Gabonen atarian nahasmena zabaldu da osasun etxe zein ikastetxeetan. Bietan dauden gabeziak agerian utzi ditu seigarren olatu honek. Ez soilik erabiltzaileen ikuspuntutik, jakina. Bi sektore horietan lan egiten dutenen zenbait lekukotasun jaso ditu NAIZek, kaosa salatzen dutenak. Bi ekarri ditugu artikulu honetara, adierazgarri direlakoan, ehunka kasu ezberdin izan daitezkeela aurretik jarrita.
Bizkaiko hiri txiki bateko pediatra bajan egon da zenbait egunez, positibo eman ondoren. Inolako sintomarik gabe joan da etxealdia, bigarren proba baten zain. Baina egunak pasa ahala, bere hutsunea somatu duten zenbait gurasoren deia jaso du, ordezkapenik ez baita izan osasun etxe horretan. Azkenean, jada covid-a gainditu duenaren baieztapenik izan gabe lanera itzultzea erabaki du, normalean artatzen dituen umeek pediatraren beharra dutela eta.
Sendagile honek ama bati aipatu dionez, bere kasua ez da bakarra. Behintzat Gasteizen beste kasu bat ezagutzen du. Anonimotasun osoa gorde nahi izan du, jakina. Premiazko egoera batek bultzatuta hartu duela erabaki hori nabarmendu du.
Koronabirusaren krisialdi luze honetan fokua ZIUetako egoeraren gainean jarrita egon bada ere, seigarren olatu honek Lehen Arretan sortu ditu zailtasun handienak. Aurreko astean Gasteizen eginiko elkarretaratze batean salatu zenez, egunero 17 lagun ari dira hartzen kontsultetan presentzialki eta beste 45 laguni telefonoz arreta ematen. Testinguru horretan heldu da pediatra hauen erabakia, eztabaidagarria dudarik gabe.
Beste datu larri bat: bosgarren olatuaren ondoren, txertatzeko gune handiak ixtearekin batera, 4.000 kontratu berezi bertan behera utzi zituen Osakidetzak, eta seigarren olatuaren eztandarekin batera 1.000 baino gutxiago berrabiatu dira, Gotzone Sagardui sailburuak jakitera eman duenez. Nafarroan ere antzeko arazoak ageri dira: LABek salatu duenez, hutsune nabariak daude han-hemenka osasun etxeetan: «Elizondo, Goizueta, Azkoien, Altsasu…»
Bigarren adibidea hitzez hitz jasoko dugu aurrerantzean, idatzita heldu baita. Nafarroan hezkuntza arloan lanean dabilen gasteiztar bati dagokio eta honela hasten da: «Abenduaren 10ean, etxean egindako antigeno test batean positibo eman nuen. Ezin pentsa nezakeen, haatik, ordutik aurrerako kezkarik handienak ez zizkidala gaixotasunak berak ekarriko».
«Aipatutako ostiral hartako 18:30ak aldera, nire Osasun Zentrora deitu eta nire positiboaren berri eman nuen, herritar zintzo orok egingo lukeen erara. Nirekin hitz egin zuen pertsonak, bien bitartean, abenduaren 13an (astelehenean) nire medikuak deituko zidala jakinarazi zidan. Telefono bidezko elkarrizketa horretan, nik eskola batean lan egiten dudala eta ordezkoak bidaltzeko baja beharrezko nuela argitu nien. Premia hori helarazita, baja medikuak berak baino ezin ziezadakeela eman argitu zidan. Asteburua etxealdian eman eta gero, astelehena iritsi zen eta, ustez, kontuak argitzera egin behar zuen. Astelehen goiz osoa pasa zen eta ez nuen deirik jaso», jarraitzen du. Arratsalde osoan zehar telefonoz saiatu zen eskatzen baina sistema gainezkoa zegoen. Azkenean «nire medikua ez zen norbaitek deitu zidan: ‘Beno, ba bajarena, zure kasua... nik ezin dut ezer egin». Gero beste baten deia jaso zuen, aurpegiratuz «‘baina nola ez duzu bada PAC-era deitu?’ PAC-era deitu? Niri ostiralean inork ez zidan esan PAC-era deitu behar nuenik».
Asteartean «eskolako zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan nuen goizean. Oraindik bajarik ez nuela jakinarazi nion. Arduratuta, Nafarroako Departamentutik deia jasoa zuela komentatu zidan: zer eta lanera joan behar nintzela esan zioten. Hau da hau marka, bajarik gabe, eskolan ordezkorik gabe eta ni, koronabirusarekin, eskolara lanean bidali nahi nindutela».
«Azkenean medikuak deitu zidanean, egoera jakinarazi nion (...) Sintomak noiztik nituen galdetu zidan: ‘Abenduak 7tik’? Horren luzarotik itxoiten egoteaz harritu zen. Baja justifikatzen zuen dokumentu bat eskatu nionean (korreoz, Osasun Karpetara igota edo edonola), baja egoeran jarri bai baina ez zidan baja dokumenturik eman/bidali. Haren justifikazioa bajak eurek beraiek sistema batean erregistratzen dituztela izan zen. Nik, behin eta berriz, Nafarroako Hezkuntza Departamentura baja dokumentua igo beharra nuela adierazi nion». Gauzak honela,«esan gabe doa horrek, beste hainbat ondorioren artean, espediente irekiera, soldata murrizketa edota bestelako ondorio negatiboak ekar ditzakeela».
Ostegunean azkenean lankide honen bikotekideak osasun zentroan baja agiria lortu ahal izan zuen: «Bien bitartean, egun bereko 19:44an aurreneko PCR-a egin zidaten; etxealdiko 7. egunean eta sintomak hasi eta handik 9 egunera».
Ostiralean, «eskolan lau egun ordezkorik gabe eman eta gero, ordezko berria iritsi zen ikastetxera. Bide batez, egun horretan bertan (antigeno testean positibo eman eta 7 egunera) igo ahal izan nuen nire baja dokumentua eta nire egoera ‘legeztatu’. Goiz horretan ere, PCR frogan koronabirusean positibo emana nuela jakin izan nuen».
Ondorio hauxe atera du Hezkuntzako lankide honek: «Egoera honetatik penagarriena, izatez krudela den etxealdia baino hamaika administrazio kontu eta ezintasunez zipriztindutako deiak pairatzea izan da; errudun eta arduradun sentiarazi arte. Ez dago eskubiderik ezein pertsona horrela tratatzeko. Zer gertatuko zatekeen eskolara joan izan banintz, nire eskolako zuzendariari jakinarazi zioten bezala? Norena zatekeen ardura? Hori al da baja eskubidea izatea? Hori al da eriaren kalitatezko artatzea?».