NAIZ
Donostia

Donostiako danborrada bertan behera geratu da bigarren urtez jarraian

Udalak eta haur eta helduen danborradetako ordezkariek, azkenean, San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, ospatzekoa zen 2022ko danborrada bertan behera uztea erabaki dute. Hala, bigarren urtez jarraian ez da danborradarik izango covid-19aren pandemiagatik.

Bigarren urtez jarraian ez da danborradarik izango Donostian.
Bigarren urtez jarraian ez da danborradarik izango Donostian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Donostiako Udalak eta haur eta helduen danborradetako arduradunek bilera egin dute ostiral honetan eta bertan erabaki dute bigarren urtez danborrada bertan behera uztea.

«Emozionalki zaila baina beharrezkoa den erabaki» bat izan dela nabarmendu du Udalak.

Hala, Udalak ez du antolatuko banderaren igoerarik, ez jaitsierarik, ezta Alderdi Ederren haur konpainien kontzentraziorik ere, ezta ondoren hiriko erdiguneko kaleetan egingo den desfilerik ere.

Elementu sinboliko gisa, Udalak, haur danborraden iritzia entzun ondoren, erabaki du hala nahi duten haur danborradako konpainiek «ohikoa ez den formatuan desfilatu ahal izatea». Formatu hori konpainien ordezkariekin datorren astean egingo den bileran erabakiko da.

Eneko Goia alkateak haur eta helduen danborradetako ordezkariekin izandako bileren ostean adierazi duenez, «danborrada bertan behera uztea oso erabaki zaila da beti».

«Bigarren urtea izango da gure jai garrantzitsuenaz bete-betean gozatu ezin duguna, eta horrek pena handia eragiten digu», gaineratu du.

Hala ere, «egungo osasun-egoera eta indarrean dauden neurriak kontuan hartuta, erabakia beharrezkoa da».

Danborrada bertan behera uztea erabaki ondoren, Udalak ekitaldi sinbolikoren bat egiteko asmoa helarazi die danborradetako ordezkariei, helduei zein haurrei.

Udalak mahai gainean jarri diren proposamen batzuk aztertuko ditu, eta datorren astean jakinaraziko du data ospatzeko eta hiriko patroia ohoratzeko jai-girokoak ez diren ekitaldiren bat egingo den.

Nolanahi ere, Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak emateko ekitaldiak egingo dira. Bi ekitaldiak ohiko egunetan izango dira, hau da, urtarrilaren 19an, arratsaldean, herritarren merezimenduaren dominak emateko ekitaldia, eta urtarrilaren 20an, eguerdian, Urrezko Danborra emateko ekitaldia. Udaletxetik kanpora eramateko aukera aztertzen ari da Udala, edukiera handiagoa izateko.