Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Elkarrizketa
Zigor Olabarria Oleaga
«Txori urdinak» liburuaren egilea

«Ni ere, kalean, gogortu egiten naiz bizirauteko»

Preso baten bizipenak bildu ditu eta horien bidez espetxearen erretratu bat egin du, gizartearen erretratuaren isla baino ez dena. «Desberdintasun bakarra egoera da. Logika eta oinarria berdinak dira».

Zigor Olabarria. (Raul BOGAJO I FOKU)
Zigor Olabarria. (Raul BOGAJO I FOKU)

Txori urdinak. Espetxearen erretratu bat Santi Cobos presoaren ahotik” testigantza gordina eta hainbat kontu ezerosoz hausnarrarazten duen liburua da. Zigor Oleagak idatzi eta “Argia” aldizkariaren eskutik argitaratu berri du.

«Quincallero-en familia batetik nator. [...] Nomadak ziren, astoek edo zaldiek bultzatzen zituzten gurdietan mugitzen ziren. Baztertu xamar zeuden orduko jendartean. Ibiltaria izatean, herrira heltzen den ijitoaren pareko zinen nolabait. Ez ginen katolikoak gainera, eta garai hartan elizara ez joatea... Bizitza txakurra: gosea, bazterketa, kalamidadeak, zubi azpian sartu, haur asko izan». Horrela hasten da kontaketa, jendarte «zibilizatuak» marjinatuak kondenatzen dituen logika maltzur horren araberako bizipenek osatzen dutena: espetxe sistema luzaroan eta modu bortitzean jasan duenaren testigantza.

Santi Cobosek bizitza erdia eman du kartzelan, 25 urte inguru. Espetxealdi bereziki gogorra izan du, gainera, eta haren bizipenen bidez, liburuak espetxearen ikuspegia ere eskaintzen du.

«Zure izotzean zaude eta ez duzu nahi inork zure izotza berotzea, bigundu egiten bazara behera etorriko zarelako, ze espetxea ez da bizigarria», dio Cobosek. Ideia hori biltzen du liburuaren izenburuak. Charles Bukowskiren izen bereko poema batetik hartua da: poetak bihotzean daukan txoria du hizpide; txoria maite du, baina gordean darama, ez baitu inork ikusterik nahi.

Santi Cobosi egindako elkarrizketetan oinarritu duzu kontaketa. Azken elkarrizketak kartzelan eginak, ezta?

Ez, denak kalean, baina azken solasak, lana orrazteko, zalantzak argitzeko eta abar, telefonoz, bisita batzuetan, Valentzian eta Zaballan, eta gutunez egin ditugu. Esate baterako, gai labainen bat, hala nola funtzionarioen gainekoak, barruan dagoela kontuan izanda, ea kentzea nahi zuen galdetzen nion nik, eta berak ezetz. Izen propio batzuk kendu besterik ez dugu egin. Batez ere nik idatzitakoa kontrastatu egin dugu, izenburua, azala…

Kontaketa gordina da. Zuk aurkezpenean esan zenuen ez direla «batailatxoak», eta Cobosek ez duela errugabe diskurtsorik.

Hala da, eta nik hori ikaragarri eskertzen diot, zuri-beltzeko diskurtsorik ez egitea, alde batetik biktimak eta bestetik borreroak. Egin dituen gauzak kontatzen ditu, eta batzuk ez dira bere irudiarentzat atseginak. Beste alde batetik, ez da biktimismoan erortzen, eta erraz luke, sekulakoak egin izan dizkiote-eta. Orduan, eskertzen diot bere burua orbangabeko heroi edo biktima bezala ez agertzea, baizik eta bere argi-itzalekin, eta ez hitz egitea kartzelako momenturik txarrenez bakarrik, baizik eta baita irteeraz ere, nola irteten den biolentziaz kargatuta… ni ez nintzateke hainbeste biluztuko. Berak onartu egiten du hau edo bestea egin duela diskurtso autojustifikatzailerik gabe.

