Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Baleren Bakaikoa
Ekonomia Aplikatuan (EHU) Irakasle Katedradun jubilatua

«Unibertsitateko harremanak gizarteko aginte postuak lortzeko erabiltzen dira»

Euskal enpresa elitearen eraketa eta berorren formakuntza akademikoa aztertu du Baleren Bakaikoak Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioen eskutik publikatu den ‘Hego Euskal Herriko eliteak’ liburuan.

Baleren Bakaikoa. (Gorka RUBIO/FOKU)
Baleren Bakaikoa. (Gorka RUBIO/FOKU)

Baleren Bakaikuaren ustez, agerikoa da politikako erabaki potoloenak elite batek hartu edo baldintzatzen dituela eta erabaki horien norakoak ezkutuan geratzen direla. Ekonomia aplikatuan katedradunak hortik hurbilketa bat egingo du unibertsitateek jokatzen duten papera argitze aldera euskal elitearen eraketan.

Noizbehinka bozka ematera deituak izaten gara agintari politikoak aukeratze aldera. Alabaina, agintari politiko horiek boto-emaileen nahiak betetzen dituzte ala beste indar batzuk daude azpiko hariak mugitzen? Nortzuk dira elite horiek?
Garbi ikusten da hautatu eta berehala jartzen direla agintari horiek beste batzuen interesak defendatzen. Hauteskunde hauetan zenbait eskaintza eta prosoposamen egiten dituzte eta egikaritzea oso urrun ikusten dugu. Hori hauteskunde guztietan gertatzen da, begira AEBtan Bidenek zer promesak egin zituen; azkenean Trumpen gauza antzekoak egin ditu. Zer gertatzen da? Interesen arabera antolatutako taldeak edo lobbyak markatzen dizkiotela bideak hautatu berriari. Gure artean ere gertatzen da. Nork esango du Osakidetza eta Unibertsitatea pribatizazio bidetik joan nahi duela? Bitartean, agintariek Osakidetzaren zerbitzuak edo Departamentuen eginkizunak pribatizatzen dijoazte. Azalean geratuko da publiko kutsua duen zerbait, baina azpian negozioak daude.

Alde batetik, Hego Euskal Herriko enpresa pribatu esanguratsuenen zerrenda erabili duzue. Nola erlazionatzen dira enpresa hauetako eliteak hezkuntzarekin?
Nortzuk joaten dira Europako forora? Iberdrola eta Repsoleko agintariak, eta baita agintari politikoak eta elite akademikoak ere. Hor negozioak egiten dira, bideak irekitzen dira eta eskaintzak egiten dizkiete politikariei: Aizu, lege hau ez atera, eta atera behar baduzu, bide honetatik joan. Hori ikusten da konpentsazioetan, hor daude gero administrazio kontseiluetan hainbat politikari jubilatu. Adibide argiena Josu Jon Imaz da. Sistema oso eskertua da berari zerbitzuak ematen dion jendearekin. Bankuek ere, BBVA, Santander... politikariek horko administrazio kontseiluetan amaitzen dute. Ez bakarrik administrazio kontseiluetan, hainbat soziedade anonimo dauzkate bankuek eta horietan kokatzen dira.

Arazoak izan dituzue enpresa publiko «puruak» aurkitzeko, denak Zuzenbide pribatuko ente publikoak edo fundazioak dira.
Kasu adierazgarria: Sociedad Informática del Gobierno Vasco (EJIE). Zuzendari nagusiak (CEO) Deustun (DU) egin zituen bere ikasketak, baita Lehendakariak eta Lehendakariordeak ere. Gainontzeko 9 kontseilarien artean 7k DUn ikasi zuten, batek EHUn eta azkenekoak Madrileko Universidad Complutensen. Orduan, kapital osoa publikoa da, baina azkenean kapitalaren jabeak aukera du administrazio kontseiluan nahi dituenak kokatzeko. Jabetza publikoa da, baina funtzionatzeko era pribatuarena bezalakoa da: langileek ez dute sektore publikoko soldata, baizik eta merkatu pribatuko soldatak kobratuko dituzte.

