NAIZ

Euskal presoen aldeko hainbat ekimen antolatu dituzte Bilbon hurrengo egunetan

Euskal presoen etxeratzea eskatzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko hainbat mobilizazio eta ekimen antolatu dira hurrengo egunetan Bilbon. Auzoetan mobilizazioak eta elkartasun argazkiak egingo dira eta Ernaik erakusketa eta mahaingurua antolatu ditu.

Bilboko Alde Zaharran euskal presoen alde egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.
Bilboko Alde Zaharran euskal presoen alde egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko beste leku askotan bezala, Euskal presoen etxeratzea eskatzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko hainbat mobilizazio eta ekimen antolatu dira hurrengo egunetan Bilbon.

Alde Zaharrean 1980ko gertakaria dute gogoan. Urte horretako abenduaren 30ean, Martin Sagardia usurbildarra hil zuen Batallon Vasco Españolek Miarritzen. Hurrengo egunetan mobilizazio ugari egon ziren Euskal Herrian zehar, baita Bilboko Alde Zaharrean ere. Hurrengo urteetan egun berean mantendu zuten euskal presoen aldeko manifestazioa egiteko, «auzoko manifestazio indartsuenetariko bat bilakatuz eta data hau garrantzitsua bihurtuz».

Horregatik, aurten ere mobilizaziorako deia egin dute abenduaren 31n. ‘Denok eman behar dugu azkena askatu arte’ lelopean, manifestazio bat irtengo da 19.00etan Etxebarrieta plazatik.

«Presoen aldeko borrokan jarraitu behar dugu eta herritarrak kaletik atera nahi gaituzten honetan kaleak hartzea inoiz baino garrantzitsua da. Auzoko zazpiak (Liher Aretxabaleta, Jon Solana, Sebas Gurtubai, Asier Mardones, Iñigo Zapiain, Bea Etxeberria eta Harriet Iragi) zein gainontzeko preso politiko denak gure artean izan arte mobilizatzen eta borrokan segi behar dugu», adierazi dute.

Errekalden ere presoen aldeko elkartasun argazkia egingo da abenduaren 31n 20.00etan.

Bilboko Ernaik, Euskal Herrian antolatu duen Elkartasun Biraren testuinguruan, hainbat ekimen antolatu ditu abenduaren 30ean. 13.00etatik 18.00etara ‘Gazteok Zuekin’ erakusketa jarriko dute Portal de Zamudion. 18.00etan ‘Gatazkari Gazte begirada’ mahaingurua egongo da Adaxkan, eta 19.30ean elkartasun argazkia.