Niri asko gustatu zitzaidan kartzeleroekin izandako elkarrizketa batzuen kontaketa. Batzuek esaten zioten: «Zuk egin dituzunak…», eta berak: «Bai, nik egin ditut egin ditudanak, eta nire askatasunaren bila egin ditut, baina bada diferentzia argi bat: zuek egin dizkidazuen guztiak ez ditu inork ordaindu, eta nik egiten ditudan guztiak ordaintzen ditut». Izan ere, sei urteko zigor batekin sartu zen eta 70 urte pilatu zituen, eta ez du kontatzen damu klabean, ez boterearen parametro horietan. Zintzotasun hori eskertzen dut, bestela niri zaila gertatuko zitzaidakeen hori liburuan islatzea, eta erraz jarri dit, zeren momentu batzuetan gauza batzuk berarentzat gogorrak zirela pentsatzen nuen, «sartuko dut hau?», bera justifikatu nahian edo, berak autojustifikaziorik egiten ez duenean. Nik ez dut esan behar ondo edo gaizki egin duen, baina ez nuen itzalik agertu gabe idatzi behar. Eta horrelakoetan bera uzkur agertu izan balitz, niri zaila egingo zitzaidakeen.

Kartzelatik irtendakoan nabaritu dituen bultzada biolentoen gainean ere hitz egiten du. Hori, bide batez, kartzelaren ustezko funtzioaren eta benetako eraginaren adierazle izan liteke.

Nire ustez, oso kontalari ona da, eta adierazteko modu berezia du. Nik neure buruari presioa sartu nion istorioa ez izorratzeko, bai indar handiko istorioa delako, bai kontalari ona delako. Horren erakusgarri da nola dioen espetxean gogortu egiten zarela, berak «animalizatu» esaten du bere buruaz, nola biziraupenerako gorrotoa eta biolentzia helduleku dituen eta, aldi berean, samurtasunari eta elkartasunari heldu behar dien espetxearen produktu ez bilakatzeko, beraren hitzak erabilita. Tituluak horrekin du zerikusia.

Espetxe barruko tentsio horrek irtetean eztanda egin dezake. Horrek ni eraman ninduen esatera kartzela gizartearen isla dela, presoek maiz esan bezala. Nik sarritan pentsatzen nuen, «hau da astakeria!», baina baita guk kanpoan berdin egiten dugula ere. Edo nik behintzat kanpoan berdin egiten dut, gogortu egiten naiz jendarte erabat biolento eta bidegabe honetan bizirauteko. Ni erasan egiten nau jendea eskean ikusteak, eta egunero ez sufritzeko, gogortu egiten naiz, nabaritzen dut, sentsibilitatea nolabait kamustu egiten dut, baina aldi berean nire borroka da sentsibilitate horri eustea gauza horiek erasaten eta amorratzen jarraitzeko. Askotan ispilu lana egiteko balio izan dit. Berak egindako, bizi izandako zenbait gauza astakeria galanta zirela pentsatu, eta gero ulertzen nuen diferentzia egoera dela, bera muturreko egoeran dagoela, baina logika eta oinarria berdinak dira.

Liburuaren aurkezpenean, Mitxel Sarasketak esan zuen botere harremanak erreproduzitu egiten direla kartzelan, modu gordinagoan. Hain zuzen ere, jendartearen isla gordin eta krudela dela.

Bai, nik uste dut liburua, zentzu horretan, espetxea ezagutzeko irakur daitekeela, baina aldi berean ispilu bezala hartuta, gure jendarteaz ohartzeko, normalizatuta ditugun gauza askotan mekanismo berdintsuak daudela: hierarkia, boterekeria, obedientzia saritu eta desobedientzia zigortzea, nola sistema saiatzen den behekoen arteko elkartasuna pitzatzen... Hori guztia, botereari dagokionez, hemen ere badago. Eta boterean ez gaudenon eta are boterearen aurka gaudenon artean elkartasun ahalegin batetik ere aldi berean baditugu joera batzuk elkartasunarekin bat ez datozenak. Nire ustez, hori guztia barruan dago eta kanpoan dago. Mitxelek esan zuen bezala, barruan muturreko moduan.

