NAIZ

Konstituzio Errepublikarra aldarrikatu dute herritar guztien eskubideen berme gisa

Errepublikaren aldeko mugimenduak elkarretaratzeak egin ditu, bestelako Konstituzio baten alde: «Pertsona guztien arteko berdintasuna bermatuko duen Konstituzioa, non Estatuko buruzagitza ez den familia baten ondarea, pertsona guztien ondare demokratikoa baizik. Hau da, Konstituzio Errepublikarra».

Astelehen honetan 43 urte bete dira espainiar Estatuan Konstituzioa aldarrikatu eta gaur egungo sistema monarkikoari hasiera ofiziala eman zitzaionetik. Eta egun seinalatu honetan elkarretaratzeak egin ditu errepublikaren aldeko mugimenduak Donostian eta Gasteizen.

Mobilizazioetan oroitu dutenez, Konstituzioa «edukiz hustua» izan da lau hamarkada hauetan eta «babes demokratikorik gabe ere aldatu da, zorraren ordainketa eskubide sozialen eta zerbitzu publikoen gainetik lehenesteko». Aldiz, jendarte, ekonomia eta ingurumenarekin lotutako eskubideei buruzko titulu eta artikuluak ez dira bete. «Askatasun politikoak murriztuz joan dira eta trantsizioko itun konstituzionalaren zati soziala ez da aplikatu; adibidez, ekonomiaren plangintza demokratikoa edo etxebizitza eskubidea, beste askoren artean».

Erantsi dutenez, «monarkia desberdintasun sozialen, lurralde gatazken eta ustelkeriaren zutabeetako bat da aspaldidanik. Eredu horrek ez die erantzuten herritarren beharrei eta auzitegiek ikertu behar dituzte zuzenbidearen aurkako ustezko jarduerak».

Hirugarren Errepublika

Euskadiko Mugimendu Errepublikarraren ustez, bada garaia monarkiari amaiera emateko eta prozesu konstituziogile «erabat demokratiko» bati ekiteko. «Prozesu horren emaitza Errepublika Federala izango da, gehiengo sozial langilearen zerbitzura egongo dena eta herrien autodeterminazio eskubidea errespetatuko duena. Hirugarren Errepublika».

Hirugarren Errepublikaren aldeko prozesu konstituziogile baten beharra planteatu dute, «jendarte, ekonomia eta ingurumen eskubideez, herriekiko bake eta adiskidetasunaz eta kalitatezko demokrazia parte-hartzailez betetzeko» asmoz.

«Herritar guztiei oinarrizko eskubideak, lanekoak, sozialak eta politikoak benetan bermatuko dizkien Konstituzioa behar dugu, zerbitzu publikoetan inbertitzea zorraren ordainketaren aurretik jarriko duena. Espainia solidario eta plurinazional batean herrien autogobernua bermatuko duen Konstituzioa», defendatu dute.