Hainbat aholku, Azokari zukua ateratzeko
Maskara jarrita, ilara eginez eta osasun neurriak estuki zainduta. Honatx, gaur ateak zabalduko dituen Durangoko Azokaren 56. edizio berezi honetan nabigatzeko aholku batzuk.
Goizeko 10.00etan irekiko dira gaur Landako Guneko ateak, Durangoko Azokaren 56. edizioari hasiera emateko. Bigarren hitzordu pandemiko honen azken hilabeteak ezustez eta kezkaz beteta egon dira... eta indarrean jarriko diren osasun-neurri berrien gorabeheren “misterioa” azken unera arte mantenduko da, thriller on batean legez.
1.- Nola iritsi
Aparkaleku eskaintza zabala du Durangok Azoka garaian. Autoan iristen bazarete, Azokaren beraren webgunean sartu eta behe-behean, mapa antzeko bat azalduko zaizue. Sakatu eta mapa bat zabalduko zaizue. Bertan ezarritako aparkalekuak identifikatuta daude. Asko, gainera. Esaterako, Iurretako bi aparkaleku handietatik Landakora oinez hamar minutu eskas daude. Era berean, autobus zerbitzu zabala izan ohi du Durangok... Bizkaitik soilik, noski. Bizkaibus-ek hau proposatzen du: zuzeneko bat Bilbotik (A3933), Bilbo-Durango-Ondarroa linea autobidetik (A3915) eta hirugarrena, herrietatik doana, Bilbo-Galdakao ospitalea-Lemoa-Durango-Elorrio (A3911). Trenak ere badaude: Euskotrenek 4tik 8ra arratsaldez ohiko zerbitzua tren bereziekin indartuko du. Matiko-Durango-Zaldibar linean goizetan jaieguneko ohiko zerbitzua mantenduko du, baina arratsaldez ordu erdiro aterako da; arratsaldez berdin Zaldibar-Durango-Matiko zerbitzuan eta goizetan orduero. Lezamatik Durangora tren bereziak irtengo dira. Hori bai, erosi berri duzun liburua irakurtzeko beta ematen du, esaterako, Durangotik Donostiarako bidaiak...
2.- Nola sartu
Landako Gunean eta Plateruena antzokiko kontzertuetan sartzeko sarrera eskatuko dizuete. Lasai, sarrera eskuratzea dirudien baino errazagoa da, webguneko sistema intuitiboa delako. Klikatu eta bi guneetako txandak zabalduko zaizkizue; aukeratu gustukoena –gehienez lau sarrera erreserbatu daitezke– eta Bibe plataformak sarrerak bidaliko ditu gure posta elektronikora. Egunean 1.200 pertsonako bost txanda daude Landakora sartzeko. Ordu eta erdiko tartea izango dute 219 erakusmahaiak bisitatzeko. Aurretik sarrerak telefonoan edo paperean inprimatuta badaramatzagu hobe, baina Durangon, ilaran bertan gaudenean ere, eta txanda horretan tokia balego, unean internetetik sarrera eskatu eta jaso dezakegu mugikorrean. Gaurko Plateruenako bi kontzertutan sarrera guztiak agortu dira –Bulego eta Anariren zuzenekoak– eta Landakoko bi txandatan ere bai: 12.00etakoa eta 18.00etakoa. Eguerdiko txanda gehienak (12.30-13.30) berehala beteko dira –atzo abenduaren 8koan bakarrik zegoen tokia–, baina kontuan izan dezagun zerbait: libre gelditzen diren txandetan lasaiago ibiliko gara standen artean.
3.- Geografia: guneak
Azokako gainerako espazioetan ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea; sarrera librea izango da edukiera bete arte. Aurten, jasotako eskaera mordoarengatik, gune berri bat gehitu zaio Azokaren “geografiari”: Bartolome Ertzilla Musika Eskola. Landakoko areto nagusiaren atzean dagoen eraikin honek aurkezpenak hartuko ditu. Triangelu antzeko bat osatuko du Plateruenarekin –kontuan hartu beharreko zerbait: Plateruenan ez da tabernarik egongo–, eta handik metro batzuetara, Zugaza Zineman, Irudieneko proiekzioak egingo dira. Gaur, 11.00etan, Pantailak Euskaraz manifestuaren aurkezpenarekin emango zaio hasiera Irudieneari. Gainerako atalak –Saguganbara, Kabia...– Landakoko areto nagusia, Elkartegia eta San Agustin kulturgunearen artean banatuko dira.
4.- Internetetik
2020ko pandemiaren iritsierarekin, halabeharrez Interneteko mundu birtualean “babesa” bilatu behar izan zuen Azokak. Kulturarentzat aurrez aurreko hitzorduak mantentzeak duen garrantzia ez du inork ukatzen, baina onar dezagun sareek eskaintzen duten ikusgarritasuna ere ez dela txantxetan hartzekoa. Aurtengo edizioko aurkezpenak eta kontzertuak streaming bidez zuzenean ikusi ahal izango dira Azokaren webgunean. Eta atzotik online denda ere martxan dago. Hilaren 7ra arte egongo da zabalik.
