Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Hezkuntza sistemaren eraldaketan mugarri izan behar duen urtea

Hezkuntza beti da hizketagai gure herrian, eta sarri eztabaidan hasteko bide azkarra ere bada. Azken hilabeteotan, ordea, esparru honetan akordioa erdietsi daitekeen ustea zabaldu da, eta litekeena da lehena 2022an gauzatzea, Gasteizko Parlamentuan. Lanak hasi dituzte eta borondatea, antza, badago.

Eusko Ikaskuntzaren foroan, irailaren 11n, Euskal Herri osoko pertsonak bildu ziren Donostian hezkuntza sistemaz gogoeta egiteko.
Eusko Ikaskuntzaren foroan, irailaren 11n, Euskal Herri osoko pertsonak bildu ziren Donostian hezkuntza sistemaz gogoeta egiteko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Hezkuntzaren gaineko nazio akordio baten premia nabarmena da eta geroz eta sektore gehiagotan atzematen da». Nora Salbotxek azaroan GAUR8ri eskainitako elkarrizketaren titularrak euskal hezkuntzaren komunitate zabalean ontzen ari den sentimendua laburbiltzen du, eta, agian, hastear dagoen urtea nondik joango den aurreratzen digu.

Izan ere, gauza jakina da azken hilabeteetan hezkuntzako eragileen arteko hartu-emanak ugariak izan direla, eta horren adibide da Eusko Ikaskuntzak egindako akuilu lanari esker Donostian eta Gasteizen hezkuntzaz hausnartzeko irailean eta azaroan burututako eztabaida saio aberasgarriak.

Oro har, esparru honetan zerbait mugitzen ari den sentipena oso hedatuta dago. 

Aipatu elkarrizketan, irakasle nafarrak honako hauek nabarmendu zituen egungo testuingurua marrazteko: Ipar Euskal Herrian “Molac Legea” eta honek utzitako ajea, Nafarroan sustraituta dagoen hizkuntza eskubideen berme falta, eta, azkenik, EAEn, balizko hezkuntza lege baten inguruan lor daitekeen akordioa. Ziurrenik, baina, azken elementu hori izango da 2022an lerroburu gehien eskainiko dituena, EAEko kasuan usteak ez omen baitira ustelak.

Politika Orokorreko saioa

Hitz batzuekin edo besteekin, gaia denen ahotan zegoen Iñigo Urkulluk bere Gobernuak 2022an hezkuntza lege berria  onartu nahi duela adierazi zuenean. Politika Orokorreko eztabaidan egin zituen adierazpenok, Parlamentuan, eta, noski, zalaparta handi samarra eragin zuten, gaiak berak duen garrantziagatik, eta ez delako batere ohikoa agintari batek halako zehaztasunez horrelako helburu bat finkatzea. Alde horretatik, lanak aurreratuta zeuden susmoa areagotu zuten lehendakariaren hitzek.

Hurrengo egunetan ñabardura batzuk heldu ziren, eta, irailaren 26an GARAn argitaratutako elkarrizketan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hauxe adierazi zuen: «Lehendakariak 2022a aipatzen duenean, izan daiteke udaran, izan daiteke udazkenean, horrek esan nahi du Gobernu Kontseiluak zerbait onar dezakeela Legebiltzarrera eramateko, hor alderdi politikoen artean eztabaida bat eman dadin».

Bildarratzek «diskrezioa» eskatu zien alderdiei, «benetan gauzak ondo ateratzea nahi badugu», baina, hori bai, euren arteko giroa «oso ona» dela baieztatu zuen. Eta giro on horrek hauspotuta edo, EAJk, EH Bilduk eta PSEk Gasteizko Parlamentuan etorkizuneko hezkuntza sistemaren oinarriak definitzeko helburua izango lukeen batzordea osatzea onartu zuten urriaren 14an. Batzorde horretatik dozenaka eragile igaro dira azken bi hilabeteetan hezkuntzaren inguruko euren ikuspuntua azaltzeko.

Batzorde horretako agerraldiak iragan abenduaren 22an bukatu ziren, eta, orain, auziaren gaineko txostena idaztea izango da taldeek egin beharreko lana. Gero, behin Legebiltzarrak onartuta, aipatu dokumentua Jaurlaritzari bidaliko zaio, hezkuntza legearen oinarria izan dadin. Horiek horrela, lege egitasmoetan erabili ohi diren epeak kontuan hartuta, eta Jaurlaritzak legea, edo lege-proiektua behintzat, 2022an onartu nahi badu, litekeena da lan hori guztia uda aurretik egin behar izatea.

Hizkuntza eta segregazioa

Legebiltzarreko batzordean entzundakoari erreparatuz, nahiko adostasun handia dago hezkuntza sistemaren ezinbesteko eraldatzearen beharraz, egungoa agortuta dagoela uste baitute eragile guztiek, edo ia guztiek. Nahiko argi geratu da, baita ere, hezkuntzaren gaineko hitzarmen berriak bi gai nagusi izango dituela jorratzeko: segregazioa eta hizkuntzen tratamendua.

Azken puntu horren gainean, hainbat ikerketak nahiko argi adierazi dute egungo ereduen sistemak ez duela ikasle guztien euskalduntzea bermatzen. Ez da bermatzen A eta B ereduetan, baina ezta D ereduan ikasten duten haur eta gaztetxo askoren kasuan ere. Adibidez, pandemiaren aurretik egindako azken ikerketak agerian utzi zuenez, nahiz eta EAEko ikasleen %70 D ereduan matrikulatuta dauden, DBHko Bigarren Mailako ikasleen erdiek ez dute elebitasunaren helburua lortzen.

