NAIZ

Lurzaindiak ez du isunik ordainduko Arbonako alkateak ezarritako salaketarengatik

«Plazer handiz» hartu du berria Dominique Amestoy Lurzaindia elkarteko presidenteak. Baionako auzitegiak gaur arratsaldean jakinarazi duen erabakiaren arabera laborariak ez du isunarik ordaindu beharko Marie-Josee Mialocq Arbonako auzapezak difamazioagatik bere aurka ezarritako salaketa dela-eta.

Dominique Amestoy, Lurzaindiako presidentea, garaipen ikurra eginez, gaur Baionako auziegian. (Guillaume FAUVEAU)
Dominique Amestoy, Lurzaindiako presidentea, garaipen ikurra eginez, gaur Baionako auziegian. (Guillaume FAUVEAU)

Astearte honen arratsaldean plazaraturiko erabakiaren arabera Marie-Josee Mialocq Arbonako auzapezak difamazioa egotzita Lurzaindiaren aurka abiaturiko auzian Dominique Amestoy elkartearen presidentea errugabetzea erabaki du Baionako epaitegiak.

«Plazer handiz» hartu du ebazpena Dominique Amestoy Lurzaindiako presidenteak.

Bere erranetan erabaki horren bidez Lurzaindiak laborantza lurrak babesteko egiten duen lana hobetsi du auzitegiak.

Horrendako, Arbonako auzapezak ezarritako salaketa oinarri zuen laborantza lurren gaineko espekulazioa salatzeko lanean jarraitzeko asmoa berretsi du Amestoyk.

Bere ustez auzia «denbora galtze bat izan da», Marie-Josee Mialocqk aurkeztu zuen salaketa oinarri sendorik ez zuelako.

Erretretan den laborariak nabarmendu duenez elkarteak ez ditu inoiz pertsonak jomugan hartu, eta errespetuz jardun du beti ere laborarien eskubideak defendatzeko xedez.

Oroitzearren, 2018an Lurzaindiak Arbonako Herriko Etxeak etxebizitzak eraikitzeko laborantzarako lurrak 50 aldiz garestiago erosi izana salatu zuen esku-orri baten bidez.

Marie-Josee Mialocq auzapezak difamazioagatik salaketa jarri ondoren iragan azaroaren 30ean afera argitzeko auzia egin zen Baionako epaitegian.

Lurzaindiak eta Amestoyk berak ukatu egin zuten auzian zehar auzapeza difamatu izana eta adierazpen askatasunean kokatu zuten laborantza lur saila galtzeko arriskua salatzeko Arbonan banatu zuten eskuorriaren mamia.

Akusazioak, bere aldetik, euro bateko isun sinbolikoa eskatu zuen Herriko Etxearentzat eta beste hainbeste auzapezarentzat. Horretaz gain 2.500 euro galdetu zuen alde bakoitzeko, prozeduraren kostua ordaintzeko.

2018an eginiko salaketa kanpaina

«Laborantzarako lurra bere balioa baino kasik 50 aldiz karoago erosiz, espekulazioa bultzatzen da eta laborantzako aktibitatea izugarri kaltetzen, bereziki herri batengatik egina delarik», salatu zuen esku-orrian elkarteak.

Zehazki, Etxeta izeneko lotizamendua (etxea eraikitzeko lur saila) eraikitzeko hektarea bat 333.330 euroan erosi izana, lur horien balioa hektareako 7.000 euro ingurukoa zenean, salatu zuen Lurzaindiak.