NAIZ

Clare Pleuler erdilariak ez du Realean jarraituko

Erdilari estatubatuarra eta klub txuri-urdina adostasun batera iritsi dira hitzarmena bukatutzat emateko. Pleulerren kontratua 2022ko ekainera bitartekoa zen baina espero baino lehenago bukatu da bere ibilbidea Donostian. 

Clare Pleuler Vila-realen aurkako partidan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Clare Pleuler Vila-realen aurkako partidan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Clare Pleulerrek Realean jarraituko ez duela iragarri du klub txuri-urdinak. Aldebiko adostasuna izan dela adierazi du Realak. Erdilari estatubatuarra 2021eko udaran iritsi zen Donostiara eta 2022ko ekainera arte sinatu zuen hitzarmena. Espero baino lehenago bukatu da bere ibilbidea Donostian. 

Arrazoi gehiago eman gabe, Realak esker ona adierazi nahi izan dio Massachusetts-eko jokalariari, uneoro eskainitako «profesionaltasun eta konpromisoagatik» eta bere etorkizunean «onena opa» dio. 

Berriki 28 urte bete duen erdilari estatubatuarrak Natalia Arroyoren hasierako hamaikakoan lekua egin zuen denboraldi hasieran baina Gaby Garcia venezolarraren une gozoak aulkira eraman zion. Guztira hiru partida jokatu ditu hasieratik (Madril CFF, Vila-real eta Sevilla) eta denetara, hamaika partidatan parte hartu du, elastiko txuri-urdinarekin 388 minutu jokatuz. Golik ez baina gol pase bat eman du, Vila-realen aurkako partida borobilean (4-0). 

UD Granadilla taldetik iritsi zen Donostiara –Allegra Poljak aurrelariarekin batera–, Kanarietako taldean bi denboraldi eman zituen. Aurretik, Suedia, Txekiar Errepublika, Israel eta Serbiako txapelketetan jokatu zuen. 

Orain, bere profileko hiru erdilari geratzen dira taldean: aipatu Gaby Garcia, Iris Arnaiz eta Gemma Gili, hiruak funtsezkoak hasierako hamaikakoan.