1934an Errenterian jaio eta 2022a estreinatzearekin batera Eskoriatzan zendu da Xanti Iparragirre Perurena, 87 urterekin. Militante umil eta nekaezina, iheslari politiko ohia eta bertso eskolen sortzaileetakoa, baserrian hil da igande goiz honetan, aitzineko egunak ospitalean eman eta etxera ekarri ondotik. Azken agurra asteartean, urtarrilak 4, eginen diote, 19.00etan Eskoriatzako San Pedro elizan.
Marixol Iparragirre euskal preso politikoaren aita zen, eta alaba kartzelatik etxera eraman dute agurtzeko.
«Gu ez gara berriak, gu betikoak gara eta betiko amets horren atzetik ibiltzeari ez diogu inoiz utziko», erraten zuen Iparragirrek, Mikel Ibarguren idazleak 2013an GARAko Jopuntuan jaso zuenez.
Herritik bi ordura, dena arrotz, beldurgarri
Errenteriako Añarbe auzuneko Añarbe baserrian jaio zen. Ama Goizuetakoa zuen eta aita, berriz, Oiartzungoa. Hamar anai-arrebatatik zazpigarrena zen bera. «Gertueneko herria Errenteria genuen, eta zaldia edo mandoa sokatik hartuta hiru ordu behar izaten ziren. Oinez, bi ordutik asko gehiago gabe sartzen ginen. Horretaz gain garai hartan oso urruti ikusten nuen handik kanpokoa eta gainera beldurgarri. Haizea mendi aldera ateraz gero barkuen edo fabriken hotsa entzuten zen, eta behin baino gehiagotan ihesi joan izan nintzen menditik etxera zarata haiek entzunda. Nik itsasoa oraindik ez bainuen ezagutzen, lantokiak ere ez, eta niretzako dena zen arrotza, beldurgarria», kontatu zion Amets Arzallusi 2004an ‘Argia’-rako egindako elkarrizketan.
Ahotsak.eus-en kontatu zuenez, eskolara joateko aukerarik ez zuen izan. Hamasei urtera arte etxean lan egin eta gero, basolanean hasi zen, ikatza egiteko egurra botatzen eta prestatzen. Soldaduska aurretik Donostian Gaiztarroren mendia zena lautu zuten eskuz, geroago Bidebieta parkea izendatu zuten tokian etxeak eraikitzeko.
Almen bertso eskolaren sortzaile
Eskoriatzara ezkondu zen 1959an eta bost seme-alaba izan zituen. Inoiz bertso eskola bat zapaldu gabea izan arren, Patxi Goikolea eta Juanito Akixorekin batera, Euskal Herrian aitzindari izango zen haurrentzako bertso eskola jarri zuen martxan Eskoriatzan, Almen. Gaur8n egin zuen erreportajea Amagoia Mujikak 2016an.
1975-1976 urte inguruan, Eskoriatzako Almen ikastolaren bueltan sortu zen lehen bertso eskola hau, bertsolaritza pasioz bizi zuten hiru gurasoren bultzadaz. Ez ziren irakasleak, ez zekiten asko teoria pedagogikoez, baina senak eta intuizioak gidatuta haur haiengan metxa oso berezia piztu zuten. Bertsoa maitatzen irakatsi zieten, lagunak babesten eta taldea egiten, beren indarrak eta ahulguneak identifikatzen, euskararen zerbitzura jarduten... Transmisio behar batek bultzatuta, asko berotzen segitzen duen sua piztu zuten.
«Ez dakit noraino oharkabean edo kontzienteki, baina hiru gizon haiek hiru gauza garrantzitsu pasatu zizkiguten: Memoria ondare bat, sentipen multzo bat –pathosa– eta etika lauso bat –ethosa–», oroitu zuten ikasle izan zituzten Arantzazu Loidik eta Jon Sarasuak erreportaje horretan.
