NAIZ

Bera Berak eta La Unicak jokatuko dute Euro Challenge txapelketaren lehendabiziko finala

Emakumezkoen Euro Challenge txapelketak bere lehen irabazlea izango du igande honetan. Donostiarrak eta iruindarrak aurrez aurre izango dituen finala Arrasaten jokatuko da 12.30etatik aurrera. 11.00etan hirugarren postuagatik lehiatuko dira Peyrehorade-Tartas-Chalose eta Biarritz-Hasparren taldeak.

Bera Berako (urdinez) eta La Unicako (zuri-gorriz) jokalariak elkarrekin. (EUSKADIRUGBY.EUS)
Bera Berako (urdinez) eta La Unicako (zuri-gorriz) jokalariak elkarrekin. (EUSKADIRUGBY.EUS)

Errugbiko Euro Challenge txapelketaren lehen edizioa bere amaierara iristear dago. Igande honetan jokatuko da finala Arrasateko Mojategi zelaian eta bertan egongo dira aurrez aurre Bera Bera eta La Unica taldeak. 12.30etan hasiko da final handia eta aurretik, 11.00etatik aurrera, Peyrehorade-Tartas-Chalose eta Biarritz-Hasparren taldeen artean erabakiko da hirugarren postua. Ohi bezala, hirugarren zatia ere egongo da: talde guztiek elkarrekin bazkalduko dute Arrasateko jatetxe batean. 

Final parekatua aurreikusten da, bi taldeak nahiko parekatu aritu baitira txapelketa osoan. Biek ala biek irabazi dituzte bi partidak. Bera Berak, esaterako, 15-40 markagailuarekin gainditu zuen Peyrehorade-Tartas-Chalose eta La Unicak, 37-5. Donostiarrek 12-20ko emaitzarekin hartu zuten mendean Biarritz-Hasparren eta iruindarrek, 17-32. 

Antolakuntza pozik agertu da lehendabiziko edizio honen emaitzekin. Beraien ustetan Euskadiko Errugbi Federazioak eta Euroeskualdeak antolatutako emakumezko Euro Challengeak Euskal Herriko errugbia, bere osotasunean, batzeko balio izan du, «Iparraldeko eta Hegoaldekoa», alegia. 

Nabarmendu dute, gainera, azken norgehiagoka hauek euskalkirolatb.eus telebista kate berriak emango dituela. Ondo baloratu dute ekimen hau, zeinean Euskal Herrian egiten diren kirolen emankizunean zentratuko den. 

Era berean, aurreratu dute Euskadiko Errugbi Federazioaren asmoa Euro Challenge txapelketari jarraipena ematea dela, zeinak Nouvelle Aquitaine, Lakuako eta Nafarroako Gobernuen laguntza izan duen. Gizonezkoetan lehen edizioa 2019an egin zen eta «oso arrakastatsua» izan zela gaineratu dute. Orduan, Biarritz Olympiquek Aviron Baionari irabazi zion Altamiran. 

Joxemi Galdos Euskadiko Errugbi Federazioko zuzendari teknikoarentzat, ekitaldiaren antolatzailearentzat, «orain arte bilatzen zen kirol berdintasuna lortu da, topaketak ez desorekatzeko. Arrasateko bi partidak nahiko berdinduta daude, faborito argirik gabe. Orain arte oso pozik gaude gauzak nola joan diren ikusita, bai kirol arloan, bai antolakuntza arloan ere».