NAIZ

Binakako Emakume Master Cup Txapelketan parte hartzeko izen emate epea irekita dago

Lehiaketan parte hartu nahi duten emakume guztiek urtarrilaren 9ra arte izango dute izena emateko aukera www.emakumemastercup.eus webgunean. Lau maila desberdin daude: pilota goxoarekin hastapenekoa eta nagusiena, eta pilota mistoarekin promoziokoa eta elitekoa.

Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga Bilbon egin den aurkezpenean izan dira (EMC)
Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga Bilbon egin den aurkezpenean izan dira (EMC)

Emakume Master Cup zirkuitoak aurrera jarraitzen du eta, Lau eta Erdiko Txapelketa amaitu ostean, zabalik da 2022ko eskuz binakako Laboral Kutxa Masterrerako izen emate epea. Proiektu honen seigarren denboraldiari hasiera emango dion txapelketan parte hartu nahi duten emakume guztiek urtarrilaren 9ra arte izango dute izena emateko aukera www.emakumemastercup.eus webgunean.

Parte hartu nahi duten emakume guztiak eroso senti daitezen, maila desberdinetako lehiaketak antolatuko dira. Bi maila nagusi izango dira, pilota goxoa eta pilota mistoa, eta hauen barruan beste bi azpi-maila, hastapena eta nagusiak goxoaren kasuan eta promozioa eta elitea material mistoan jokatu nahi dutenentzat.

Beti bezala, txapelketak erabat irekiak izango dira eta pilota goxoaren kasuan parte hartzaileek binaka zein bakarka izena emateko aukera izango dute. Mistoan, aldiz, izen ematea bakarkakoa izango da eta antolatzaileek osatuko dituzte bikoak, beti ere, ahalik eta lehiaketarik orekatuenak lortzeko helburuarekin.

Egutegia parte hartzaileen kopuruak baldintzatuko du, baina antolakuntzaren nahia lehenik pilota goxoko lehiaketa jokatzea da eta gero ekitea mistokoari. Parte hartzea oso altua bada, gerta daiteke aurrenekoa amaitu aurretik bigarrenarekin hastea.

Azken urteetan 90-100 emakume inguruk eman dute izena guztira eta osasun pandemiak laguntzen ez badu ere, antolatzaileek kopuru horiei eustea espero dute, binakakoa izaten delako emakume gehien animatzen diren moldea.

Erabakita daudenak txapelketa mistoaren azken faseko egutegi eta pilotalekuak dira: finalerdiak Lezon jokatuko dira martxoaren 13an eta finala Inungo Uranzun izango da, martxoaren 27an. Hirugarren urtea izango da binakako finala Irunen jokatuko dena.