Elkarrizketa
Joana Falxa
Paueko eta Aturriko Herrialdeetako eta Salamankako Unibertsitateko Zuzenbide kriminal doktorea

«Sistema penitentziarioak seguritate estatikoa nahiago du, kamarak, ate automatikoak….»

"Espetxe barneko zuzenbidea: azterketa konparatu bat” mintzaldia eskainiko du gaur arratsaldean Baionan Joana Falxa zuzenbide doktoreak UEUk antolatuta. Bertan Estatu frantsesa, espainiarra eta Ingalaterrra-Galeseko zuzenbideak eta egoerak konparatuko ditu.

Joana Falxa Zuzenbide doktorea. (NAIZ)
Joana Falxa Zuzenbide doktorea. (NAIZ)

Hiru estatutako zuzenbide penitentziarioa aztertuz tesia egin zuen Joana Falxak, eta egun Paueko eta Aturriko Herrialdeetako unibertsitatea eta Salamankako Unibertsitateko Zuzenbide pribatu/zientzia kriminaletan doktorea da. "Espetxe barneko zuzenbidea: azterketa konparatu bat” izenburupean duela zazpi urte egin zuen tesiaren mintzaldi-aurkezpena eginen du euskaraz astearte honetan Baionako Eusko Ikaskuntzako egoitzan 18:00etan.

Zer da hitzaldian azalduko duzuna, nondik heldu diozu gaiari?
Nire tesiaren helburua da presondegi barneetako zuzenbideaz, hau da, disziplina pernitentziarioa deitzen dutenari buruz azterketa konparatua egitea, Frantzia, Espainia eta Ingalaterra-Gales herrialdeen artean. 

Azkerketa konparatua ere Europako Giza Eskubideen Auzitegiak esaten duenarekin. Auzitegiak badu doktrina bat auzibide justu batentzat eta hori aplikatzen den edo ez, eta nola aplikatzen den barne zuzenbideetan. Ikusteko estatuen barne sistemetan ea martxan ezarri dituzten edo ez eskubide horiek.

Zergatik hautatu duzu Ingalaterra eta Gales?
Ingalaterra eta Galesek zuzenbide bera dute, (Eskozian eta Ipar Irlandan beste bat dute), eta bi aldiz izan dira kondenatuak prozesu bidezkoa ez segurtatzeagatik, beraien barne zuzenbidea adaptatu behar izan dute. Nik nahi nuen ikusi ea beste herrialdetan zein puntutaraino gertatua zen edo ez. Hori zen abiapuntua, eta gero hortik harago joan naiz.

Banekien intuitiboki, baina momentu batean konturatu nintzen errealitatean zuzenbidearen mugak badirela barne disziplina mantentzeko, mekanismo ezberdinen arteko bat da zuzenbidea.

Hasierako planteamendu horretatik zein ondorio atera dituzu?
Lehendabizikoa da, zuzenbidea gartzeletan sartu dela, hori ez zen egia 1980-1990. hamarkadan. Espanian pixka bat desberdina da, zeren eta diktaduratik ateratzean lehen lege organikoetariko bat izan da, eta nahiko aurrerakoia zen bere garaian. Modelo ezberdinak agerian jartzen dira. Esan daiteke asko aldatu dela, eta garantia gehiago badirela zuzenbidean. Praktika ere aldatu da denborarekin.

Bigarren ondorioa da, instituzioak beti badakiela bereganatzen mekanismo juridiko berria, badakizki bere aldera itzultzen hein handi batean. Disziplinaren bidez saristatzeko edo zigortzeko adibidez.

Hiru sistema horiek konparatzen baditugu zer gelditzen da agerian?
Atal ezberdinak badira. Prozesuari buruz esaterako, disziplina penitentziarioaren baitan egiten den auzi moduko horretan Frantzia oso garatua da, Ingalaterran bi sistema (bi maila) daude bata gartzelan erabakitzen dena, eta bestea non epailea sartzen den, nahiko interesgarria da. Espainiaren kasuan prozesua bera nahiko basikoa da, barne auzian oinarrizkoa da, baina bada gauza on bat da, errekurtso bidea, espetxe zaintza epaileekin sistema askoz efiziente eta garatuagoa dela Frantzian baino.