5.- Azoka ez da bakarra
Azokaren inguruan mugimendu asko sortzen da. Hauspo gisa funtzionatzen duela dirudi, egun hauetan Durangoko kaleetan kulturari eta aisialdiari lotutako eskaintza handia dagoelako. Esaterako, atzotik Andra Mari elizpean Eixu Artisau elkartearen mahaietan xaboiak, amantalak, musika instrumentuak... denetarik aurkituko dugu. Aurten bosgarren urtea beteko dute. Handik gertu, Merkatu plazan, luzaroan eta Landakora pasatu aurretik Durangoko Liburu eta Diskoaren Azokaren egoitza izan zen toki berean, 25. Euskal Dendak zabalduko ditu ateak gaur goizeko 10.30ean.
Arbaso elkarteak antolatuko artisautzaren hitzordu honek, beraz, zilarrezko ezteiak beteko ditu aurten. Iaz ezin izan zuen, baina pandemiaren parentesiaren ostean indarberrituta datorrela dirudi. Parte hartuko duten artisauen artean Bizkaiak du ordezkaririk gehien (26 artisau), gero Gipuzkoak (15), Nafarroatik 5 datoz, Arabatik beste 5 eta Nafarroa Beheretik, bat. Eta, nola ez, Durangoko Azoka Autogestionatua: Zehar kaleko 11.ean, 4tik 8ra, zenbat kolektibok “kultura antikomertzialari” bere lekua emango diote.
6.- Aldarrikapena
Euskal kulturaren defentsaren borrokatik sortu zen Azoka 60ko hamarkadan. Ordutik, hitzordu hau gure gizarteko gaien ispilu bihurtu da, barnean zein kalean. Aurten, esaterako, Euskal Herrian Euskaraz-ek manifestazio nazionala egingo du abenduaren 6an. 17.30ean abiatuko de Landako Gunetik, «euskararen errepublika independentea» aldarrikatzeko.
7.- Xeberri gogoan
Xabier Castillo “Xeberri” durangar kantaria irailean zendu zen. 1973an, Iparragirreren kantuekin disko bat grabatu zuen lehena izan zen, eta 1975ean Gontzal Mendibilekin batera, “Bagare” eta “Kapitalismoak” kantuak biltzen zituen ‘Zaurietatik dario’ disko ikonikoa grabatu zuen. Igandean, abenduaren 5ean, omenaldia egingo diote Azoka barnean eta Andra Mari elizan. Gontzal Mendibilek berak, bere musikariekin eta Durangoko orfeoiarekin batera, Luis Baraibiarra poeta karmeldarrak itzulitako “San Juan Gurutzekoaren poema musikatuak” aurkeztuko du kontzertu batean. Sarrerak 10 euroan jarri dituzte, eta turismo bulegoan daude salgai.
Txistua du protagonista gaur Karmeldarren elizan, 19.30ean, Silboberri elkarteak antolatutako kontzertuak. Izenburua: ‘Txistua XXI. mendean’.
8- Herria zaindu
Durangoz kanpoko bisitariei behin eta berriz arduraz joka dezatela eskatu die Durangoko Udalak. Onuragarria baita herriarentzat Azoka, esaterako, ostalaritzarentzat eta komertzioentzat. Lau egun hauetan herriko festetan bezainbeste diru-sarrera ateratzen omen dute tabernariek. Baina onura ekonomikoak dakarren arren, gaur egungo egoeran bisitari oldeak kezka pizten du Durangon. Denon artean arduraz jokatzea da egin dezakegun gauzarik onena.
9- Marijaia
Durangoko Arte eta Historia Museoa jauregi eder batean dago, ibaiaren ondoan, udaletxetik gertu. Egun hauetan Azokara gerturatzen direnek han har dezakete babesa –batez ere, euria iragarrita dagoenean–, bertan zabaldu berri baitute erakusketa interesgarri bat. Mari Puri Herrero (1942, Bilbo) artistak, Bilboko Aste Nagusiko pertsonaia enblematikoa den Marijaia eta beste pertsonaia batzuen sortzaileak, museoak gordetzen dituen hainbat lan jarri ditu ikusgai.
Horietako asko museo horretako biltegietan gordeta egon dira 35 urte baino gehiagoan. Guztira, 27 grabatu, 11 marrazki eta 5 liburu/album daude ikusgai lehendabiziko aldiz. Museoaren bildumako 40 lan baino gehiago daude eta, gainera, artistaren laguntzari esker, 90eko hamarkadatik 2010. urtera arteko 9 grabatu.