NAIZ

Denboraldia amaitzen denean, Ander Izquierdok ez du Anaitasunan jarraituko

Iruñeko klubera zazpi urterekin iritsi eta gero, 21 urterekin lagako du Anaitasuna zentral nafarrak, eta beronekin, baita Asobal Liga ere. «Anaitasuna beti izan da nire etxea, eta bertan hazi naiz, eta orain naizena bertan ikasi dut», onartu du jokalariak agurreko prentsaurrekoan.

Ander Izquierdo, hunkituta bere agurreko prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Ander Izquierdo, hunkituta bere agurreko prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Ander Izquierdok ez du Helvetia Anaitasunan jarraituko aurtengo denboraldia amaitzen denean. Harrobiko jokalaria Asobal Ligatik kanpora joango da bere kirol ibilbidea jarraitzera. Zentral nafarraren irteeraren berri eman dute astearte honetako prentsaurrekoan, jokalariak berak, eta horrez gain, Carlos Garcia kirol zuzendariak, Quique Domínguez lehen taldeko entrenatzaileak eta baita Mertxe Lopez Anaitasunako presidenteak ere.

Izquierdok 21 urte ditu, eta Anaitasunari agur esatea erabaki du, azken hilabeteetan luze hausnartu eta gero. «Zazpi urte nituela hasi nintzen eskubaloian, eta Anaitasunan nire bizitzako funtsezko parte izan den familia bat aurkitu dut. Asko kosta zait kluba uzteko erabakia hartzea, baina jokalari gisa aurrera egiten jarraitzeko garrantzitsua dela uste dut», adierazi du Izquierdok, hunkituta.

«Anaitasuna beti izan da nire etxea, eta bertan hazi naiz, eta orain naizena bertan ikasi dut. Pozik nago hasiko dudan bidearekin, baina, aldi berean, ezinezkoa zait klub honek eman didan guztiaz ez gogoratzea» onartu du.

Iruindar gaztea Asobaleko «jokalari errebelazio» gisa aitortu zuten iragan denboraldian. Azken lau denboraldietan, Estatu espainoleko eskubaloiaren mailarik gorenean, batez beste 3,7 gol sartu ditu partidako, eta 263 pilatu ditu orotara jokatu dituen 71 partidetan.

2020/21 denboraldian nabarmendu zen izan ere: 152 gol lortu eta taldeko golegilerik oparoena izan zen. Aurtengo denboraldian, berriz, 62 gol sartu ditu jokatu dituen 12 partidetan.

Bere kalitateari esker, Espainiako selekzioan lekua egitea lortu du, eta orain arte lau partida baino jokatu ez baidtu ere, etorkizun oparoa izango duela iragartzen diote eskubaloi adituek.

Lanerako jarrera

Carlos García kirol zuzendariak Izquierdok klubeko beheko mailetatik gorantz egin duen ibilbidea gogoratu du, bestalde. Oinarrizko kirol ibilbidetik igaro diren entrenatzaile guztiek oso argi zuten oso urrun iritsiko zela eskubaloian, eta ez bakarrik bere gaitasunagatik, baizik eta lanerako jarreragatik.

Garciaren arabera, Izquierdo «gozarazteko moduko jokalaria» da. «Asko gozatu dugu berarekin behetik gora jarraitu dugun guztiok. Jakina, triste gaude, agurra ahalik eta beranduen gerta zedin nahi genuelako, baina hegal eder eta handiak ditu eta hegan egiten utzi behar zaio. Ziur gaude ondo edo bikain joango zaizula», nabarmendu du kirol zuzendariak.

«Ziur gaude berak nahi duen tokiraino iritsiko dela», berretsi du.

Anaitasunako entrenatzaileak, Quique Dominguezek, «semea edo alaba etxetik joatearekin» alderatu du. «Tristetu eta poztu egiten nau erdibana, mutil handi bat eta jokalari zoragarri bat galtzen baititugu, eta oso zaila izango baita hura ordezkatzea; eta, bestalde, poztu egiten gara beragatik, eta onena opa diogu, zoriontsua izatea, hobetzen jarraitzea eta arlo guztietan hazten jarraitzea, bai kirol arloan, bai giza arloan», opatu dio.

Mertxe Lopez izan da hitza hartzen azkena. Anaitasunako presidenteak, hunkituta, eskerrak eman ditu Ander Izquierdok elastiko zuri berdea jantzi duen denboragatik.

«Klubean jokalari maitatua izan zara, zara eta izaten jarraituko duzu. Ziur nago oso ondo joango zaizula zure ibilbidean, hemen gaitasun handiak erakutsi dituzulako kirolari eta pertsona gisa», adierazi du.

«Hutsune handia utziko diguzu, Ander, baina guretzat beti izango da harro esateko zure balioko jokalari bat Anaitasunan hezi zela», amaitu du Mertxe Lopez presidenteak prentsaurrekoa.