Aingira: 70 miloi urteko espeziea, gizakion kodiziak mehatxatua
Denbora luzez mundu osoan ugaria zen aingira, kaltegarritzat ere jo zena, galtzeko arriskuan jarri du gizakion gutiziak, espezie honen inguruan azken hamarkadotan eratzen joan den merkatu beltz erraldoiaren eraginez.
Argi hitz egiten du Eric Feunteun itsas ekologo frantziarrak: hamarkada gutxitan, «aingira kaltegarria zela pentsatzetik haren etorkizunaz kezkatuta egotera pasa gara».
Aditu honek gogoratzen duenez, 1960 hamarkadan «aingira ugaria zen ur-ibilgu guztietan, estuarioetan». Haien kumeek, angulek, ez zeukaten inolako baliorik: «Nire amonak kafetegi bat zeukan Nantesen, Loira ibaitik gertu, eta batzuetan diru gutxien zeukaten bezeroek angulaz beteriko balde batekin ordaintzen zioten kafea».
Suge itxurak ospe txarra ekarri zion Europan eta, hori gutxi balitz, izokinak jatea leporatu zioten espezie honi, bidegabe.
Europako Batasunak 2007an derrigortu zituen bere Estatu kideak aingiraren kudeaketarako planak egitera eta hiru urte beranduago, 2010ean, debekatu egin zuen haren esportazioa.
1960ko hamarkadarekin alderatuta harrapaketak %10 baino gutxiagora jaitsi diren arren, Europako aingira da mehatxatuena, japoniarraren eta estatubatuarraren aurretik.
Zergatik erori da horrenbeste aingiren populazioa?
Arrantza profesionalari leporatu izan zaio maiz gainbehera horren jatorrian egotea, Feunteunen esanetan, baina arrazoiak «anitzak» direla dio, tartean berotze globalak eragindako kutsaduraren edo korronteen aldaketaren eragina aipatuz.
«Aingiraren habitata suntsitu dugu, horrek hil du benetan». Halaxe mintzo da Susteinable Eel (aingira jasangarria) taldeko presidente Andrew Kerr. Dioenez, Europak hezeguneen hiru laurden galdu ditu mende bat baino gutxiagoan, eta migrazioak oztopatu eta eraldatu dituzten presa hidroelektriko ugari ditu.
Egoera iraultzen saiatzeko hainbat sistema probatu dira: habitata lehengoratzeko programak, birpopulaketak, presa hidroelektrikoen egokitzapenak edota aingiraren trazabilitatea hobetzeko sitemak. Baina eskasiak Asiarako legez kanpoko trafikoa elikatu du, bertan oso estimatua baita.
Ahaleginak daudela aitortzen du Feunteunek, baina batzuetan «gaizki bideratuak» daudela, haietako asko arrantzan zentratuta daudelako: «Hori akats bat da».
Legez kanpoko negozioa
Kalkuluen arabera, urtero, 3.000 milioi euro angula (3.400 milioi dolar) garraiatzen dira Europatik Asiara.
Susteinable Eelen arabera, Europako angulen %23 esportatzen da urtero, legez kanpo, Asiara, batez ere Txinara. «Planetako faunaren aurkako krimenik handiena da», salatzen du Andrew Kerrek.
«Doga edo arma trafikoak baino irabazi-marjina handiagoa» duen negozioa dela gaineratu du Kerrek: Europako arrantzale bati 0,1 euroan erositako angula, behin hazita, aingira bakoitza 10 euroan saltzen da Asian.
Ugalketa artifiziala?
Japoniar ikertzaileak 1960tik ari dira aingirak artifizialki erreproduzitzen saiatzen, baina ez dira itxian ugaltzen.
«Egun kontsumitzen ditugun aingiren ia %100 naturan harrapatutako eta akuikulturan hazitako angulak dira», dio Ryusuke Sudo Japoniako Arrantza Agentziako adituak. Baina artifizialki haztearen kostua «oso handia» da, ugalketa tasa baxuak eta garapen denbora luzea direla eta.
Desager daiteke?
«Duela 60-70 milioi urte existitzen den familia da, dinosauroetatik bizirik atera zena eta, paradoxikoki, oso dibertsifikazio gutxi duena», dio Feunteunek, 19 espezie eta azpiespezie baino ez dituela zehaztuz.
Baina espeziearen biziraupena «gaur egun giza presioek mehatxatzen dute: 70 milioi urteko existentzia eta berrogei urteko gainbehera», laburbiltzen du adituak.
Hala ere, badu itxaropenik: «Espezieak aurreko krisi klimatikoetan erakutsi du oso ale gutxitatik abiatuta suspertu ahal izan dela».