Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Mabel Cenizo
Caritaseko Komunikazio eta Boluntariotza arduraduna

«Elkartasun transformatzaileaz hitz egin behar da, pertsonen bizitzak hobetzea helburu duenaz»

Pobreziari begietara begiratzen dio eguneroko bere lanean. Pandemiak berez txarrak ziren egoerak okertu egin ditu.

Mabel Cenizo.
Mabel Cenizo. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Egoera zaurgarrian dauden pertsonei buruz hizketan hasi eta Mabel Cenizok, Gipuzkoako Caritaseko arduradunak, argi jarri du gaia mahai gainean: pobreziaz hitz egin behar dugu, eufemismorik gabe. Gertatzen ari denari dagokion izena jartzea garrantzitsua da, errealitatea zuzen izendatzea horren kontzientzia hartzeko lehen pausoa baita. Pobreziaz, familia sareen ahultzeaz eta bakardadeaz ere hitz egin beharra dago. Eta egoera horien aurrean garatzen dugun elkartasunaren nolakotasunaz.

Pandemia gogorra izaten ari da, batzuentzat besteentzat baino gehiago. Zein da zuek ikusi duzuen errealitatea?

Bi ideia nagusi jarriko nituzke mahai gainean. Batetik, duela hamarkada bat inguru krisi ekonomiko larri batean murgilduta ginela. Gustatzen zait hori gogoraraztea, batzuetan ematen baitu bizi dugun lehendabiziko krisi sozioekonomikoa dela oraingo hau. Krisiak modu ziklikoan gertatzen direla ulertu behar dugu, nahiz eta krisi bakoitza pizten duen arrazoia edo elementua desberdina izan. Aipatu dudan krisi horretatik zetozen familiei laguntzen ari ginen gu eta sentsazioa genuen –eta datuek ere hori esaten zuten– zulotik ateratzen ari zirela pixkanaka. Sekulako ahalegina egiten ari ziren lan mundura, etxebizitzen sarbidera, diru iturri nahikoak izatera gerturatzeko eta krisi honek atzeraka asko egitea eragin die. Errealitate hori topatu dugu, azken bost-zortzi urteetan Caritasen laguntza izan duten eta beren egoerari eusteko sekulako ahalegina egiten ari diren familiena. Modu prekarioan ari ziren eusten eta, ondorioz, beste krisi bat etorri orduko erori egin dira berriz. Sekulako kolpea izan da.

Bada desberdintasun bat aurreko krisiarekin konparatuta. Caritasera iristen diren pertsonen arazoa ez da bakarrik egoera ekonomiko eskasa dutela, badira beste bi elementu garrantzitsu; ez daukate familia sarerik, ez daukate muturreko egoera sozioekonomiko horretan laguntzeko moduan dagoen familia ingururik. Eta familia ez dagoenean, Estatuaren egitekoa da larri dauden horiei eustea. Estatuak zenbait baliabide jarri ditu mahai gainean, ABEEak kasu (aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak), eta horiek eutsi diote etxe askotako bizimoduari. Estatuak baliabide desberdinen bidez (bizitzeko gutxieneko errenta, diru sarrerak bermatzeko errenta…) eutsi die diru sarrerarik gabe geratu diren familiei. Orduan, Caritasera nork jo du? Erakunde publikoen laguntzetara sarbiderik ez dutenek. Horiek izan dira gure atea jo dutenak. Nagusiki egoera irregularrean zeuden migranteak eta lan baldintza prekarioetan zeuden pertsonak, bestelako laguntzak eskuratzeko modurik ez zutenak. Estatuaren laguntzek babesik gabe utzitako pertsona horiek.

Pandemiaren lehen kolpea hori izan zen; lanik eta baliabiderik gabeko jendea eta modu prekarioan lan egiten zuen jendea, ezkutuko ekonomian zebilena eta, ondorioz, laguntza publikoetara heltzeko modua ez zuena.

Familia sareen ahultasuna aipatu duzu. Ez da pertsona migratzaileen arazoa bakarrik.

