna. Eta, era berean, familietan euskararekiko giro abegikorra orokorra dela ikusten dugu.