Ramon Sola

«Antton azkena izan dadila», aldarria Troitiñoren auzoan

Elkarretaratzea Intxaurrondon, Antton Troitiño gogoan eta honelakorik berriz gerta ez dadin eskatzeko. (Jon URBE | FOKU)
Elkarretaratzea Intxaurrondon, Antton Troitiño gogoan eta honelakorik berriz gerta ez dadin eskatzeko. (Jon URBE | FOKU)

Elkarretaratzea egin dute gaur igandean eguerdian 300 lagun inguruk Intxaurrondon, Antton Troitiñoren auzoan, bere heriotza «azkena izan dadila» aldarrikatzeko. Horretarako, gaixorik diren presoak etxera ekartzeko beharra nabarmendu dute, dozenaka kartelen bitartez.

Izan ere, Antton Troitiñok Estatu espainolean ezarri zioten bigarren kartzelaldia hartu zuen gaixotasun larri sendaezina, heriotzera eraman duena. Eta jakina da gero kaleratzea hilabete batzuk atzeratu zutela espainiar erakunde ezberdinek. Gora-behera ugari izan zen urte hasierako aste batzuetan zehar, besteak beste kaleratzeko prozedura egokienaren ingurukoak. Testinguru horretan Troitiñok kimioterapia tratamendua utzi behar izan zuen, egoera salatzeko. Otsailean kaleratu zuten azkenean eta pasa den ostiralean hil zen.

Elkarretatzea Sarek deitu du, Intxaurrondoko Sagastieder plazan. Auzokideak, lagunak eta senide batzuk ere hartu dute parte.

Heriotza honetaz haratago, gaixorik diren euskal presoen aldeko mezua nabarmen geratu da ekitaldian, nahiz adierazpenik ez den egin. Izan ere, Etxerateko eta Sareko ordezkariek astelehenean baloratuko dute heriotza hau, Donostian deitutako prentsaurreko batean, eta bertan senideen ordezkaritza bat egongo dela aipatu dute.

Honezaz gain, manifestazioa deitu dute astelehen honetarako ere Donostian, Bulebarretik 19.00etan abiaturik.

Hil-kaperara hurbildu dira elkarretaratze honetako partehartzaile batzuk protesta amaitu ostean, Troitiñori azken agurra emateko. Sortuko idazkari nagusi den Arkaitz Rodriguez egon zen bertan larunbatean, espetxe politikak oraindik ere heriotzak eragiten dituela salatu eta «gatazkaren biktima guztiak aitortu eta erreparatzeko garaia dela» ohartarazteko.