Ez eta hori sumatu dugu. Pandemiaren lehen kolpean administrazioa oso-osorik online moduan funtzionatzera pasatu zen. Gerta daiteke zuk laguntza bat izateko eskubidea izatea eta laguntza hori eskatu izana. Baina hilabeteak joan eta hilabeteak etorri laguntza hori ez bada iristen, jaten eta gastuei aurre egiten jarraitu beharra daukazu eta agian ezin duzu. Egoera horretan zeuden etxeei lagundu diegu. Ezustekoa izan da. Kasu horietan familia horiek bazuten aurrera egiteko modua, ez zuten inoiz pentsatu ere egin Caritasen atea jo beharko zutenik, baina horrela gertatu zitzaien, bat-batean egunerokoari ezin ziotelako aurre egin. Errealitate hori ere gertatu da.

Eta familia sareei buruz ari garela, pandemiak beste hutsune batzuk utzi ditu bistan. Bakarrik dauden pertsona asko detektatu ditugu eta horiei entzuten eta zaintzen aritu gara. Bakarrik eta komunitatetik aparte bizi diren pertsona asko daudela ikusi dugu eta hori ere pobretze bat da, zalantzarik gabe. Pobretzea ez da bakarrik ekonomikoa, bakarrik eta harremanik gabe egotea ere bada. Zenbat eta familia sare indartsuagoa eta lagunen sare garrantzitsuagoa izan, pobretzeko arriskua txikiagoa da. Eta aldrebes, familia eta lagunen sarerik ez dutenek, bakarrik eta isolaturik egoteaz gain, arazo ekonomiko baten aurrean laguntza izateko aukera gutxiago daukate.

Laguntza publikoak garrantzitsuak dira, baina familia sareak eta komunitatearen parte izatea ere bai. Eta hori nabarmena izan da pandemian. Isolatuta banago eta nork lagundu ez badaukat? Nork egingo dizkit erosketak? Nork zainduko nau? Hutsune horiek ere oso nabarmen geratu dira pandemian.

Behar materialak eta emozionalak, denak aseta behar ditu pertsonak.

Bai, eta uste dut horiek direla etorkizuneko erronkak, pandemian bistan geratu denez. Gutxieneko baldintzak betetzen dituen bizitza bat izateko eskubidea ziurtatu behar da batetik –etxebizitza, jatekoa, hezkuntza...– eta, bestetik, harreman sozialak, familiakoak, komunitatekoak, elkar zaintzearen ingurukoak... ere oso garrantzitsuak dira eta indartu beharrekoak. Caritasen egitekoa da bi arlo horietan lan egitea; pobrezia egoeran dauden eta babes sistema ofizialetatik kanpo geratzen direnen ongizatea zaintzea eta, bestetik, elkar zaintza eta komunitatearen sareak indartzea.

Pandemiak ez omen du arazo berririk ekarri, lehendik zeudenak areagotu egin omen ditu. Pobreak pobreago?

Bai, zalantzarik gabe. Bestetik, beldurraz eta ziurgabetasunaz gutxi hitz egiten da. Bizitzen ari garen guztiak asko du horretatik. Gutxi gorabehera denok dakigu zein diren egoera honetatik ateratzeko tresnak eta baliabideak eta kalean tentsioa gero eta nabariagoa da; nola borrokatuko naiz nirea dena defendatzeko. Kolektibo asko ari dira mahai gainean jartzen beren egoerak eta borrokak eta hori baikorra da. Baina ez genuke ahaztu behar kolektibo bezala ez direnak antolatuko eta borroka kolektiboa martxan ez dutenak jarriko pobreak direla. Periferian dagoen jendeak ez du berea defendatzeko eta aldarrikatzeko modurik izango, ez daukalako ordezkaritzarik, eta gurea bezalako erakunde sozialek hor segitu beharko dugu lanean, pobreen beharrei irtenbideak topatzeko ahaleginean.

Pertsona pobreak ez dauka kolektiboaren kontzientziarik?

Oso zaila da, inork ez duelako pobreen kolektiboarekin identifikatu nahi, pobre izateak ez dauka talde kontzientziarik.

Pandemiak denok zaurgarri bihurtu gaitu. Eta lehendik zaurgarri zena?