Horrez gain, ez enpresa handietan eratuta dagoen talde menperatzailea aipatzen duzu. «Teknoestruktura» hitza aipatzen duzu.
Teknoestruktura ‘El Nuevo Estado Industrial’ liburuan erabiltzen den kontzeptua da. Enpresako agitean dagoen taldea da, gerenteaz aparte, CEOa, finantza arduraduna, merkataritzaz arduratzen dena. Hau da, agintean dagoen zuzendaritza taldea. Horiek errepikatzen dira behin eta berrio: gaur kargu bat daukat, bihar beste bat... Enpresa batetik ateratzen bazara, beste bat zain izango duzu, edo, kudeaketak eginda, beste enpresa batean aginte postu bat eskuratuko dizute. Merkatuaz hitz egingo dute horiek, baina merkatuko legeak ez zaizkiei beraiei aplikatuko, ahal den neurri estuenean langileei aplikatuko zaizkie.

Eta zer paper jokatzen dute unibetsitateek Euskal Herriko elitearen eraketan?
Hortik ateratzen dira asko eta asko. Horrez gain, unibertsitate horietatik ateratako jendea normalean master bat egitera joaten da New York edo Chicagora, edo Amsterdamera, edo London School of Economics unibertsitatera. Gero integratuko dira teknoestruktura horretan. Unibertsitate pribatuek lan ona egiten dute. Normalean, gurasoak ere elitekoak dira, goi mailako burgesiakoak, eta harremanak sortzen dituzte. Unibertsitateak, azken finean, balio du ikasleen artean ezagutza zabaltzeko, baina batik bat harremanak sortzeko. Horretan, unibertsitate pribatuak askoz ere jaioagoak dira publikoak baino.

Bertan sortzen al dira «alumni» delakoak?
Ikasleen elkarteak dira, eta «alumni» da erabiltzen duten hitza. Horiek sortzen dute corpus bat non beraien arteko harremanak indartuko diren, eta edozein momentutan, lan postu bat bilatzen ari direnean, laguntza jasoko dute. Harreman horiek erabiliko dituzte gizarteko aginte postuak lortzeko.

Hori unibertsitate publikoetan ere gertatzen da?
AEBtan lantzen dute hori, ezagunena Harvard da, eta bertan ikasleen elkarte asko daude. Hortik lau edo bost presidente atera dira, horien artean Bush semea. Ez dakit argitasun asko duen bere buruan, baina harremanak, izugarriak. Harremanak indartzeko erakundeak sortzea da garrantzitsua, unibertsitatetik ateratzen zarenean leku batean ez bada bestean aurkituko dizutelako postu bat. Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoetan harreman horiek ere ematen dira, goi kargudun askok EHUn ikasi dute, adibidez, baina proportzioetan askoz ere gutxiago unibertsitate pribatuetan ikasitakoak baino. Hala ere, EHUn Euskal Herriko burgesiaren semea-alabek ikasi dute ere. Dena den, hori prozesu gaztea da. Deusturen inguruan ezin dezakegu hori esan, duela ehun urte sortu zen. Zenbat agintari, zenbat ministro atera dira hortik? Eta Comillasetik? Horrek ere uzta ona eman du, eliteko jende asko, goi mailakoak, hortik igarotakoak dira.

Antzeko zerbait esan genezake Nafarroako Unibertsitateari buruz. Zer esan nahi du horrek?
Eliteak unibertsitateik pasatzen direla, eta elite horiek jatorriz, normalean, goi mailako burgesien seme-alabak direla, bereziki semeak, emakume gutxik okupatzen baitituzte horrelako lan postuak. Horiek zer egiten dute? Euri lanbroa bezala ideia nagusiak hedatuz joatea gizartean eta gizarteko sektore guztietan. Pentsamendu neoliberala ereiten da unibetsitateetan eta hortik ateratzen den eliteak, gizartearatzen denean, hori ereiten jarraitzen du. 

Meritokrazia auzitan geratzen da.
Harremanak baldin badituzu, eta horiek lantzera dedikatzen bazara, lortuko duzu promozionatzea. Meritokraziarena saldu digute, baina meritokrazioaren teoria ez da betetzen, beste indar batzuk daude eta meritokraziak baino gehiago, jatorriak garrantzi handiagoa dauka. Unibertsitatean esaten zen jaiotzak ez zuela axola, orain ikusten da familia aberatsakoa bazara, aurrera egiteko aukera gehiago dituzula gizarte honetan familia xume batean jaiotzen direnek baino.

Euskal eliteak inoiz interesik izan du euskararen inguruan?
Nik uste paso egiten dutela. Salbuespen bat dago, Juan Zelaia adibidez.