Atal ezberdinetan batzutan Estatu batek gehiago garatu du eta beste atal batean beste batek, baina beti auzi justuaren parametrotik begiratuta. Bataz bestean esango nuke espainol sistema beharbada kanpoko epaile baten begirada ukaiten ahal baita, Ingalaterrarentzat zigor larrientzat epaile batek ematen ahal dituelako, Frantzia aldiz da sistematizatuena abokatuekin. Ikusi zein garantia ekartzen dituen horrelako auzi edo prozedura batek, bakoitzak baditu bere puntu azkarrak eta bere ahuleziak.

Espetxeen baitan zein da zuzenbide horietaz egiten den erabilera?
Expetxe barneetako ordena mantentzea izaten da helburu nagusiena praktikan. Helburu hori lortzeko zuzenbidea tresna bat da, baina beste gauza asko sartzen dira jokoan. Gatazkak baldin badaude gartzela barnean, konpontzeko era ezberdinak daude, bortizkeriarekin, komunikazioarekin, seguritate sistemak ezarriz… badira tresna anitz, eta batzuk besteak baino emaitza hobeak dituzte, baina orain arte ez dira horiek gehien sustentatzen direnak.

Frantses sisteman oso sartuta dago, disziplina eta zigorrak erabili behar direla. Seguritate dinamiko bezala ezagutzen dena, adibidez, pertsonen arteko harremanak sustatuz lortzen den komunikazioa bilatzen duena, sistemak ez du anitz sustatzen. Sistemak seguritate estatikoa, seguritate perimetrala nahiago du, kamarak obserbazio gunetik, ate automatikoak….

Estatu baten baitan, zuzenbide bera izanik ere egoera ez da toki guztietan bera.
Dependitzen du ere gartzelaz, instituzio penitentziarioen berezitasuna da, kartzela modelo anitz badirela sistema baten barnean, eta zailtzen du orokortasunak egitea. Espainiak badu fama aktibitate programa anitz gartzeletan, baina hor establezimenduaren arabera da, eta zein mailatakoa den ere.

Adibidez, Espainian sortu dituzte errespetu moduloak, asko aipatu zituzten garai batez, eta Frantzian sortu zituzten horren ereduz, baina beste modelo batzuekin, deitzen direnak “respecto” programa.

Hor badira gauza onak, baina oso kritikagarriak direnak ere, adibidez autonomia asko ematen zaie modulo horietan dauden presoei, beraien aktibitateak aukeratzeko etabar, baina modulo horretan egotea pribilegio bat da, lehen arau haustearekin galtzen dutena, horrek ekartzen duen infantilizazio arriskuarekin. Frantziar sistemak ez du batere sustatzen, baina gartzela batzuetan garatu dute.

Nola bildu zenituen datu horiek guztiak?
Zuzenbide ikerlariaren lana ez da soziologoarena, beraz testuak aztertu ditut anitz, erabakiak, jurisprudentzia, arartekoa edo bere postuaren parekoa litzateken pertsonaren informeak, Europako Auzitegiko eta erakundeetako dokumentuak, hori baitzen nire lehen helburua, zuzenbidea konparatzea.

Hala ere, gizarte zientzietako eremu bat denez, interesgarria da ere ikustea beste disziplinek zer erran duten. Iturri soziologikoak landu ditut pixka bat, demografikoak eta, jakinda ez dela nire espezialitatea, orduan, hartu behar da umiltasunarekin, besteek errandakoa, eta sortu dizkit gogoetak.

Hori dena borobiltzeko, joan naiz jendearengana, baina ez dut erabili nire ikerketarako datu zuzen bezala, ez ditut erabili teknika kuantitatibo edo kualitatibo arautuak. Joan naiz hala ere hiru herrialdeetan aktore ezberdinengana, gartzela zuzendari, preso, abokatu, instituzioetako ordezkariengana, ikusteko zein ikuspegia zuten, eta saiatu naiz erabiltzen haien jakintasun hori puntu batzuk argitzeko, edo beste batzuen gainean insistitzeko.

Zenbat jende ikusi zenuen hiru estatuetan tesia egiteko?
Bost eta hamar artean herrialde bakoitzean, gero telefonoz ere bai. Garrantzitsua da pixkat zabaltzea, ez baita toki guztietan berdin.

