NAIZ

Erremonteko Binakako Txapelketako bi bikote finalistak aterako dira Galarretako jaialditik

Ostiral honetan jokatuko dira txapelketako bi finalerdiak Hernaniko pilotalekuan. Ansa II-Martirena eta Juanenea-Aizpuru III bikoteen arteko lehia egongo da lehendabizikoan; Goikoetxea V-Barrenetxea IV eta Urriza-Labaka egongo dira aurrez aurre bigarren finalerdian. Finala hilaren 29an jokatuko da. 

Lau bikote hauetatik bik lortuko dute finalerako txartela Galarretan. (ORIAMENDI)
Lau bikote hauetatik bik lortuko dute finalerako txartela Galarretan. (ORIAMENDI)

Erremonteko Binakako Txapelketa bere bukaerara iristen ari da. Finala hilaren 29an jokatuko da Galarretan eta final horretan egongo diren bi bikoteek, ostiral honetan irabazi beharko dituzte txartel bana. Hernaniko pilotalekuan jokatuko dira bi finalerdiak 15.15etatik aurrera. 

Lehen finalerdia Ansa II-Martirena eta Juanenea-Aizpuru III bikoteek jokatuko dute. Urnietarrak eta Lekunberrikoak osatzen duten bikotea faboritoa da finalera sailkatzeko. Ligan lehen postuan bukatu zuten eta gainera, baliteke Juanenea erritmoz estu ibiltzea, egun batzuk etxean bakartuta egon ostean. 

Ligan lehen jardunaldian neurtu zituzten indarrak eta orduan, Ansa II.ak eta Martirenak eraman zuten dema (40-33). Urnietarraren ustetan, nahiz eta txapelketa hasi aurretik ez izan bikote indartsuena, «ondo ulertu» dira beraien artean «eta gauzak oso ondo egin ditugu orain arte». 

Aizpuru III.ak, EITBri emandako adierazpenetan, onartu du «hasieran kosta» egin zitzaiela baina orain «konfiantza pixka batekin iristen direla». «Txarrena, Juanarena bakartuta egon dela etxean eta horrek, gorputza makaldu egiten dizu. Baina tira, ea gerra emateko moduan egoten garen», adierazi du. 

Bigarren finalaurrekoan, kontuak estuago egongo direla aurreikusten da, ez baitago faborito argirik –ez behintzat partida hasi aurretiko analisietan–. Goikoetxea V.ena eta Barrenetxea IV.ena egungo txapeldun Urriza-Labaka bikotearen aurka arituko dira. Azken hauek amaiera aldean erritmoa hartu eta hasi baino hobeto bukatzen ari dira txapelketa, horren erakusle duela pare bat aste Goikoetxea V.ena eta Barrenetxea IV.enaren aurka jokaturiko ligako partida (34-40).

Urrizak onartu du «hasieran hotz» aritu zirela baina azken bi garaipenak hauspoa izan direla finalerdi honi begira. Goikoetxea V.ena bide beretik mintzatu da. Adierazi du «Urriza joko oso optimoa» ari dela egiten eta «pilota Urrizari kendu eta atzelaria kargatzea» izango duela estrategia aurreratu du. 

Jaialdia osatzeko,Zaldia II-Larrañaga eta Loitegi-Zubiri bikoteen arteko norgehiagoka ere hartuko du Galarretak.