Hushe haranetik Euskal Herrira bidaiatu duten artilezko txanoak
Aintzane Gardokik senarrari eta semeei Baltistan Fundazioaren bitartez Hushe haranera joatea proposatu zienean, ez zuen pentsatzen abentura horri esker 80 emakumek Ringchan kooperatiba sortuko zutenik, ezta jada Euskal Herrian salgai dauden 3.325 artilezko txanoen edizio mugatua egingo zutenik ere.
Hushe harana, Baltistanen –Pakistan iparraldean–, Euskal Herritik 8.000 kilometrora dago. Lurreko lurralderik menditsuenetako bat da, 6.000 eta 7.000 metro arteko garaiera duten mendi dentsitate handiena du, eta 8.000 metrotik gorako bost mendi. Ibarra Khapulurekin, eskualdeko hiriburuarekin, lotzen duen zubia 1994an amaitu zuten eta aldizka dabilen argindarra ez zen 2004ra arte iritsi. Aintzane Gardoki arrasatearrak senarrari eta bi semeei uda batean Baltistan Fundazioarekin batera hara joatea proposatu zien. Gobernuz kanpoko erakunde hori 2001ean sortu zen, Felix Iñurrategi-Baltistan Fundazioa izenarekin; hain zuzen, Karakorumeko 8.000 metroko mendietako batean, Gasherbrum II-n, hil zen Felix Iñurrategi mendizalearen omenez. Fundazioaren web orrialdean azaltzen denez, «lagun, senide eta mendizaleak izan ziren sortzaileak, hasieran batean helburu zehaztugabeekin, baina ideia argi batekin; hots, hango biztanleentzat beharrezko azpiegiturak eraikitzeaz gain, bertako gizon-emakumeei euren gaitasunak lantzeko aukerak eskaintzea, garapen ekonomiko jasangarri eta berdintzaile berezkoa sustatu eta kudeatzeko gai izan zitezen».
«Zergatik ez bertara joan?», galdegin zion Gardokik bere buruari halako batean. Ikastolako irakaslea da eta Baltistan Fundazioarekin harremana zuen aldez aurretik, Felix Iñurrategi laguna baitzuen gazte-gaztetatik. «Nire sorpresarako senarrak eta semeek Matxulora joatea begi onez ikusi zuten. Egun batean, Alberto Iñurrategirekin gelditu nintzen nire ideia partekatzeko. Fundazioko kidea den eta emakumeekin loturiko proiektuen ardura duen Txaro Otxandorenarekin harremanetan jarri ninduen. Berarekin hizketan egon ginen, hango berezitasunak eta beharrak hobeto ezagutzeko. Hurrengo urteko udan hara joatea erabakita, hurrengo galdera zen ea gutariko bakoitzak bertan zer egin zezakeen. Seme bat unibertsitatean ingeniaritza ikasten ari zen eta bestea hasi berri unibertsitatean. Ingeles eskolak emateaz gain, sare sozialak eta, oro har, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) landuko zituzten bertakoekin. Senarrari, kooperatiben mundua ezagutzen duenez eta irakaslea denez, kudeaketa kooperatibista eta kooperatiben funtzionamendua ezagutarazteko eskatu zioten. Fundazioaren oinarria bertako herritarren garapen sozio-ekonomikoa sustatzea denez, beraientzat baliagarria izan daitekeen ezagutza bat bilatu behar nuen. Eta halaxe hasi nintzen josten. Nire bizitzan sekula orratz bat hartu gabe, urtebetez josten ikasten aritu nintzen. Bidaiatu baino sei egun lehenago, Alberto Iñurrategik deitu zidan esateko Ternua prest zegoela neguko kalitatezko artilezko txanoak Euskal Herrian eta Europa osoan komertzializatzeko. Hiruzpalau modelo erakutsi zizkidan. Hiru puntu-mota egiten ikasi nuen tutorialekin gauetan, motxilan orratzak, kakorratzak, artileak… sartu eta Matxulora joan ginen», gogoratu du Gardokik GARArekin telefonoz egindako elkarrizketan.
Bost aste iraun zuen abentura horretatik Ringchan kooperatiba sortu da. Otxandorenak horrelaxe gogoratzen du sorrera: «Denbora generaman etxerako gauzak josten irakasten, baina emakumeek harago joateko eskatzen ziguten. Artisaua izango zen zerbait egin nahi zuten, gerora saldu ahal izateko. Aintzaneren familia gurekin harremanetan ipini zen Matxulora bidaiatu nahi zuelako boluntario gisa. Materiala eraman zezala eta emakume baltistandarrei artisau erako artilezko txanoak ehuntzen irakasteko eskatu genion. Horrelaxe sortu zen emakumez soilik osatutako lehen kooperatiba».
