Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

AMAK taldeak egin du txotx lehenengoz, barietatea bertute izango duen denboraldia abiatuz

AMAK trikitixa taldeko lau emakumeek izan dute 2022ko txotx denboraldia irekitzeko ardura. Ekoizleek nabarmendu dute aurtengo uzta historikoak sagardo mota asko ekarri dituela, beraien artean oso desberdinak.

AMAK taldeak ireki du 2022ko sagardo denboraldia.
AMAK taldeak ireki du 2022ko sagardo denboraldia. (Jon URBE | FOKU)

Ezin izen bakar bat jarri 2021eko uztak ekarritako sagardoari. «Historikoa» izan da ekoizpena, 3,5 milioi litrokoa eta, beraz, sagardo berria asko dira: barietatea izango du 2022ko txotx denboraldiak ezaugarri.

Hala eman dute jakitera asteazken honetan Astigarragan, Sagardoaren Lurraldeak XXIX. Sagardo Berriaren Eguna ospatzeko antolatu duen ekitaldian. Berezko formatua berreskuratu du, gainera, txotx denboraldiari irekiera eman dion aurtengo ekitaldiak.

Astigarragako Sagardoetxea museoan agertu dira dozenaka kazetarien aurrera 2022ko Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak: Maixa Lizarribar, Kristina Solano, Amaia Oreja eta Alaitz Telletxea, AMAK taldeko musikariak. Ekitaldi honen anfitrioi izatearen emozioa agertu diete kazetariei; guztiek, izan etxetik ekarri dutelako edo trikitixaren eszena ere badirelako, aitortu dute sagardotegiekin gordetzen duten lotura. «Urrezko baloiaren pareko titulua da hau guretzat», esan du Maixa Lizaribarrek.

2022ko sagardo denboraldiaren aurkezpena. Irudian, aurreskua. (Jon URBE/FOKU)
2022ko sagardo denboraldiaren aurkezpena. Irudian, aurreskua. (Jon URBE/FOKU)

Aintzane Barandiaran Astigarragako alkateordeak eman die musikariei Sagardo Berriaren Egunaren plater oroigarria. Bi arrazoi aipatu ditu AMAK taldeari aitortza hau egiteko: «Euskal musikari egin dioten ekarpena izugarria izan delako eta demostratzen duelako amatasuna eta oholtza bateragarriak direla, emakumeak baduela espazio publikoan bere lekua».

Uzta historikoa

2021ekoa «uzta historikoa izan dela nabarmendu du prentsaurrean Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko zuzendariak. Sagar-urtea izan da eta, gainera, sagasti berriak hasi dira fruitua ematen. Pasa den urteetako ekoizpena hirukoiztea ekarri du horrek, 3,5 milioi litro sagardo guztira.

Uzta oparo horrengatik, Agirrek aitortu du zaila dela ezaugarri orokorrak antzematea aurtengo sagardoari. Ekoizleek «jolas egiteko aukera izan dute» eta, horregatik, sagardo mota «oso desberdinak» egin dituzte. Busti da, halere, Unai Agirre: sagardo arina, lurrintsua eta usaintsua dator, eta beste denboraldietan baino alkohol gutxiago izango du.

Ekoizpena handia denean kalitatea ona izatearen beldur izan ohi direla esan du Jon Zapirain Sagardoaren Lurraldeako arduradunak, baina aurten kalitatea lortu dutela ziurtatu du.

Sagarraren heldutze zikloak pairatu duen aldaketaz ere ohartarazi du, ordea: normalean azkar heldutzen diren sagar barietateak motel heldu dira, eta motel heldutzen direnak azkar. Aldaketa klimatikoak izan du zerikusirik horretan: «Honek asko arduratzen gaitu».

Kupelatik pitxerrak sagardoz betetzen. (Jon URBE/FOKU)
Kupelatik pitxerrak sagardoz betetzen. (Jon URBE/FOKU)

Jesus Garcia Lakuako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendaria, Xabier Arruti Aldundiko Nekazaritza eta Landa garapeneko zuzendaria eta Raul Perez Lakuako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria egon dira bertan. Pandemiaren zailenean ere sagardogileek erakutsi duten egokitzeko gaitasuna goraipatu dute Astigarragan, gogora ekarriz, urtarrilaren 28 arte bederen, sagardoa soilik mahaian hartu ahal izango dela, pitxerretik.

Prentsaurrekoaren amaieran, Sagardoetxetik irten eta kanpoko zelaian sagarrondo gazte bat landatu dute AMAK taldeko lau kideek eta horren ondotik bertsotan aritu dira Amets Arzallus eta Agin Laburu.

Handik abiatu dira gonbidatu guztiak Gurutzeta sagardotegira. Jose Angel Goñi sagardotegiko arduradunak aurretik esan duenez, Gurutzetan aurten ondutako sagardoak limoi puntua eta laranja-lore ukitua du usaimenean, eta garratzetik mikatzera jotzen du dastatzean.

Datorrenari bide

Txalaparta, txistulariak, sagar-dantza eta soka-dantza eskaini zaie AMAK taldeko kideei sagardotegiaren kanpoaldean, 2022ko txotx denboraldiak irekiko duen festa-aldiaren aurrekari.

Dantzarien zapietatik helduta sartu dira Maixa Lizaribar, Kristina Solano, Amaia Oreja eta Alaitz Telletxea Gurutzeta sagardotegira, eta kupeletik zuzen-zuzen 2022ko sagardoa probatzen lehenengoak izan dira. «Ona», esan dute aho batez, eta «gure sagardo berria!» oihuarekin ireki dituzte, zeharka, Gipuzkoako sagardotegien ateak.