Alde horretatik, murgiltze ereduaren aldeko ahotsak gero eta ozenago entzuten dira hezkuntza komunitatean.

Eta euskalduntzearen gaineko ardura horren isla da, adibidez, hilabete honetan bertan, duela bi aste, Gasteizko Europa Jauregian hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak EAEko hezkuntza hitzarmenari lotuta egin zuten prentsaurrekoa.

Agerraldian azaldu zutenez, euren asmoa euskararen eremuan hezkuntza akordioak jaso behar duena zehazteko ekarpena egitea da, eta, ildo horretan, euskarazko eredua orokortzearen aldeko «adostasun historikoa» bultzatzeko xedea adierazi zuten, “Euskaraz hezi, berdintasunean hazi” izeneko adierazpenean. Besteak beste, Parlamentuan lantzen hasi berri den hizkuntza hitzarmenak «ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela berariaz jaso dezala» galdegin zuten aipatu eragileek.

Eta, hizkuntzarekin batera, segregazioaren arazoari nola erantzun, hori izango da eztabaidagai nagusietako bat heldu diren hilabeteetan. Dagoeneko bada, egia esan.

Euskal hezkuntza sisteman ikasleen arteko segregazioa egon badagoela gauza agerikoa da, eta inguruneko beste lurralde batzuetan baino neurri handiago batean ematen da, gainera. Hau da, jatorriak eta maila sozioekonomikoak matrikulazioa baldintzatzen dute –batezbestekoak oso desberdinak dira eskola publikoan, itunpekoan eta pribatuan–, sistemak hori gertatzea posible egiten duelako. Eta hasiera-hasieratik ematen den desberdintasun horrek ondorioak ditu, noski, ikasleen ibilbide akademikoan.

Segregazioarekin bukatzeko beharraren inguruan ere adostasun zabala dago. Irekita dago auzia eta jarritako helburua nola bete da orain kontua.

EH Bilduren proposamena

Hezkuntza eragileen artean hartu-emana eta iritzi trukea bizi-bizia bada, EH Bildu izan da bere proposamena mahai gainean jarri duen lehen indar politikoa. Koalizioaren Konferentzia Politikoak hezkuntza sistema publiko burujabea erdiesteko xedea duen proposamena onartu zuen irailaren 18an. Euskal Herrira begira egindako txosten mardulean, EAEn ordurako irekita zegoen eztabaidari bere ekarpena egin zion koalizioak, bertako baldintza orokorrak eta partikularrak kontuan hartuta.

Koalizioak, deszentralizazioak ezaugarritutako sistema publiko bateratua proposatzen du, eta «ikastetxe komunitario» deritzatenak hartzen ditu oinarri. Hizkuntza aldetik, murgiltze ereduaren aldeko apustua egiten du, eta ikastetxeen izaerari dagokionez, «publiko/kontzertatu dikotomia» gainditzeko xedea agertzen du. Izan ere, EH Bilduren proposamenaren arabera, euren eredu juridikoa bat edo bestea izan, ikastetxeek komunitatearekin hartuko luketen konpromisoak definituko luke beren izaera publikoa. Horrela, sare publikoko zentro guztiek eskubide eta betebehar berak izango lituzkete.

Proposamena «egingarria» dela nabarmendu zuen EH Bilduk aurkeztu zuenean, baina, noski, ikusteko dago gainontzeko taldeek zer dioten eta azken emaitza zein den.

Alde horretatik, Bildarratzek aipatzen zuen alderdien arteko «giro onetik» harago, 2022ko aurrekontuen gainean lortutako akordioak agian olioztatu dezake Gobernuko alderdien eta oposizioko lehen indarraren arteko ituna. Edo agian ez, baina testuinguruak aproposa ematen du.

Elkarrekin Podemos da akordiora batu daitekeen beste indarra –oso zaila izango da PP-C’s sartzea, ezinezkoa Voxen kasuan–, baina batzordea sortzea erabaki zen egunean bertan talde horretako kide Iñigo Martinezek jada aurreratu zuen eztabaida ez zela erosoa izango. Eta hurrengo hilabeteetan EPko ordezkariak nahiko oldarkor aritu dira, batez ere EAJrekin eta EH Bildurekin.

Ildo horretan, deigarriak izan ziren Euskal Eskola Publikoaren alde azaroaren 6an deitutako manifestazioaren testuinguruan, Elkarrekin Podemoseko eledunek EH Bildu kritikatuz egin zituzten adierazpenak. Deigarriak batez ere koalizioak mobilizazioa babestu eta parte hartu zuela kontuan hartuta.

Bide luzea falta da oraindik hezkuntza legearen gaineko akordio bati buruz hitz egiteko, baina, helduko balitz, eta Legebiltzarreko hiru talde nagusiak parte izango balira, zaila da Elkarrekin Podemos kanpoan irudikatzea.

Edonola ere, litekeena da hemendik uda bitartean jarrera guztiak argitzen joatea.

Akordioa lotzeko lan horretan, helburuetako bat 1993ko legeak utzitako zauriak –ia hogeita hamar urteren ostean askok gogoan dituztenak– ez errepikatzea izango da.

Eta, gainera, oso positiboa litzateke Gasteizen abiatutako saiakera horrek Euskal Herri osoan hezkuntzaren eztabaidaren leihoa parez pare irekitzen laguntzea. Eragileen gogo faltagatik ez da izango.