NAIZ

Donostiako Empark-eko beharginek elkarretaratzea egingo dute ostegunean

Empark enpresak Donostian dituen bost aparkaleku publikoko langileek, Irungo parking-ekoekin batera, elkarretaratzea egingo dute abenduaren 31an, egun dituzten lan-baldintzak salatu eta enpresa negoziatzera bultzatzeko.

Empark enpresako langileek agerraldia egin dute elkarretaratzea iragartzeko.
Empark enpresako langileek agerraldia egin dute elkarretaratzea iragartzeko. (NAIZ)

Empark enpresak Donostian eta Irunen dituen 25 langileek haien lan-baldintza kaskarrak aditzera eman dituzte agerraldi batean, eta horiek hobetzeko presioa egiteko asmoz elkarretaratzea egingo dute datorren ostiralean Gipuzkoako hiriburuan.

Soldata baxuak, ordutegi aldakorrak eta langile falta salatu dute beharginek. Empark enpresak bost aparkaleku publiko kudeatzen ditu Donostian (Okendo, Bulebar, Kontxa, Atotxa eta Katalunia), Udalaren jabetzakoak, eta beste bat Irunen. 25 langile dira guztira aparkaleku horietan, 21 hiriburuan eta gainontzeko lauak Irunen.

Soldatari dagokionez, astean 39 orduko lanaldia duten arren, gaitzetsi dute auxiliarren nominak ez direla hilean 1.400 euro gordinera iristen, antzinatasuna eta bestelako kontzeptu guztiak kontuan hartuta ere.

Kritikatu dute, halaber, enpresak ez dituela bajan edo oporretan dauden langileak ordezkatzen eta, horregatik, batzuetan aparkalekuetan ez dela inor egoten bezeroei arreta emateko.

Enpresa Hitzarmena, akordiorik gabe

Empark-eko langileak denbora daramate haien lan-baldintzak hobetzeko lanean. Ikasturte hasierarekin batera, enpresari dei egin zioten Gipuzkoako aparkaleku guztietarako Enpresa Hitzarmen bat negoziatzera. «Gure helburua urteko lanaldia murriztea, soldata duinak bermatzea eta baldintzak hobetzea zen, batez ere egutegia. Baina enpresak Donostiako Udalak 2023rako martxan jarri nahi duen planaren aitzakian, emisio baxuko eremu bat sortzeko helburuarekin, egungo baldintzak 2023ra arte luzatzea baino ez du proposatzen, soldatak berrikusi gabe», azaldu dute.

Gauzak horrela, azaroaren 30ean, enpresak lan-baldintzen funtsezko aldaketa-prozesu bati ekin ziola gogoratu dute langileek. Prozesu hori abenduaren 17an amaitu zen, «akordiorik gabe».

«Enpresak ordutegia aldatu nahi du, bi pertsona baino gehiagok une berean oporrik ez hartzera behartu nahi gaitu, eta langile guztiak txanden antolaketako zaku berean berean sartu nahi ditu, 18 pertsona konprometituz. Aldaketa horiek kontziliaziorako dugun eskubidea zailtzen dute, eta gaueko txanda izanda, gure atsedena nahasten du», azaldu dute. Neurri horiek oporrak hartzeko duten eskubidea urratzen dutela agertu dute.

Langileen kontratazioa

Egoera konpontzeko langile gehiago kontratatzea eskatu dute 25 beharginek, opor eta baja guztiak ordezkatu daitezen eta aparkaleku bakoitzean plantilla zehatz bat egon dadin.

Horregatik, batetik, dei egin die Donostiako Udal Gobernuari, bereziki Eneko Goia alkateari, «beste alde batera begiratzeari utz diezaion eta gatazka hau konpontzeko dituen eta izan ditzakeen hariak mugi ditzan».Bestetik, datorren abenduaren 31n elkarretaratzea egingo dute 16.15ean Kontxako aparkalekuaren sarreran, langileen egoera salatzeko eta enpresari eskatzeko negoziazioan jarrera alda dezala.