‘Tapia Legea’ delakoa, Lurralde Antolamenduaren legea aldaketa, bertan behera uztea eskatu dute EH Bilduren alkateek gaur Donostian egin duten agerraldian. Izan ere, udalei hirigintza arloan eskumenak kentzea ez dela demokratikoa nabarmendu dute, erakunde hauek herritarrengandik hurbilenak daudenak direla azpimarratuz.
«EAJ eta PSEk, aldaketa honen bitartez, interes goreneko figura berria sortu nahi dute, udalen plangintza urbanistikoa gainetik euren proiektuak inposatzeko asmoz», salatu dute Eako alkate Iratxe Arriolak eta Hernaniko Xabier Lertxundik. Hauekin batera Agurtzane Solabarrieta (Usurbil), Gurutze Etxezabal (Orexa), Iñigo Gaztelu (Larrabetzu), Egoitz Garmendia (Otxandio) eta Erika Letamendi (Donemiliaga) izan dira agerraldian.
Gasteizko Parlamentuan bozkatuko den legearen aldaketarekin «atea zabaltzen zaio Eusko Jaurlaritzak alde bakarreko moduan erakunde eskudun eta legitimoek hartutako erabakiak baliogabetzeko edo de facto deuseztatzeko», gaineratu dute.
«Eta hau ez da demokratikoa», salatu dute. Hirigintza eskumena udalek betetzen duten lanik garrantzitsuenetakoa dela gaineratu dute. Herrien antolakuntza planfikatzeko tresna, udalerriaren antolakuntza babesteko eta herritarren ongizatea babesteko tresnatzat jo dute.
Horregatik, EAJk eta PSEk bultzatzen duten egitasmoak tokiko demokraziaren murriztea dakarrela gaineratu dute, udaletan herritarren partehartzearekin harturiko erabakiak baliogabetuko dituztelako.
Presaz eta udalekin hitz egin gabe
Aldaketa hau «presaz» egin nahi dutela ere salatu dute ere EH Bilduren alkateek. Honez gain, prozedura guztian udalei hitzik eman ez zaiela gaitzetsi dute. «Ez dute gardentasunez jardun. Gure sistema instituzional konplexuaren eskumenen banaketa aldatu nahi dute, toki erakundeei galdetu ere egin gabe», azaldu dute.
Eudelen baitan lege aldaketa gelditzen saiatu direla gogoratu dute. Irailean, lege aldaketak udaletan izango zuen eragina aztertzeko txosten bat egitea eskatu zuten. Horrela egingo dute berriz ostegunean Eudelen exekutiban. Hamabost eguneko epean txosten hori egitea proposatuko dute.
Gasteiz eta Irungo udaletan aurkezturiko mozioetan eta Eudelen egingo duten proposamenaren asmoa lege aldaketa egin baino lehen Lakuako Gobernuak interlokuziorako bidea zabaltzea ezinbestekoa dela eskatzen da. Baina beste alderdietako alkateengandik ez dutela udalen eskumenen defentsan aritzeko borondaterik topatu gaineratu dute. «Salagarria da utzikeria hau», esan dute.
Lakuako Gobernuak legea aldatzeko duen asmoa AHT, erraustegia, fracking-a edo diesel kotxeei laguntzak eman ahal izatea dela gaineratu dute.
Gauzak horrela, dei zuzena egin diote Parlamentuari –eta batez ere EAJ eta PSEri– egitasmo hau baztertzeko eta udalen autonomia errespetatu eta babesteko. «Demokraziaren aurkako erasoa egiten ari dira. Hitza eta erabakia lapurtu nahi digute; ez bakarrik alkateoi, herritarrei ere bai. Herritarrek lau urtean botoa ematea baino askoz sakonagoa da jardun demokratikoa EH Bilduko alkateontzat. Egunero herritarren esanak entzun eta aditzen ditugu, erabakiak hartzeko. Batez ere haien, guztion, ongizatea jokoan egon daitekeenean», adierazi dute.