Santik, kartzelarik gabeko jendarte bat posible den hizpidera ekarrita, behin esan zuen: «Kanpoan nolabait demokrazia faltsua bizi dugu, eta barruan diktadura». Neurri batean berdinak dira, baina ez dira berdinak. Santik esaten zuen: «Igual bada garaia espetxera gutxienez demokrazia faltsua heltzeko». Bai, berdintsuak dira, baina bat berniz demokratikorik gabekoa.

Elkartasuna pitzatzen saiatzen direla esan duzu, eta elkartasuna nabarmendu zuen Sarasketak. Berak bizi izan du, beste hainbatek bezala, eta bi norabidetan nabarmendu zuen haren balioa: jasotzean eta ematean.

Asko gustatu zitzaidan Mitxelen esku-hartzea. Elkartasunaren noranzko biko balio hori nabarmendu zuen zenbait adibide jarrita. Liburuaren helburuetako bat, Santik eta biok partekatua, zubi horiek ikusarazi eta haien balioa agerian jartzea zen. Izan ere, oro har jendartean migrantea izatea, edo emakumea izatea, edo diruduna izatea edo ez izatea oso desberdin bizitzea da, jendarte berean bada ere, eta botereak banaketa hori elikatzen du, kanpoan eta barruan. Orduan, batetik eraikitzea eta bestetik dauden guztiak ikusaraztea balio bat da.

Elkartasun horrek, egunerokoak, kartzelan bizirauteko balio du. Santik, besteak beste, Antselmo Olano gogoratzen du liburuan, barruan berekin egon zen euskal preso politiko ohia eta Donostiako aurkezpenean parte hartuko duena. Haren oso oroitzapen ona du, barre asko egiten zutela dio. Eman lezake elkartasun kontuek egoera horretan oso gauza politikoa izan behar dutela, ekintzak, komunikatuak… baina elkarrekin bazkaldu eta barre egitea, kartzela bizigarriagoa egiteko giro ona elikatzea, egunerokotasuna partekatzea ere bada elkartasuna.

Elkartasun politikoa zigortzen da, bai, baina ez elkartasun politikoa bakarrik, eguneroko elkartasun hori ere zigortzen da. Santik kontatzen du nola Salamancan bazuten tailer bat, bertan oso ondo pasatzen zuten eta funtzionarioak hori saihesten saiatzen ziren. Edo hamasei urterekin, adingabekoen kartzela batean zegoenean, beldurrezko egoeran, tartean tratu txarrak... eta adin txikikoak, 16 edo 17 urteko gazteak, bortxaketak eta preso nagusien abusuak saihesteko elkartzen ziren. Honela kontatzen du berak: «Beste presoek bortxatzen gintuztenean, jipoitzen gintuztenean, ez zegoen inongo arazorik espetxeko zuzendaritzarentzat, baina haien aurrean elkartzen ginenean, labana eskuan, berriro ukitzen bagintuzten akabatuko genituela esateko, batzuk beste leku batera eramaten zituzten, beste batzuk bakartu egiten zituzten… orduan bai, arazoa zegoen».

Preso sozial batzuen eta politikoen arteko harremanak maiz lekurik txarrenetan sortzen dira, bakartze moduluetan, FIES izendapenaren pean... Santik pasarte batean dio nolabaiteko «politizazioak» zentzua eman diola bere jarrerari, bere bizi borrokari.

Bai. Nik FIES delako sailkapena ezarri zieten batzuen zenbait liburu irakurri ditut; esate baterako, Patxi Zamororena, gero Euskal Herriarekin lotura handia izan zuen lagunarena, Xoxe Tarriorena… guztiak ingurune sozial eta ekonomiko baztertuetatik datoz, eta beste alde batetik, denek daukate injustiziaren aurkako sena, autoritatea, egoera bidegabeak ez onartzeko joera. Oso kalekumeak dira, batzuetan ondo egingo zuten, beste batzuetan okerrago, baina halako sen errebeldea daukate. Santiren kontaketan ikusten da nola politikoekin topo egiteak elaborazio bat eman zion. Berak arau batzuk hausten ditu ez zaizkiolako ondo iruditzen, ez delako justua, eta politizazioak, zergati politiko bat bilatzeak, bai bere jarrerari bai bizi zuenari zentzua emateko balio izan zion.

