LAB sindikatuak ‘Gu noren kargu’ lelopean elkarretaratzeak egin ditu Lakuan eta nafar Parlamentuaren atarian, non eskaera bana erregistratu duten covid-19aren ondorioz beharrezkoak diren zaintza baimenei bide eman diezaieten eskatzeko, adin txikikoak eta menpekotasuna duten pertsonak konfinamenduan zaindu ahal izateko.
LABeko ordezkari Igor Arroyo Iruñean izan da. «Jakin badakigu askotariko egoera konplexuak eragin dituela covid-ak, osasungintzari, egoera sozioekonomikoari, enpleguari zein zaintza esparruei atxikiak esaterako». Gaurko elkarretaratzeekin eta eskaerekin «zaintza erdigunean jarri eta berau bermatua izan dadin neurriak har ditzatela, ezinbestean eta urgentziaz» defendatu dute.
LABek, gogora ekarri duenez, 2020ko udan proposatu zuen jada zaintza arazoak zituztenentzat baimen bereziak sortzea. «Eskaera hori Hego Euskal Herriko patronalei zein Gobernuei zuzendu genien modu espresuan, idatziz. Urte eta erdi geroago, ordea, orduan ginen puntu berean gaude tamalez. Kezka handiz heltzen diogu gai honi», nabarmendu du Arroyok.
Gogora ekarri du, azken hilabeteetan haur eta gazte asko eta asko gutxienez 10 egunez etxeratuak izan direla. «Baina, nor egin da, gehienetan, bakarrik utzi ezin diren haur horien kargu?», galdetu dute. «Galdera horrek erantzunik ez duela izan nabarmendu dugu. Hain zuzen ere, haur eta gazteen etxeratzea erabakitzen duten administrazioak berak ez du erantzunik eman pertsona horien zaintza bermatzeko».
«Auzi edo arazo erabat indibidual bilakatu da, hau da, zure haurren bat konfinatu badute, zuk jakingo duzu zer egiten duzun, zein aukera dituzun. Eta aukera horiek Euskal Herriko herritar gehienontzat oso mugatuak dira: inguruko zaintza-sareetako kideren batekin utzi, maiz aiton-amonak, horiek kutsatzeko arriskuarekin; edota gurasoek hartu zaintza bere gain. Bigarren kasu horretan, ordea, ez dago berme-juridikorik; izan ere, egun aplikagarri dugun markoak ez du aurreikusten zaintzarako baimenik», gehitu du Arroyok.
Honela, ezohiko egoeran «ezohiko neurriak» eskatu ditu LABek. «Finean, zaintza beharrak dituzten pertsonen konfinamendua tarteko, kutsatuak izan direlako zein kontaktu izan diren kasuetarako, horien ardura hartuko duten pertsonentzat zaintzarako baimenak eratzea exijitzen dugu, sektore publiko zein pribaturako».
Horrekin batera, LABen ustez, baimen horiek «erantzunkidetasun neurriekin batera arautuak» izan behar dira. «Jakin badakigu hori horrela izango ez bada emakumeak hartuko dutela zaintza ardura beregain», azpimarratu du sindikatuak. «Batu behar dugu ere, telelana edo lan ez presentziala ezin direla kontziliazio neurri gisa ulertu, horretarako joera garbia izan den arren azken urteotan; izan ere, horrek enpleguko lanak eta zaintza lanak aldi berean gauzatzea dakar eta ez dira bateragarriak, biak lanak baitira eta dagokien aitortza, denbora zein dedikazioa eskatzen dute».