Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Eskolara buelta: baja eta zalantza ugarirekin, baina irribarrea ere kutsatu nahian

Covidaren seigarren olatu betean, ez da erraza izan eskoletako itzulera. EAEn 800 langile daude bajan, Nafarroan 400etik gora. Etxealdian dauden ikasleak ere ez dira gutxi. Jendartean gertatu den bezala, bilakaera baikorrago bat espero zen eta gogorra izaten ari da. Elkar zaintzea dute lehentasun.

Ikasleak Gasteizko ikastetxe batera sartzen, joan den irailean.
Ikasleak Gasteizko ikastetxe batera sartzen, joan den irailean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Zer moduz»-ka eman dute goiza ikastetxeetan. Nafarroan eta EAEko zentro batzuetan astelehen honetan itzuli dira eguberrietako oporretatik. Bertze eskola batzuetan ostiralean izan zuten buelta. Azaldu digutenez, hezkuntzako egoera «korapilatsua» da. Adibidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 800 langile daude bajan; Nafarroan, 400etik goiti. Kasu aunitzetan, ez dakite noiz betetzen ahalko dituzten hutsune horiek. Bitartean, ahal duten bezala moldatzen ari dira.

Jendartean oro har bezala, ikasturte hasieran bertze aurreikuspen bat zuten. Txertoa zabaltzearekin batera, bilakaera hobea espero zuten, eta psikologikoki kolpe handia izan da. Halere, «jendea pozik, gogotsu» agertu da eskolara, «baikor». Eta «eskertzekoa da, indar hori beharrezkoa izango delako». Hala agertu digute Orereta Ikastolan. «Ahal dela irribarre bat atera eta hori ere kutsatzeko» gogoz daudela adierazi dute. «Animoak behean daude orokorrean, eta denen artean egin behar dugu aurrera».

Ideia hori elkarrizketaz elkarrizketa errepikatu da. Hala mintzatu dira, erraterako, Sortzen elkartekoak: «Gure ikuspuntutik egoera oso larria bizi izan dugu pandemiarekin, baina jendea animatu nahi dugu burua altxatzera, kalera ateratzera, arnasa hartzera, elkarrekin gauza txikiak egiteko aukera probestera. Bizitzen jarraitu behar dugu, sortzen, bai kultura bai euskara zaintzen, erlazioak mimatzen».

Eskola txikien abantaila

Aramaioko Eskolan irakasle guztiak hasi dira lanean, eta ikasle positibo bakarra dute. Kontaktu zuzenak direlako konfinatuta daude bertze zazpi ikasle. Orain arte ez dute positiborik izan, kontaktu zuzenagatik konfinatuak bai, baina beti tarteka.

Esplikatu digutenez, antzeko neurriekin jarraituko dute. 105 ikasle eta 15 irakasleko eskola txikia dira eta hori abantaila da antolatu eta egokitzeko. Aireztapen ona dute, eta garbitasun neurriak zorrozten jarraitzen dute.

 

Aramaioko eskolan: «Onartu behar dugu egun batetik bestera egoera erabat alda daitekeela, hori izan behar dela gure bizimodua»

Animo aldetik ez da erraza, batez ere ezjakintasunagatik. «Ez dakigu bihar nola egongo garen. Onartu behar dugu egun batetik bestera egoera erabat alda daitekeela, hori izan behar dela gure bizimodua. Ez gaude atsekabetuta; kanpoan zer gertatzen den begiratzen ari gara. Momentuz ikastetxean ez da islatzen kanpokoa, baina badakigu egoera alda daitekeela. Denok daukagu harremana, eta kutsatu behar bagara askoz errazago kutsatuko gara, anai-arrebak eta lehengusu-lehengusinak garelako. Nahiz eta eskola barruan neurriak ezarri, kanpoko familia eta harreman soziala beste bat da».

