Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak 20-22 menderatu dituzte Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa Labriten jokatu den partidan. Irabazleek ligaxkako hirugarren puntua eskuratu dute garaipen horri esker, eta galtzaileak puntu bakarrarekin geratuko dira sailkapenaren zuloan.
Markagailuan emozioa izan duen neurketa izan da, nahiz eta bigarren zatian urdinak beti aurretik joan. Ezkurdia eta Tolosa 9-6 aurreratu diren arren, Jakak eta Mariezkurrenak 2-9ko partzial bati esker irauli dute emaitza, 11-15 aurreratzeko. Aspekoak 16-18 ere hurbildu diren arren, azkenean garaipenak ez die ihes egin Baikoko ordezkariei.
«Txapelketako partida peto-petoa izan da eta esango nuke lau pilotariok lan ona egin dugula. Again ez da distira handiko jokoa izan, baina bai oso gogorra guztiontzat. Azkenean detaile txikiek erabaki dute eta gu iritsi gara 22ra», azaldu du Erik Jakak Euskadi Irratian.
Lizartzako aurrelariak berak itxi du neurketa gantxo eder batekin, eta lortutako hirugarren puntua oso garrantzitsua dela onartu du. «Aurkari zuzenak ziren Ezkurdia eta Tolosa. Beraiek puntu batekin zeuden, gu birekin, eta galduz gero sailkapenean harapatu egiten ziguten. Hirugarren puntua lortzea lasaitasun bat da guretzat baina badakigu hau luzea dela eta lanean jarraitu beharko dugula», gaineratu du aurrelari gipuzkoarrak.
Eta lanean jarraitze horretan, ez dute batere lan erraza izango hurrengo jardunaldian, Elezkano eta Zabaletaren kontra jokatzen baitute, liderrak eta egungo txapeldunak.