«Zereginak eta lanak ondo banatuta genituen. Goizero semeak haur-eskola batera joaten ziren ingelesezko eskolak ematera eta Internet eta sare sozialen erabilerari buruzko prestakuntza ematera. Hushe bailarak zortzi herri ditu eta eskolaz eskola ibiltzen ziren. Nire senarra, Felix, Baltistan Foundation-eko kideekin egoten zen emakumeen kooperatiba txikiak sor zitzaten animatzen, eta ni, emakumeekin. Hiru herritako 50 emakumerekin egon nintzen. Uda zen, emakumeentzat lan karga handiena duen sasoia. Emakumeak dira txikien eta nagusien zaintzaz, etxeko gauzez, nekazaritza-lan guztiez arduratzen direnak. Eta, hala ere, goizero etortzen ziren nirekin josten ikastera, 10.00etatik 13.00etara. Hori beraien momentua, beraien tartea zen», nabarmendu du Gardokik.
Nahiz eta haiek baltieraz soilik hitz egin eta berak euskaraz, hizkuntza ez zen komunikatzeko oztopo izan. «Baltiera hizkuntzan ‘egun on’, ‘zer moduz zaudete’, ‘nola duzu izena’, ‘oso ondo’ eta ‘oso polita’ esaten ikasi nuen eta horrekin aurrera egin nuen. Hain zen handia ikasteko zuten gogoa! Nik euskaraz esaten nien ‘bat, bi, hiru, gehiago, gehiago’… eta horrela ikasi zuten. Benetan izugarria zen han berrogei emakume sala batean ikustea, lurrean eserita euskaraz ‘gehiago, gehiago, kanpotik barrura’ errepikatzen, ehuntzen genuen bitartean. Harrigarria iruditzen zitzaien haiei ere kanpotar batek baltieraz hitzak ikastea».
«Segituan ikasi zuten, artista batzuk dira emakume hauek. Bi urte pasa dira ordutik. Izugarria da nola, oztopoak oztopo, koronabirusa tartean, emakume hauek kooperatiba hau aurrera atera duten. Erlijioz musulmanak dira eta gainditu beharrezko lehenengo oztopoa etxean bertan zuten, ez baitago ondo ikusia emakumeek etxetik kanpo lan egitea. Pandemia baten erdian 3.325 txano egin, paketatu eta Europara –Austriara, Suitzara, Alemaniara eta Euskal Herrira– bidaltzeko izan duten gaitasuna miresgarria da benetan. Emakume ekintzaileentzat mugarri bat izan da; emakumeek sortu eta martxan jarri duten lehenengo kooperatiba da. 80 emakumeri ematen die lana eta aukera berriak. Garrantzitsua da orain hori guztia ondo elikatzea. Ez da arlo ekonomikoa soilik, garapen pertsonalerako nahiz profesionalerako oso lagungarria izan zaien proiektua da. Haien autoestimua indartzeko eta haiek komunitatearen eta familiaren baitan ahalduntzeko balio izana espero dut», esan du Gardokik.
Ternuak negu honetako bildumako osagarrien artean Hushe haraneko emakumeek egindako bi txano modelo sartu ditu, Balti eta Balti Bor, artile naturalez eta eskuz eginak. 3.325 txanoko eskaera egin zuen eta jada saltokietan dago. Bakoitzak etiketa pertsonalizatu bat du, bertan txanoa fabrikatu duen pertsonaren izena eta berak fabrikatutako txanoaren zenbakia ageri da.
«‘Honen guztiaren atzean ez dago soilik guri burua berotuko digun txano bat’. Pakistanen egoteagatik uztail eta abuztuan zenbat herriko jai galduko zituen pentsatu zuen seme gazteenak esana. Laurok Hushera itzuliko garela esan dugu; beraz, zerbaiten seinale bada. Hango natura gardena, gordina eta ederra da eta bertako herritarrak paregabeak, deskribaezinak. Bi urte pasa dira eta atzo izan balitz bezala gogoratzen dut. Hitz batean deskribatu beharko banu esperientzia gozada bat izan zela esango nuke. Asko ikasi dugu», adierazi du.