Zalantza franko dituzte; ez dakite, adibidez, irakasleen bajak nola kudeatu behar diren. «Ez dakigu zerk balio duen eta zerk ez. Osakidetzarekin harreman ona dugu, baina zalantzak ditugu. Esate baterako, irakasle bat positiboa bada antigeno proban, horrek balio du? Ala Osakidetzaren testean positibo izan arte itxaron behar dugu? Halakoak ez daude idatzita».

Beharrezko geldialdia

Oreretako Ikastola 1.500 ikasle eta 120 irakasleko ikastetxe handia da. Bertan, abiapuntua ez zen ona. Azaro hasierara arte ia ez zuten kasurik, baina bat-batean pila bat agertu ziren eta goraka joan zen olatua, abenduan 250 ikasle konfinatzeraino.

Gabonen ondoren, hamar irakasle daude etxealdian. Ikasleen artean, Batxilergoan 13 eta beste etapetan 40 inguru.

Albisteek diotenez, aldaketa potoloak datoz protokoloetan, baina horien berri ofizialik ez dute jaso Orereta Ikastolan.

«Behar genuen geldialdi hau», adierazi dute eguberrietako oporrez. «Ikasturte hasieran beste aurreikuspen bat genuen, eta planak egiten hasiak ginen: irteerak, 2023rako antolatuko dugun Kilometroak jaiaren inguruko gauzak… Berriro atzera egitea gogorra izan da».

 

Orereta Ikastolan: «Etxealdiko zazpi egunak pasata, gurasoak zer egin ez zekitela etorri zaizkigunean erabakiak guk hartu ditugu Osasun Sailak beharrean»

Kudeaketan, erantzunik gabe aurkitu dira sarri. «Etxealdiko zazpi egunak pasata, gurasoak zer egin ez zekitela etorri zaizkigunean bata jantzi eta erabakiak guk hartu ditugu Osasun Sailak beharrean. Bakoitzak bere beldurrak ditu, etxean guraso helduak dituztenek adibidez. Urte bukaera gogorra izan da».

Orereta Ikastolan kanpo espazio zabalak dituzte balkoiak, baso eskola, eta horrek ere laguntzen die egoerari hobeki erantzuten.

Anartz Muxika zuzendariak honako irakurketa pertsonala egin du: «Estrategia aldaketa eskertzen dut. Onartu behar dugu ez garela birusa jarraitzeko gai izan; beti egon da koska batzuk aurrera. Estrategia aldaketa bat behar genuen kudeaketan, protokoloan, erantzuna ez zelako inorentzat egokia. Hau ote den egokiena ez dakit, ea asmatzen dugun».

Kasuz kasu erantzuten saiatzen

Dimako Eskolan telefonoa jo eta jo aritu da goiz osoan. Eskola txikia dira, 123 ikasle eta 15 irakaslekoa. Bueltan bi irakasle izan dituzte falta eta oraindik ez dute lortu ordezkatzea.

 

Ordezkatzeko aplikazio berriak nahasmena eragin du: «Ez dakigu eskaera jaso duten, eta bi gela tutore barik ditugu», Dimatik

 

Kontatu digutenez, aplikazio baten bidez eskatzen dituzte ordezkoak, baina hain doaz atzeratuta ezin dituztela behar den abiaduran lortu. «Normalean aplikazioan sartu eta automatikoki hurrengo egunerako badugu ordezkoa. Baina orain ez dugu ziurtasunik ordezkorik egongo den bihar. Lehen, telefonoz eskatzen zenean, zuzenagoa zen. Aplikazioarekin ez dakizu eskaera jaso duten ere. Bi gela tutore barik ditugu, eta hiru egun egon gaitezke horrela. Bitartean zer?».

«Itzela da horrek eragiten duena», zentro txiki batean langileak ez daudelako soberan.

Era berean, arauen arabera gelaka banatu behar dutenez, ezin dira moldatu irakasle batek bi ikasle talde hartuta.

Jantokian berdin. Burbuilak gelaka izateko agindu horrekin, «asko konplikatzen da». «Haurrak patioan olgetan dabiltzala, nork esango die bakoitza bere burbuilan egoteko?».