Pandemia globala izan da eta denok zaurgarri bihurtu gara. Eta zaurgarritasun horretan, lausotu egin da talde sozial desberdinen existentzia hori. Ez da gauza bera zure etxean isolatuta egotea eta telelana egitea, edo kalean bizi dena konfinatzea. Nola konfinatu kalean bizi den pertsona? Egon da denok batzeko ahalegin bat, pandemiak denok berdindu bagintu bezala, denok egoera bera bizitzen ariko bagina bezala, eta ez zen egia; pertsona guztiek ez zuten ixteko etxe bat, baziren beren etxean seguru sentitzen ez zirenak, etxe batzuetan pilaketak gertatu ziren… pandemia honen une batzuetan kolektibitatearen sentipena indartzen saiatu gara; denak gara zaurgarriak, hemendik indartsuagoak aterako gara… eta antzeko ideiak zabalduz. Denok itsasontzi berean gauden ideia hori oso garrantzitsua da eta ez da txarra, baina itsasontzi horrek maila desberdinak ditu, «Titanic»-ek bezala, eta klase sozial bakoitza bere tokian ari da bidaiatzen, batzuk goian eta beste batzuk, behean. Lehendik itsasontzi horretan desberdintasuna oso egituratuta zegoen eta horrela jarraitu du pandemian, are nabarmenago.

Pobrezia askotan ez da ikusten edo ez da ikusi nahi. Itxialdian irakasleak egunero marrazki bat egiteko agindu zien ikasleei. Eta etxe batzuetan ez zeukaten ez margorik ez paperik.

Pobrezia ikusteko lehendabizi horri buruz hitz egin behar dugu eta identifikatu. Askotan irakasleak ez ditu pobrezia egoerak ezagutzen familiek berek ez dituztelako baldintza horiek bistaratzen. Bestelako lanketa bat egin behar da ikasgelan zer-nolako familiak eta egoerak dauzkazun identifikatzeko. Egia da, hala ere, detaile guztiak izan ez arren, haurrei begiratuta gauza asko igartzen direla. Pandemian eta itxialdian gabezia batzuk ageriago geratu dira. Haurrak ikasgelan daudenean gutxi edo gehiago gelako martxara eta irakaslera moldatzen dira. Baina itxialdian irakaslea da ikasle bakoitzaren egoerara moldatu behar duena, inguru horiek deskubritu behar dituena.

EAEn haurren babeserako neurri onak eta indartsuak daude. Baina EAEn dagoen desberdintasun tasa oso handia da, nahiz eta pobrezia tasa txikienetakoa izan. Nola azaldu daiteke hori? Gure haurrak agian ez daude muturreko pobrezia egoera batean, baina beren ikasgelako haurrekin konparatuta, desparekotasun handiak dituzte baliabideak eta zerbitzuak eskuratzeko orduan. Pentsa, haur bat ez da oso-oso pobretzat hartzen, baditu koadernoak eta margoak. Baina bere gelakideek etxean ordenagailua eta bi tablet dituzte. Hori desparekotasuna da.

Haurrek eta gazteek bereziki kezkatzen naute. Alor horietan indarra eta inbertsioak jartzea ezinbestekoa iruditzen zait. Orain egiten ez dena etorkizunean sumatuko da. Haurrek eta nerabeek etorkizunari begiratzeko tresnak behar dituzte: hezkuntza, etxebizitzarako sarbidea, lan mundurako sarbide duina...

Kalean bizi den jendea ere aipatu duzu lehen. Zer bistaratu du pandemiak?

Caritasek eta beste sare batzuek egindako lana aipatuko nuke, beste elkarte sozial batzuekin elkarlanean harrera, babesa eta laguntza eskaini diegu kalean bizi direnei. Zenbait gauza deskubritu ditugu. Batetik, Eusko Jaurlaritzak etxerik gabeko pertsonak artatzeko estrategia bat dauka, paperean oso ondo artikulatuta dagoena. Ondo legoke paperean dauden gauza horiek praktikara eramateko bideak izatea; baliabideak, programak, inbertsioak… pandemiak hori utzi du agerian, batzuetan politikak paperean daudela, aurrekonturik eta baliabiderik gabe.

Bigarrenik, deskubritu dugu uste genuen baino jende gehiago dagoela kalean bizitzen, pentsatzen genuena baino hiru bider gehiago. Eta, hirugarrenik, Estatuak martxan jarri dituen zenbait babes neurri bertan behera geratzen direnean –etxegabetze batzuk atzeratu ditu, alokairu batzuk lagundu...–, egoera oso konplikatuekin topo egingo dugula uste dugu, etxegabetzeak ugarituko direla eta kalean bizi den jendearen kopurua areagotuko dela. Nahiago genuke erratzea, baina gauzak okertuko direlakoan gaude. Etxebizitzaren arloan eta lanaren arloan erronka handiak ditugu eta horiei eutsi beharko zaie.

