NAIZ
DONOSTIA

‘Oreka’ izango da dFeria antzerki jaialdiaren gaia 2022an

Maria Lopez eta Javier de Riba, Reskate kolektiboko kideak, 2022ko Donostiako dFeria antzerki jaialdiaren kartelaren egileak dira. Kartelak ‘Oreka’ izena du eta dagoeneko 352 konpainiak eman dute izena martxoaren 14tik 17ra egingo den hitzordu honetan parte hartu ahal izateko.

Martxoaren 14tik 17ra egingo den edizio berriaren kartela.
Martxoaren 14tik 17ra egingo den edizio berriaren kartela. (Reskate arte-kolektiboa. | DONOSTIA KULTURA)

Donostiako Dferia 2022ko edizio honetako gaia ‘Oreka’ izango da. Datorren urteko kartel eta irudiak gai horri erantzuten dio, eta Reskate arte-kolektiboak sortua da, hots, Maria Lopez eta Javier de Ribak osatutako taldeak. Honela deskribatzen dute eurek: «Irudi bat, osagai guztiak harmonian dituena. Konposizio simetrikoagatik ez ezik, baita aurpegi neutroa ageri duelako ere, seriotasunaren eta irribarrearen artean: emozio jakin bat adierazi aurreko oreka-une horretan. Gainera, errezelak, ilunean argituriko aurpegi horren ilea balitz bezala, arte eszenikoak agertzen dizkigu».

Hartara, galdera hauek pausatuko dute Donostiako antzerki ferian: «Zer da oreka eta zer garrantzi du? Garrantzitsua al da egonkortasuna lantzea?  Zenbateraino dira erabakigarriak oreka-nahasteak?».

Urtarrilaren amaiera aldera jakinaraziko dute datorren urteko programazioaren gehiena, martxoaren 14tik 17ra egingo dena, Donostiako espazio eszeniko nagusietan. Dena den, badago aurreratzerik zerbait: aurtengo ediziorako, 352 konpainiak eman dute izena. Gehienak Espainiako estatukoak dira, baina jaso dituzte nazioarteko beste proposamen batzuk ere, hala nola Mexiko, Argentina, Zipre, Alemania edo Kolonbiatik, besteak beste.

Azkenik, 26 konpainiak erakutsiko dituzte beren proposamenak Arte Eszenikoen merkatu honetan; aurkeztutako produkzioen %7k. Esan daiteke bost estreinaldi erabateko izango direla eta, oro har, %50etik gora bestelako estreinaldiak izango dira (estatuan, Euskal Herrian…).

Aurten ere feria formatuari eutsiko zaio, oso emaitza onak izan baititu azken urteotan. Antzerki-emanaldiak nabarmenduko dira batez ere. Ohi bezala, gonbita egingo zaie ikus-entzuleei une honetako uzta eszenikorik hautenaz gozatzeko.

Topaketa profesionalak eta arte-merkatua ere nabarmenduko dira, etortzen direnek horretarako guneak izango baitituzte. Gainera, bi saio egingo dira negozio-foro eran, helburu berberarekin.