Agur hunkigarria eskaini dio pilota munduak Ipar Euskal Herrian izandako enbaxadorerik handienetako bar izan den Panpi Ladutxeri. Asteazkenean zendu zen, gaixotasun luze baten ondorioz, azkaindarra 66 urterekin eta gaur izan dira haren aldeko hileta elizkizunak Donibane Lohizunen eta ehunka izan izan dira pilotari eta abeslariari azken agurra ematera bertaratutakoak.
Mikel Epalza apaizak zuzendutako elizkizunean izan dira Ladutxeren lagun, pilotari eta hautetsi zenbait, esterako Frantziako Euskal Pilota Federazioko presidentea Lilou Etxeberria eta Pascal Ondarts eta Pierre Albaladejo errugbi jokalariak.
Battitta Ducasou, Mickael Darmendrail, Peio Guixandut, Mathieu Ospital, Malik Niang eta Ion Iturbe, Panpi Ladutxeren ikasle izandako berezko pilotariek sartu dute sorbalda gainean azkaindarraren hilotza Donibane Lohizuneko elizan. Mukuru beteta egon da San Juan parrokia eta elizkizunean ez da musikarik falta izan. Esaterako, Xabier Euzkitze adiskideak bertso hunkigarri batzuk eskaini dizkio zenbait emanalditan alboan izan duen adiskideari. Ohorezko aurresku batek eman dio azken agurra bereziki Bidasoaz iparraldera, baina Euskal Herri osoan pilotaren historian leku bat merezi duen azkaindarrari.
Kantxan barruan zein kanpoan artista handia izateaz harago, Ipar eta Hego Euskal Herriko piloan zubigile handia izan zen Panpi Ladutxe, trinketean zein ezker paretan hamaika gazteri, mutil zein neska, pilotan erakutsiz.