Desberdina, ezohikoa izaten ari da aurtengo Durangoko Azoka. Aurrez aurreko harremana berreskuratu ahal izan bada ere, txandak errespetatuz eta jende olde handirik gabe ari da gertatzen aurtengo edizioa. Diskoetxe, editorial eta abarrek, ordea, haien material eta produkturik berrienak urtero legez eraman dituzte Landakora. GARA ere horien artean da.
Aurtengoan, bi nobedade nagusi. Batetik, Jokin Urainek idatzitako ‘Txomin Iturbe. Aurrera bolie!’ biografiatzarra. Aldi berean, garai bateko testuinguru historiko, sozial eta politikoa deskribatzen du. Narrazioak, Txominen (Arrasate, 1943 / Medea -Aljeria-, 1987) bizitzaren zehar, Euskal Herriak lau hamarkada horietan bizi izan zuen egoera politikotik eta ETAren bilakaeratik eramaten gaitu. Hamaika bizipen, pasarte, pasadizo, dokumentu eta abarrekin dokumentatua.
Txomin beraren esperientziatik kontatzen diren zenbait gertaera: lehen euskal jaiak, frankismoko borroka klandestinoa, Cabrak, Txabi Etxebarrieta, Txikiaren heriotza, Carrero Blancoren aurkako atentatua, Argalarekin izandako harremana, Iparraldean izandako jazarpena, Txominek jasandako bost atentatuak, ETAren zatiketak, 1976an Atotxan Realaren eta Athleticen partidan erakutsi zen ikurrinaren jatorria, Erreforma, Txibertako elkarrizketak, GAL, EAJrekin elkarrizketak, Gabon eta Aljeriarako deportazioa, Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketak, heriotza Aljerian...
Ipar Euskal Herriko errefuxiatuek hamarkada horietan bizi izan zuten egoera eta, bereziki, jasan zuten jazarpena eta gerra zikina (atxiloketak, konfinamenduak, deportazioak, atentatuak, estradizioak, heriotzak...) oso modu fidelean islatzen ditu.
Militantearen bizitza osoa paperera eramana izan da eta edizioa ilustratua da gainera, hainbat urteetan zehar senideek eta iturri desberdinek batu dituzten argazkiak bildu baitira liburu berean.
Mexikotik Euskal Herrira
Tonu oso desberdinean baina erakargarritasunik galdu gabe, gastronomia liburu bat da GARAren bigarren eskaintza nagusia. ‘El sabor de México en las cocinas de Euskal Herria’ da Pilar Arteaga sukaldariak sinatzen duen lana. Mexikoko plater esanguratsuenak, Euskal Herriko osagaietara ekarriak. Gaur egun Donostiako Akelarre jatetxeko lantaldean dihardu Arteagak, baina ibilbide oparoa du bere atzean; Hilario Arbelaitzen Zuberoan ere lan egin zuen zortzi urteetan zehar. Proiektu honetan parte hartu du, halaber, Karlos Arguiñanok zuzentzen duen Aiala sukaldaritza eskolak.
Liburua atal desberdinetan banatuta dago: saltsak, arto opilak, takoak, entsaladak, sarrerakoak... denetariko jakien prestaketak aurki daitezke, baita Mexikon ezagunak diren hainbat edari ere.
Etorri eta gozatu.