NAIZ
Iruñea

Markak gainditzen jarraitzen du Nafarroak: 3.378 kasu berri antzeman dituzte egun bakarrean

Orain arteko marka guztiak hautsi ditu Nafarroak, asteartean 3.378 koronabirus kasu berri erregistratuta, pandemiako daturik altuena. Herrialdean onartutako murrizketa berriak indarrean sartzen diren egun berean jakinarazi dituzte datuok.

Asteazken honetatik indarrean daude neurri murriztaile berriak Nafarroan.
Asteazken honetatik indarrean daude neurri murriztaile berriak Nafarroan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako Gobernuak emandako behin behineko datuen arabera, 3.378 positibo berri detektatu zituzten asteartean herrialdean, astelehenean beste 2.420 antzeman eta gero. Azkenaldiko goranzko joerari eusten zaio, beraz.

Gaurtik aurrera, gainera, gaixotasunari aurre egiteko eta kasuak arakatzeko protokoloa aldatu egin du foru Gobernuak, eta baita Osakidetzak ere, ondorio larriak dituzten edota osasun-egoera ahulenean dauden pertsonen arreta lehenetsiz. Kasu arinei dagokionean, jarraipena egiteari utziko diote osasun zerbitzuek eta herritarren esku geratuko da, esaterako, kontaktu estuen identifikazioa.

Kutsatze kopuru handiaz aparte, ospitaleetako egoera-egonkortu egin da; izan ere, 142 pertsona daude ospitaleratuta (astelehenean 139 zeuden, igandean 146 eta larunbatean 142), eta ZIUn 26 zeuden (astelehenean 23, igandean 26 eta larunbatean 28).

Asteazken honetan jakinarazi diren 3.378 kasuetatik (9.308 probatan detektatu dira, % 36,3ko positibotasunarekin), 876 Iruñeari dagozkio eta positibo gehien erregistratu dituzten auzoak hauexek dira: II. Zabalgunea (112), Arrotxapea (99), Txantrea (89), Arrosadia (80), Donibane (78) eta Mendillorri (77).

Nafarroako gainerako eskualdeetan Tutera (120), Tafalla (110), Lizarra (98), Barañain (85), Mutiloa (76), Sarriguren (73), Zizur Nagusia (66), Atarrabia (63), Antsoain (58) eta Mendabia (51) nabarmentzen dira.

Kutsatzeen errekor berri hau tabernak eta diskotekak goizaldeko ordu batean  ixtea eta covid ziurtagiria egoitzetara, hoteletara edo gimnasioetara zabaltzea dakarten neurri berriak indarrean sartu diren egun berean iritsi da.

Osasun sailburuaren 63/2021 Foru Aginduak, urtarrilaren 14ra arte indarrean egongo denak, mahaietan eserita kontsumitu beharra ezartzen du, gehienez ere 10 pertsonako taldeetan, eta gizarte-, kultura- eta kirol-arloko ekitaldi espezifikoak eta Gabonetako jarduerak arautzen ditu.

Foru agindu horretan, egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan sartzeko covid ziurtagiriaren eskaera jasotzen da, bai eta 12 urtetik gorako pertsonak diskoteketako, dantzalekuetako, kafe ikuskizunetako, kontzertu-aretoetako eta barrualdeko ekitaldi jendetsuetako lizentzia duten lokal eta establezimenduetara sartu ahal izateko ere (Osasun Ministerio espainiarraren jarduera koordinatuen dokumentuaren erregulazioa duten kirol-ekitaldiak izan ezik).

Bingoetan, joko-aretoetan, apustu-aretoetan eta jolas-aretoetan, funtzio anitzeko espazioetako establezimenduetan, jatetxeetan (unibertsitateetako jantokietan eta enpresa-jantokietan izan ezik), turismo-ostatuetan (aterpetxeetan, hoteletan eta antzekoetan), gimnasioetan eta espazio itxietan jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egiten diren instalazioetan ere eskatuko da ziurtagiria, lehiaketa antolatuetako kirol-entrenamenduetan izan ezik.