Momentu batean dio adin txikikoen kartzelan zegoenean, bortxatu edo egurtu zezaketen beste preso batzuk modulu psikiatrikoan zeudela, eta berak haietako bati «marikoi zikin hori!» esan zion batean, politiko bat agertu eta azaldu zion burutik zegoela eta sistemak hori ahalbidetzen duela. Horrela joan zen perspektiba bat hartzen. Euskal preso politikoekin, GRAPOkoekin eta Terra Lliurekoekin elkartu zen, eta haren formazioan, era berean, oso garrantzitsua izan zela dio Claudio Lavazza anarkista, urte askoren ondoren oraindik kartzelan dagoena. Politizazioak, beraz, batez ere zergatia, arrazoiketa bat eman zion eta hortik, bizi zuenari eusteko heldulekua.

Antselmo Olano aipatu duzu, eta euskal preso politiko ohi gehiago ditu lagun. Horietako bik idatzi dute liburuaren hitzaurrea, «Santi Cobosen lagunak espetxe barruan eta kanpoan» sinatuta.

Bai, Asier Otxoak eta Gorka Lazkanok. Berarekin egon ziren Salamancan eta adiskidetasun handia egin zuten. Gorka denbora gutxiago egon zen berarekin, kalera irten baitzen, baina harremanari eutsi zioten. Santik kontatzen duenez, kanpoan lagunak izatea oso garrantzitsua da bizitza bat eraiki ahal izateko. Eta Santi irten zenean, bere etxera eraman zuen Gorkak: «Hau da gure etxea, behar duzunerako», esan zion.

Liburuaren hitzostea Salhaketak egin du, nolabait zubi hori irudikatu eta elikatu asmo horrekin. Santiren ahotsa lehen pertsonan agertzen da, eta bi preso politiko ohik idatzitakoak, Salhaketarenak eta Itziar Morenoren marrazki batek osatzen dute. Itziar gaur egun Rennesen dagoen euskal presoa da. Niretzat polita da espetxeari buruzko liburu batean espetxea ezagutzen dutenek, barruan egondakoek edo haien alde lan egindakoek hitz egitea, niri lotsa pixka bat ematen zidalako halako protagonismoa izatea. Nahiz eta nik espetxearekin edo espetxeratuekin harremana izan dudan, azkenean diskurtsoa espetxean egon ez garenok egiteko arriskua ikusten nuen, beste esparru batzuetan askotan gertatzen baita hori. Beraz, ilusioa egiten dit nolabait espetxetik egindako liburua izatea.

Zergatik irakurri behar da liburu hau?

Jendeari irakurtzeko gonbita luzatu nahi diot, hiru irakurketa posible dituen lana dela kontuan izanda. Bat, Santiren istorioa, eleberri modukoa dena, erregistro asko dituena, oso gordina batetik, baina bestetik umorea ere badaukana, eta hausnarketa, dena Santiren izaerari lotuta.

Beste irakurketa bat, espetxe sistemaz pentsatzeko lan moduan, hori dago hondoan. FIESa, muturreko egoera, nahiz eta oso ados geunden biok ezin zela hori bakarrik ardatza izan, bestela gerta liteke 90eko hamarkadan Estatuak egin zituen astakeriei erreparatu eta espetxearen historian salbuespen bat moduan geratzea. Gero ikusten da bigarren gradura pasatzen denean beste espetxe mota bat dagoela, baina hori ere espetxe zigortzaile, anker, insolidario, boterekeria nagusitzen denekoa... Eta gure jendarteaz ere hausnartzeko gako batzuk daude.

