Aurreneko zazpi egunetara begira egiten dira covid-19ari buruzko estatistikak Ipar Euskal Herrian. Akitania Berriko Osasun Agentziak (ARS) abenduaren 6 eta 12 artean egin zuen kasuen azkeneko zenbaketak oraindik ere oso kutsatze maila handia dagoela agerian utzi dute.
Izan ere, badira pare bat aste 100.000 biztanleko 600 kasuen langatik gora egon zen lurraldea 500 kasuen langatik behera igarotzeko hurbilago dago gaur egun. Hobekunza nabarmena da.
Zehazki, aste horretan 100.000 biztanleko 562,4 kasu zenbatu zituen ARS delakoak. Hala eta guztiz ere, geroztik zabaldu diren datu guztiek etengabeko beharanzko joera baieztatu dute.
Igandean 100.000 biztanleko 509,4 kasu zenbatu ziren Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departaamenduan.
Beherazko joera horrek aldaketa sakonago ekarriko duen zain, zuhurtziarako deiak ez dira soberan, erietxean presioa handia baita.
Baionako erietxeak abenduaren 8az geroztik ‘Plan Zuria’ ezarria du, eta larrialdietako oheen erdia covid-19ak jota diren gaixoek okupatzen dute.
Gauzak horrela, 13 bat eri eraman behar izan dituzte Euskal Herritik kanpo kokatzen diren osasun zentroetara, preseski Akize, Mont-de-Marsan, Paue eta Bordeleko ospitaleetara.
Pandemiaren mapa herriz herri
Geodes plataformak aldioro eguneratzen dituen mapei begiratuta erraz ulertu daiteke iluna dela oso oraindik ere urdin kolorearekin irudikatzen den pandemiaren orbana.
Hamar bat herrik 100.000 biztanleko mila kasu baino gehiago zeukaten abenduaren 6 eta 12 artean.
Goreneko maila horren goiti ziren Luhuso, Ainhize-Monjolose, Arrueta Sarrikota, Amorotze-Zokotze, Eiheralarre, Altzuruku, Martxueta, Labetze, Amenduze-Unaso eta Mendikota.
500 kasuen langatik gora kokatu ziren, berriz, biztanlego kupururik handiena duten hiri eta herriak. Kostako herri gehienak urdin ilunean agertzen ziren aste horretan.
Are Hego Lapurdiko mankomunitatea osatzen duten 14 herrietatik hiru baizik ez ziren urdin argiago batekin azaltzen. Hain zuzen Ziburu, Sara eta Hendaia izan ziren 250 eta 500 kasuen arteko mailari eutsi zioten populazio handia duen eskualde horren herri bakarrak.
Urdin ilunez tindatu ziren hogei bat herri, hala nola Biriatu, Urruña, BABko hiru hiriak (Biarritz, Angelu, Baiona), Uztaritze, Kanbo, Donapaleu, Arragoitze, Itsasu edo Arbona.
Lehen aipaturiko Hego Lapurdiko hiru herriekin batera (Sara, Hendaia eta Ziburu), 250 eta 500 kasuen arteko mailan Ortzaize, Irisarri, oro har Hazparnealdea, Lartzabale edo Urdiñarbe herriak atzeman ditzakegu.
Eskilara jeitsita, 150 eta 250 kasuen arteko mailan daude: Bidarrai, Baigorri, Makea, Mendionde, Iholdi, eta Nafarroa Behereko ekialde zein Zuberoako herri gehienak. Batzu soilik aipatzearren: Domezaine, Etxarri, Pagola, Izura-Azme, Hozta eta Donaixti-Ibarre.
Covid-19ak Ipar Euskal Herrian gaur gaurkoz duen eragin tasa altua hobeto ulertzeko adierazi daiteke Lapurdiko herri bi baizik ez zirela abendu hasieran langa horretan: Hego Lapurdiko Ainhoa herria eta Baigura-Mondarrain kantonamenduko Jatsu herria, hurrenez hurren.
Finean, pandemiaren egoera askoz hobea da 20-100 arteko mailan kokatzen ziren Bankan, Anauzen, Ezterenzubin, Beorlegin, Muskuldin, Arnegin, Lekuinen, Gotaine eta Idauze-Mendin.
10 eta 20 arteko kasuen langan herri sorta txikia dago. Zorionez, pandemiak abantzu eraginik ez zuen abenduaren 6 eta 12 arteko neurketaren arabera Nafarroa Behereko eta Zuberoako ondoko herrietan: Aldude, Urepele, Zalgize, Larraine, Lakarri, Iruri, Altzai, Ahuze eta Montori.