Macronen Exekutiboak larunbat honetan iragarri duenez, 6 urtetik gorako haurrek musukoa jantzita eraman beharko dute nahitaez frantziar Estatuko espazio publikoetan astelehenetik, urtarrilaren 3tik aurrera. Hori horrela, orain arte 11 urtetan finkatuta zegoen adin muga 6 urtera jaitsi da.
Araua larunbat honetan argitaratu da Estatu frantziarreko Aldizkari Ofizialean eta garraio publikoan, kiroldegietan, publikoari zabaldutako establezimenduetan, kultu toki eta kanpoaldeetan aplikatuko da, besteak beste.
Erabakia omikron aldaeraren kutsatzeen gorakadak bultzatuta hartu du Parisek. Izan ere, Frantziar Estatuan kutsatzeak nabarmen areagotu dira, iragan den abenduaren 31n 232.200 kutsatzeen langa gainditu arte. Testuinguru honetan, Eguberrietako oporren ostean, haurrak eskolara itzultzen direnerako, neurria martxan egotea da Gobernuaren asmoa.
Era berean, umeak ikastetxeetara itzultzen direnerako osasun protokoloak aldatuta egongo dira: ikasle batek koronabirusean positibo ematen badu, bere ikaskideei bi froga eskatuko zaizkie ikasgelara itzuli ahal izateko. Orain arte, positiboaren ikaskideek froga bakarra aurkeztu behar zuten.
«Hezkuntzarako sarbidea haurren oinarrizko eskubidea da, eta koronabirusaren aurkako txertoa jartzea ez da baldintza izango eskolara joateko», zehaztu du frantziar Osasun Ministerioak ‘Le Figaro’ egunkariak jasotako ohar batean.
Bestalde, covid kutsatzeen gorakadari aurre egiteko beste neurri batzuk iragarri zituen Macronen Gobernuak joan den astelehenean. Tartean, beharginek datozen 3 asteetan astean 3-4 egunez telelana egitea.