Anai Artea elkartearen historia ahaztu ez dezagun, liburua argitaratu du Txomin Hiriart-Urrutyk

Euskal Herriko historia zaintzeaz arduratzen da Anai Artea elkartea 1969. urtean sortu zenetik. Ipar Euskal Herrira ihesi joaten ziren gazteei laguntzen eman zituen lehen pausoak, elkartea bera ere historiaren parte bilakatuz. Horregatik garrantzitsua da bere ibilbidea ondorengoentzat gordetzea.

Txomin Hiriart-Urruty, Anai Artearen historia jasotzen duen liburuarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Txomin Hiriart-Urruty, Anai Artearen historia jasotzen duen liburuarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Anai Artea elkartearen historia liburu batea bildu du Txomin Hiriart-Urrutyk, elkarteak berak historia biltzen hartutako lana omenduz. Izan ere, elkartea Euskal Herriko historia garaikidea jasotzen aritu da azken urteotan, etorkizunerako baliagarria izango delakoan, baina elkartea bera ere bada historiaren parte, bere iragana dela-eta.

1969. urtean sortu zen Lapurdin, muga zeharkatzen zuten iheslariei laguntza eskaintzeko asmoz. 1970. hamarkadan bereziki nabarmendu zen bere lana, Francisco Francoren diktaturarengandik ihesi ateratzen ziren gazteen kopurua aintzat hartuta. Ordutik, 50 urtez aritu dira elkarteko kideak Ipar Euskal Herrian lanean.

Hori guztia azaltzen du Hiriart-Urrutyk ‘Anai Artea 1969-2021 Elkartearen historia’ liburuan (Elkar). «Errezibitzen zituzten gazte horiei eskaintzen zieten lehen gauza aterpea zen. Gero, administratiboki paperak lortzen laguntzen zieten, iheslari politiko bilakatzeko. Dohainik laguntzen zieten mediku sarea ere bazegoen, eta lana bilatzen laguntzen zieten Iparraldeko gizartean integratu zitezen», azaldu du idazleak aurkezpenean.

Liburua idazteko asko dokumentatu behar izan da idazlea. Dokumentuak aztertu eta sailkatu behar izan ditu, argazkiak ikusi, garaiko lekuak ikustera joan eta Anai Arteako kide zein iheslariekin bilerak egin ditu. Hitzaurrea Joseba Sarrionandiak idatzi du. «Eskaera egin zitzaion eta onartu egin zuen. Niretzako ohore handi bat izan zen. Zentzu guztia dauka iheslari batek sarrera idaztea», kontatu du.

Elkartearen une latzak

Sortu zen unetik Anai Artea euskal historiaren zaindari den arren, garai latzak ere bizi izan zituen. 80. hamarkadan kide garrantzitsuak ziren Piarres Lartzabal eta Telesforo Monzonek lana utzi zuten. Gainera, Estatu espainolean diktadura amaitu zenean, Gobernu frantsesak harremanak hasi zituen espainiar Gobernu berriarekin eta, horrela, Ipar Euskal Herrian iheslariek estatus politiko hori galdu eta atxilotzen hasi ziren. «Iheslariek oso egoera arriskutsua bizi zuten eta Anai Arteak ezin zien lagundu», azpimarratu du liburuaren egileak.

Hurrengo hamarkadan elkarteko kide batzuk atxilotu zituzten. Bestalde, garai hartan hasten da beste jardunetan eta euskal presoen hurbilketa du helburu. Hala ere, Hiriart-Urrutyk azaldu du Anai Arteak ez ziela bakarrik ETAko militanteei laguntzen. Izan ere, «70. hamarkadako iheslarien gehiengoa ez zen ETAkoa, diktaduraren errepresioaren ondorioz euren burua arriskuan ikusten zutenena baizik: kultura arloko jendea, sindikalistak, militante politiko anitzak… Guztira 2.100 iheslariri eskaini zioten laguntza». Horietako gehienak Hego Euskal Herrira itzuli dira, eta batzuek Ipar Euskal Herrian osatu dute familia.

Elkarteak une desberdinak bizi izan ditu eta guztietara egokitzen asmatu du. Orain ere, historiaren zaindari lanetan jarraitzen du eta Senperen euskal historiaren memoriala sortzen ari da, non 20 gertakari zehatzen berri emango duten kontakizun zein irudiekin.

Elkartearen xedea da historia garaikide horren transmisioa bermatzea, gazteagoek lekukoa har dezaten eta elkarteak oraindik bizitza luzea izan dezan.