Batzuk krisietatik ateratzen dira eta beste batzuk krisian geratzen dira betirako.

Hori horrela da krisi guztietan. Juxtu 2018an txosten bat argitaratu genuen eta bertan nabarmentzen genuen bazela jende multzo garrantzitsu bat prekaritatetik ateratzea lortu zuena eta integrazio sozialerako pausoak eman zituena. Baina, era berean, nabarmentzen zen muturreko bazterketa sozialean zeudenen kopuruak gora egin zuela. Alegia, okerren zeudenen kopuruak gora egin zuela. Krisi guztien ondorioz gertatzen da; badira muturreko bazterketa sozialean geratzen diren pertsonak. Eta pobreziaren hondoratzea ere kontuan izan behar da; zenbat eta denbora gehiago eman pobrezia egoeran, gero eta zailagoa da hortik ateratzea.

Krisi honetatik hobeak aterako ginela esaten zen, ba.

Itxaropena ez genuke galdu behar. Kontziente izan behar dugu pertsona guztiek behar berak, desio berak eta beldur antzekoak ditugula. Hori horrela dela ulertzeko bizipen kolektiboa oso garrantzitsua da. Era berean, ulertu behar dugu batzuk besteak baino urrunago edo gertuago gaudela behar eta desio horiek betetzetik. Asko hitz egin da elkartasunaz eta garrantzitsua da hori mahai gainean jartzea; elkartasuna ni eta nire ingurukoak hobeto bizitzeko, baina baita beste batzuk hobeto bizitzeko ere. Baina badago arriskua elkartasun horrek benetako aukerak ez sortzekoa. Gerta daiteke elkartasun hori bideratzea pertsona horien oinarrizko beharra asetzera, baina ulertu beharko genuke pobrezian dauden pertsonek aukera hobeak izateko moduak sortu behar direla. Batzuetan, eta bereziki gabonen giroan, asko hitz egiten da elkartasunaz, baina nik uste dut elkartasun horrek transformatzailea izan behar duela. Pertsona pobreek ez dute jatekoa bakarrik behar; lanpostu bat behar dute, etxebizitza duin bat, beren seme-alabek kalitatezko hezkuntza izan dezatela, kirola egiteko modua izatea, gailu elektronikoak izatea, auzoko bizitzan parte hartzea... Batzuetan gauza hauek ahaztu egiten zaizkigu eta gauza horiek dira pertsonen bizitzak hobetzen dituztenak. Hori da elkartasun transformatzailea eta ideia horietan indarra egiten duten kanpainak bultzatzen ari gara.

Adibidez?

Adibidez, elikadurara modu autonomoagoan eta duinagoan iristeko kanpainak bultzatzen ari gara. Beharra duten familiei laguntza ekonomikoak bideratzen dizkiegu elikagaiak erosteko aukera izan dezaten beren ohituretatik, gustuetatik abiatuta. Kanpaina hauen helburua ez da elikagaiak ematea, baizik laguntza ekonomikoak ematea familia horiek supermerkatu batean sartu eta nahi duten erara eros dezaten. Garrantzitsua da supermerkatura sartu eta gustuko dituzun gailetak erostea. Gurea bezalako jendarte batean oso garrantzitsua da elkartasunaren inguruko mezuak eta ideiak aztertzea eta berritzea. Elkartasuna bai, baina nolakoa? Horri buruz pentsatu beharko genuke. Gure elkartasuna nola kudeatzen dugun oso garrantzitsua da. Pobreek elikaduraz aparte beste behar batzuk dituzte. Goazen pentsatzera elkartasuna garatzeko moduen inguruan, ea badauden modu duinagoak, pertsonari autonomia ematen diotenak, ez dutenak estigmatizatzen... Garrantzitsua da hausnartzea egiten ditugun gauzek, bultzatzen dugun elkartasun ereduak, pobreziaren aurka egiten ote duen edo pobrezia hori betikotzen laguntzen ote duen.