NAIZ

Hendaiako Danborrada bertan behera, bigarren urtez

Aurten ere ez da danborren hotsa entzunen Hendaian 'Bixintxo' besten karietara. Pandemiaren bilakaera ikusirik antolatzaileek hilabete amaieran egitekoa zen danborrada bertan behera utzi dute. Bigarren urtez ez da, beraz, neguko ospakizunik izanen Lapurdiko kostako hirian.

Danborrada ez da Hendaiako karriken gaindi igaroko aurten ere ez.
Danborrada ez da Hendaiako karriken gaindi igaroko aurten ere ez. (www.mutxiko.org)

Bi urtez jarraian ez da danborradarik antolatuko Hendaian. Antolatzaileek gaur arratsaldean baieztatu dutenez, pandemiaren bilakaera aintzat harturik hartu dute erabakia.

Urtarrilaren 23tik 30era iraganekoak ziren 'Bixintxo' bestak Hendaian. Izan ere bestetako ekimenik inportantea, danborrada, ez da hiriko karriken gaindi ibiliko.

Aurtengo danborradak zentzu berezia zuen, antolatzaileek iaz zendu zen Txema Egiguren euskal kulturaren ekintzailea omentzeko asmoa zutelako.

Oroitzearren, iazko martxoaren 18an hil zen Egigureren aldeko hiletan danborradaren martxa entzun zen.

Omicron aldaeraren erruz kutsatze tasak etengabe gora egiten duen unean «erabaki zentzudunena» danborrada bertan behera uztea dela azaldu dute antolatzaileek.

Milaka eta milaka lagun biltzen duen ospakizuna ez dela bateragarria egungo osasun egoerarekin nabarmendu dute.

Oroitarazi behar da frantziar Gobernuak ezarritako azkeneko protokoloen arabera azkoz jota 5.000 lagun elkartu daitezkeela karrikan antolaturiko ekimenetan. Edukiera 2.000 pertsonetara mugatu dute osasun arduradunek eremu itxietan.

Azkeneko 24 ordutan «abantzu 300.000 kutsatze berri» neurtu dira frantses Estatuan gaur aratsaldean Olivier Veran Osasun ministroan Asanblea Nazionalean jakitera eman zuenez. Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan azkeneko astean 1.278,9 covid-19 kasu berri antzeman zituzten.

Egoera horretan ohiko formatu handian ez da egiten, beraz, danborrada Hendaian.

Izan ere, tokiko hainbat hedabidek jaso duten albistearen arabera., uurtarrilaren 29an, ekimen apalagoa egitea gogoetatzen ari dira danborradaren antolatzaileek, herri ospakizun horren sortzaileetariko izan zen Egigureni ongi merezitako omenaldia eskaintzeko xede.