Horretaz gain, lankideen erdiak behintzat konfinatuta eman dituzte gabonak. «Hala itzuli gara, berriro hastera, ez dakigu zer. Jarrera positiboarekin gaude, baina estres handia da. Ez dakigulako zelan jokatu behar dugun, beti aldaketan gaudelako. Familia bat gara, eta aurrera jotzen dugu, baina ez da erraza».

Ikasleak «pozik, euren artean egoteko gogoarekin etorri dira, asko eta asko konfinatuta egon dira oporretan, 16 bat bai. Horrek dakarren guztiarekin. Berrietan oso polito esaten da online lan egiten dela, baina familia bakoitzaren egoera desberdina da eta behar duena eskaini behar diozu. Etxean gelditzen den ikasleari arreta eskaini behar diogu, eskolan bezala, egokituta, baina etxe guztietako egoera ez da berdina. ‘Tetris’ bat egiten ibili behar dugu denbora osoan. Umoretsu hartu eta aurrera».

Lehenengo klaustroa egin dute astelehen honetan, eta lehentasuna familiekin kontaktuan jartzea dela adostu dute. «Harreman zuzena eduki eta bakoitzari hemen gaudela esan eta behar dutena eskaintzea».

Harremanak zaintze hori «esan esaten da, baina goikoek kasurik ez diote egiten», salatu dute. «Ezin da gauzak ondo daudela esan».

Dimako Eskolan, kasuan kasu, ikaslearen mailaren eta familiaren egoeraren arabera, eskaintza bat egiten ahalegintzen dira.

Berako Ricardo Baroja eskolan astelehen honetan bueltatu dira eta covidagatik irakasle bakarra dute bajan. Ordezkoa bazuten jada baja hori betetzeko. Ikasle gutxi batzuk badaude konfinatuak, baina eguberrietako oporren aitzinetik baino dezente gutxiago. Goiz erdian jaso dute Nafarroako Gobernuaren protokoloa. Ordura arte prentsan ateratakoa zekiten. Ez dute nobedade handirik ikusi dokumentu berrian. Eta antzeko neurriekin segitzen dute: ikasleak taldeka banatuak, musuko eta distantziekin eta gel desinfektatzailearekin.

Sortzen Elkarteak dioenez, planteatutako neurriek «aukera bat irekitzen dutela dirudi», baina sentsazioa da «beti atzetik goazela». «Pandemiaren hasieran ulergarria zen; berria zen guztiontzat, guztiok gainditzen gintuen. Orain sentsazioa dugu partxeak jartzen ari garela denbora osoan», egin du kritika.

Komunikazio eske

«Ezustean harrapatu gaituen» seigarren olatu honetan, hasieratik eskatu diotena eskatu diote Hezkuntza Sailari: komunitateko eragileekin komunikatzea, familia, langile zein ikasleekin. Egiten diren aldaketa eta protokoloak izan daitezela ikasleak erdigunean jartzeko».

Deitu dietenean hor egon dira Sortzenekoak «lanerako prest». «Bilera informatiboak izan ditugu gehienbat, ez da feed-backik izan. Entzun bai, baina ez gaituzte kontuan hartu. Ez ditugu protokoloan gure ekarpenak ikusi. Beste eragileetatik antzekoa iristen zaigu».

Mahai gainean jarri dituzte, erraterako, ratioen txikitzea, irakasle kopurua handitzea, espazioen birplantetzea… eta ez dira aintzat hartu. «Egia da Hezkuntza Sailak ez gaituela deitu oraingoan. Nahiko genuke deitzea eta gurekin kontatzea. Prest egongo gara familien ikuspegia mahai gainean jartzeko, ez baietz esateko soilik eurek planteatzen dutenari», azpimarratu dute.

Eskoletan egoera zailak gertatuko direla uste dute, eta «adi» egonen dira «zerbait eskatu behar bada eskatzeko».