NAIZ

«Autozaintza» da Osakidetzaren «kolapso» berria

Lakuak asteartean iragarritako Osakidetzako protokolo aldaketarekin «autozaintza» eskatzen zaie herritarrei. Sare sozialetan askok agertu dute beraien desadostasuna osasun sistema publikora aplikatutako do it yourself filosofiari edo «Ikea ereduko Osakidetza»ri.

Osakidetzako lehen arretako langileen protesta bat.
Osakidetzako lehen arretako langileen protesta bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Koronabirusaren pandemiaren seigarren olatuak eta osasun sistema ez itotzeko baliabide faltak Osakidetzaren kolapsoa ekarri du. Salatu zuten herritar eta osasun langileek herriz herriko protesten bidez, eta salatzen ari dira sare sozialetan ere.

Kolapsoaren eraginak asko eta nabariak dira: deika egon arren Osakidetzarekin harremanetan jartzea ezinezkoa egin zaien herritarrak, aztarnarien deien atzerapenak eta Lehen Arretan zita lortzeko zailtasunak. Beste aldean ere, langileenean, lan-karga handiak eragin ditu langile eta baliabide faltak.

Bada, herritarren arrangura handia bazen Lakuak asteartean iragarri aurretik Osakidetzako protokoloak aldatuko zituela, hasarrea orokortu egin da iragarpenaz geroztik. Aurrerantzean, Osakidetzak ez die jarraipenik egingo covid-19an positibo eman duten pertsonei, ez badira kolektibo zaurgarrietakoak edo txertatu gabeko pertsonak. «Autozaintza» eskatzen zaie herritarrei.

Eta autozaintza bezala, «autodiagnosia», «autotestak» farmazia askotan agortuta dauden antigeno frogak ordainduta, «autokonfinatzea» edo «automedikatzea». Sare sozialetan askok agertu dute beraien desadostasuna osasun sistema publikora aplikatutako do it yourself filosofiari edo «Ikea ereduko Osakidetza»ri.