«Herrigintza zabalago baten baitan jaso genuen bertsolaritza, euskararenganako maitasunari lotuta. Nolabait esango nuke, nartzisismorako joera gutxi uzten zuen zerbait bezala, exhibizio eta estridentzia gutxirekin».
Ikasle izan zituzten bertze bi sarasuatar ere, Aitor eta Iñaki, Felix Iñurrategi, eta Ainhoa Agirreazaldegi, besteak beste.
Iparraldean errefuxiatuta
1981ean Iparraldera errefuxiatu behar izan zuen eta geroztik zuloz zulo ibili zen, 2003an EHNArekin Eskoriatzara bizitzera itzuli zen arte. ‘Biziaren Azala’ liburuan, prosan eta bertsotan, jasoak ditu bere esperientziak eta Mikel Antza bere suhiak ere ‘Arroz urez’ liburuan Iparragirre eta bere familiaren Eskoriatzako baserrian bizi izandako zenbait pasarte kontatu zituen.
2008an Amets Arzallusek irabazi zuen lehenengo Xilaba eta Xanti Iparragirrek jantzi zion txapela.
Dolumin mezuak
Bere heriotzaren berri jakin bezain pronto hamaika dolumin mezu zabaldu dira sareetan. Bertsozale elkarteak, adibidez, esker ona adierazi dio bertsolaritzaren alde egin zuenagatik.
Xanti Iparragirre Perurena joan zaigu 87 urterekin.
— Bertsozale Elkartea (@Bertsozale) January 2, 2022
Hileta elizkizuna urtarrilaren 4an izango da, 19:00etan, Eskoriatzako San Pedro parrokian.
Mila esker Xanti bertsolaritzaren alde egindako guztiarengatik.https://t.co/PPzHuBEBL8#bertsolaritza pic.twitter.com/XUUBClFQzS
Errenteriako bertso eskolaren sustatzaileetako bat ere izan zen Iparragirre, eta bertako ikasleetako batek, Zigor Garrok, mezu hauxe utzi du: «‘Ilunpetan ez zinen lehen ere izitzen/ gordezkako lanean baitzinen ibiltzen’, Xantiri buruz esan litezkeen hamaika egia ederretako bat».
«Gizon haundia, irripar haundia, txapel haundia, bihotz haundia, haundia Xanti», baieztatu du Jon Maiak.
Gizon haundia, irripar haundia, txapel haundia, bihotz haundia, haundia Xanti.
— Jon Maia Soria (@maia_jon) January 2, 2022
EH Bilduko Arnaldo Otegik ere izan du gogoan: «Herritarra eta herrigilea, euskalduna eta abertzalea. Ohore bat izan da bidearen zati handi bat zurekin partekatzea».
Gaur Xanti Iparragirre joan zaigu. Herritarra eta herrigilea, euskalduna eta abertzalea. Ohore bat izan da bidearen zati handi bat zurekin partekatzea. Nire doluminak senideei eta lagunei. Irabazi arte! pic.twitter.com/Hxvl2jdju3
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) January 2, 2022
Eta Eskoriatzako Sortuk eskerrak eman dizkio herria egiteagatik.
Xanti Iparragirre hil da.
— Sortu Eskoriatza (@SortuEskoriatza) January 2, 2022
Euskaltzalea, herrigilea, bertsolaria, errepresaliatua, militante apal bezain nekaezina, ekarpen handia egin dio Euskal Herriari.
Doluminik bihotzekoenak haren senide, lagun eta burkideei.
Zuri, ez adiorik, garaipen egun arte baizik! ✊️ pic.twitter.com/qDZggA4MwL
Gure Urruña kontuak honela agurtu du: «Abertzalea, herriaren alde lanean, irria eskaintzen. Milesker Xanti».
Iosu Uribetxebarria preso ohia hil zenean hura agurtzeko egin zen ekitaldian bertsoa bota zion Xanti Iparragirrek.