NAIZ

Ia 5.000 hegaldi bertan behera geratu dira munduan, Omicronaren eraginez

Covid-19aren Omicron aldaerak airelinea handietako langileak kolpatu ditu eta mundu osoan ia 5.000 hegaldi bertan behera uztea eragin du azken egunetan, milioika pertsona euren familiekin biltzeko bidaiatzen ari direnean.

Hainbat hegaldi bertan behera utzi ditu Delta airelinea estatubatuarrak. (Yuki IWAMURA / AFP)
Hainbat hegaldi bertan behera utzi ditu Delta airelinea estatubatuarrak. (Yuki IWAMURA / AFP)

Gutxienez 4.900 hegaldi bertan behera geratu dira azken bi egunetan eta 15.837k azken orduko atzerapenak izan dituzte, Flight Aware enpresa estatubatuarraren arabera.

Atzo eta gaur bertan behera geratu ziren hegaldien laurden bat baino gehiago Estatu Batuak zuen helmuga edo abiapuntu; izan ere, covid-19 kasuak %50 hazi dira azken astean, omikron aldaeraren aurrerapen ikaragarriaren ondoren.

United airelinea estatubatuarreko bozeramaile batek, Maddie Kingek, esan duenez, AEBn izandako omikron bidezko kutsatzeen gorakadak «eragin zuzena» izaten ari du hegaldietako tripulazioengan eta konpainiako gainerako langileengan. Delta airelinean antzekoa gertatzen ari da.

Hala ere, American eta Southwest bezalako beste airelinea estatubatuar batzuek ziurtatu dute euren operazioak normaltasunez egiten ari direla eta ia ez dutela hegaldirik bertan behera utzi. Hauek urrian izan zituzten antzeko arazoak.

Bestalde, Lufthansa alemaniarrak jakinarazi zuen atzo, ostirala, hainbat hegaldi bertan behera geratuko zirela Gabonetako oporretan, pilotuen gaixotasun-bajen «gorakada masibo» baten ondorioz.

Nazioarteko beste airelinea batzuek ere, hala nola China Eastern eta Air China, baita Indonesiako Lion Air kostu baxuko airelineak eta Air Indiak ere, milaka bidaiari utzi zituzten hegaldirik gabe Gabon gauean eta Eguberrian, Flight Aware-ren arabera.