Azkenik, gonbidapena pentsatzeko nahiko kontzientziatuta gauden herria honetan, espetxearekiko zalantzak egonda, nik uste dut espetxea eta agintekeriaren aurka gaudenon artean ere zigorraren kultura oso barneratua daukagula gure gatazkak bideratzeko orduan. Eraso egiten digutela sentitzen dugunean, zein erraz jotzen dugun espetxea edo polizia eskatzera. Goikoentzat eskatzea, espetxea eskatzen dutenentzat eskatzea eztabaidatu liteke, baina behekoen eraso bat, lapurretatxo bat nabaritzen dugunean, zein azkar birsortzen ditugun jarrera punitibo horiek, gero hain argi badugu ere jendarte bidegabean bizi garela. Orain dela hiru edo lau urte Santi minduta etorri zitzaidan, jakin zuelako gune eraldatzaile batean, jendartea eraldatu nahi duen gune batean, tipo bat egurtu zutela zerbait lapurtzen harrapatu zutelako. Zipaioei deitu eta gero salaketa jarri zuten. Santik ez zuen ezagutzen, baina jakin zuen kalean bizi zen pertsona zela, etorkina, eta zigortzen bazuten kanporatzeko arriskua zuela. Eurekin hitz egin genuen eta salaketa bertan behera utzi zuten.

Ez dut errazkerian erori nahi, badakit zaila dela gatazkak beste era batean bideratzea, ez dugu erremintarik, baina behintzat problematizatu dezagun, pentsa dezagun beste modu bat bilatu behar dugula. Badago horretan saiatzen den jendea, baita herrigintzatik ere, bereziki feminismotik, zigor eredurik sortu gabe... horri eredugarria deritzot, arreta biktiman jartzea. Zigor sistemaren ezaugarri bat da erasotzailearen zigorrean jartzen duela arreta osoa, berdin dio biktimak zer sufritzen duen: epaiketan biktimak berriro oso txarto pasatzen du. Beste gizarte bat nahi badugu, gatazkak bideratzeko bestelako eredu bat behar dugu; bestela, hortik ez gara ateratzen.

Benetako pena eta gogorra da Santi berriro espetxeratu izana, ez dakigu zenbaterako. Berak azaltzen du liburuan zer gertatu den. Aurkezpenean berak izan behar zuen protagonista, lekukotasuna berea da-eta.

Pandemia gogorra izan da gehienentzat, zeresanik ez presoentzat, etengabeko «konfinatu» horientzat.

Beraien ahotsetik erantzun dezaket. Orain dela hilabete batzuk horretaz idazteko eskatu baikenien zenbait presori. Eta berriro ikusi nuen gizartearen isla espetxean, egoera gogor bat espetxean muturrera eramanda. Hemen egoera larria eta eskubide galera handia, eta han egoera larriagoa eta eskubide galera askoz handiagoa.

Batek kontatzen zuen berak eta bere bikotekide presoak sei hilabete zeramatzatela alaba ikusi gabe. Umeak justu pandemia hasi aurretik bete zituen hiru urte eta espetxetik atera zuten. Ustez osasun irizpideak ziren. Hainbat hilabetez ezin zuten kanpoko bisitarik hartu, baina kartzeleroak-eta egunero sartu eta irteten ziren, barruan batzuek maskara eramaten zuten, beste batzuek ez... Hori, ez dakit, beharbada ezjakintasun momentu batean... onargarria ez da, demagun ulergarria dela, baina oraindik ere...

Orain dela bi aste Zaballan euskal preso politiko bat bisitatu zuen lagun batek esan zidan bisita egin ostean presoak zazpi egun eman behar zituela erabat bakartuta, txertatuta egonik ere, telefono dei ziztrin bat ere egin ahal izan gabe. Osasunagatik baldin bada, demagun zentzuzkoa dela eta ezin dela telefono kabinara joan. Eta zu, pertsona horretaz arduratuta baldin bazaude, esaten didazu ezin diozula eman mugikor bat deitzeko? Estatu frantsesean dauden preso batzuek berdin zeudela esan ziguten. Eta azken egunetan egoera horrek okerrera egin du leku guztietan.

Badauzkagu logika batzuk nahiko onartuta. Erdigunean ez dago pertsona, zigorra baizik. Gauza horiek, pertsonekiko ardura egongo balitz, beste modu batean egin litezke.