Izadik badu bere kanta. ‘Izadi txikiak’, Afu musika taldeak ‘Izadi Gurasoekin Etxera’ ekimenarekin eta Ahotsa.info-rekin elkarlanean egindako kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte ostiral honetan.
Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba da Izadi. 2019an jaio zen Picassenten, eta orain Aranjuezko espetxean bizi da haurra, amarekin. Aita ikusteko aukera ere badu, espetxe berean baitaude hirurak.
Urtarrilean, baina, kartzelatik atera eta gurasoengandik aldenduta bizitzera behartuko dute, Estatu espainoleko araudiaren arabera haurrak ezin direlako espetxean bizi 3 urte beteta.
Ordutik, ‘Izadi Gurasoekin Etxera’ plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu Izadi «motxiladun ume bilakatzea» ekiditeko. Ez hori bakarrik, Izadiren egoera eta espetxean dauden umeen egoera «larria» ezagutzera eman nahi du plataformak.
Azken ekimena joan den azaroaren 13an izan zen. Izadiren eskubideen aldeko aldarrikapena Burlatan entzun zen orduan, non kalejira koloretsu batek eta ondorengo ekitaldi batek haurra aitarengandik eta amarengandik hiru urte betetzen dituenean banandu ez dezaten eskatzeko balio izan zuten.
Ekainean, ‘Izadi. Espetxean jaiotako atzera kontaketa’ dokumentala landu zuten, haurraren egoera salatzeko asmoz.