Konparaketa horretatik sailkapen bat egin ahal izango litzateke?
Zaila da, egiazki bakoitzak baditu bere abantailak. Errango nuke gogorrena gaur egun disziplina ikuspegitik (zigorren aldetik adibidez) Frantzia da. Baina Ingalaterrak baditu zigor batzuk biziki gogorrak izan daitekezkeenak.

Horrek izan dezaken efektibitateari buruzko azterketarik egin al daiteke?
Zaila da, zeren eta horretarako ikusi behar da zein den helburua. Ordena mantentzea bada helburua, zein den efektiboena ez dakit. Badira estudio batzuk kriminologoek eta soziologoek egin dituztenak, eta hor sartzen dute orden positiboa, hau da erlazio normalizatuak presondegi barnean, ahalik eta bortizkeria gutxiena. Presoak bergizartaratze prozesuan sartzen dituen sistema bati deitzen diote performantzia morala.

Esaten da sistema justu eta ekitatibo batek puntu batzuk gehitzen dituela performantzia moral horretan, horregatik nire asmoa zen ikustea ea prozedurak eta barne disziplina ekitatiboak ziren, jakiteko performantzia moralaren aldetik nola kokatzen ziren. Nik bat egiten dut performantzia moralaren ideia horrekin, baina ezin dut erran zein den efektiboena.

Badira datuak izan dezakeen eraginari buruz?
Oso konplikatua litzateke, gartzelaz gartzela joan beharko litzateke, eta estatittikek gaur egun ez dute hori ikusten uzten.

Bergizartaratzeari dagokion zuzenbidea lagungarri edo oztopogarri izan daiteke aztertu dituzun eremu horietan?
Ez zen zehazki nire azterketaren gaia, baina nire ustez espainiar sistema, bere graduen sistemarekin, garaian nahiko aurrerakoia zen.

Frantzian orain badira gauza anitz ezartzen direnak martxan, adibidez lehenago ateratzeko etabar, baina beti arazo bera da baliabide falta bada, eta jendea behar da efizientea izateko. Pertsona bat ateratzeko, bergizartaratzeko eta jarraipena egiteko, ez bada norbait edo zerbait laguntzeko bidean kartzelatik ateratzen direnean, frogatua da erreisidentzia altuagoa dela. Ez naiz euskal preso politikoetaz ari, beraiek ateratzen direnean badute sare soziala, baina preso arruntetaz.

Nazioarte mailan ba al dago erreferenterik eremu honetan ezaguna dena bere efektibitateagatik maila ezberdinetan?
Horrelakoetan beti herrialde eskandinabiarrak dira nagusi, han gauza anitz egin da, Kanadan ere bai, bergizarteratze eta barne ikuspegitik. Gero jakin behar da ere Eskandinabiako herrietan populakuntza txikiagoa dela, errezagoa da ere politikoki gauzak martxan ezartzea gure makroestatuetan baino. Ez du erran nahi kopiatu daitezkeenik berdin berdin, baina modelo interesgarriak direla bai.

Zeintzuk dira bergizarteratzea laguntzen duten sistema horien ezaugarriak?
Kartzela unitate txikiak, kanpoari irekiak, aktibitate proposamen asko dituztenak, lana, ikasketak edo aisialdiak egiteko, irteera sistema erregularrak dituztenak, ateratzeko baimenekin, eta aski ongi funtzionatzen du. Gartzela zigor motzagoak eta gutxiago ere. Sistema penal osoa berriz pentsatzea eskatzen du.

Bergizartaratzea pentsa daiteke izan beharko litzatekeela xedea, baina ez da bakarra.
Ez lehena zigorra da, eta zigorraren barnean bada retribuzioa, pagatzea egin duzunarentzat, gizarteari egindako kaltea ordaintzea. Presondegi bateko zuzendariari galdetzen badiozu, lehentasuna segurtasuna da, bergizarteratzea gero heldu da, posible baldin bada. Beraiek begiratzen dute langileak ez dituztela kolpatzen, presoak beraien artean ez direla kolpatzen, eta ez dela inor eskapatzen gizartean arriskua sortzeko.