Dabid Lazkanoiturburu

Erdoganek bere burua aurkeztu du Ukrainiako auzian bitartekari lanetan

Turkiako presidentea prest agertu da Ukrainiako auzian bitartekaritza lanak egiteko. NATOko kide nahiko berezia den Erdoganek une larria bizi du Turkian, ekonomikoki eta politikoki.

  Turkiako presidentea Qatarren. (MUSTAFA KAMACI-AFP)
Turkiako presidentea Qatarren. (MUSTAFA KAMACI-AFP)

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak bere burua proposatu die Errusiako eta Ukrainiako Gobernuei elkarrizketa prozesu batean bitartekari lanak egiteko. Egoera pil-pilean dago Errusiako Armadak Ukrainiako mugarantz mugiarazi dituen dozenaka milaka soldaduen kontura.

Amerikako Estatu Batuetako presidenteak, Joe Bidenek, NATOko kideen hitzetan, neurri «gogorrak» iragarri ditu Errusiak Ukrainiako lurraldea mehatxatuko balu.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak NATOri egotzi dio egoera larriaren erantzunkizuna, Kieveko Gobernuarekin harremanak estutzen ari delako.  Atlantikoko itun militarrari ekialderantz hedatzeari utzi eta bere mugen ondoan arma-sistemak ezartzeari utz dezan exijitu dio.

Turkia NATOko kidea da baina Erdoganek harreman guztiz dialektikoa du Putinekin. Errusiaren eta Turkiaren interesek talka egiten dute Sirian, Libian eta Hego Kaukasoan, baina entente batera iritsi dira eta batak bestea kidetzat du.

Estatu-kolpeen itzala

Erdoganek esker onak eman zizkion Kremlinaren maisterrari 2016ko Estatu-kolpearen saiakeraren aurretik ohartarazi ziola ziurtatuz.  Saiakeraren inguruan AEBen eta Mendebaldeko gobernuen ixiltasuna gogor gaitzetsi zuen Turkiako presidenteak, eta konplizidadea egotzi zien.

«Prest gaude Errusiaren eta Ukrainiaren arteko tentsioak baretzen laguntzeko eta bi aldeek hitzegiteko kanal bat zabaltzen saiatzeko», esan du Erdoganek. Hori bai, «bien oneritzia» eskatu du «nahi duten formatoan bitartekaritza eskaintzeko».

Erdoganek ez du garai onena bizi Turkian bertan. Monetak, lirak, behea jo du eta enpresa-gizonek oposizioarekin bat egin dute. Datorren urteko hauteskundeei begira inkestak aurka ditu bere AKP alderdiak, AEBetako errepublikarrak, Emirerri Batuek eta Israelek agintari islamistaren aurkako Estatu-kolpe saiakera prestatzen ari diren susmoen artean.