NAIZ

Sara Pinaren hilketa salatzeko mobilizazioak izan dira, Emakumeen Mundu Martxak deituta

«Urtarrilaren lehen hamabostaldia oraindik pasatu ez, eta dagoeneko lehenengo erailketa matxistaren berri izan dugu», salatu du Emakumeen Mundu Martxak. Indarkeria matxistaren aurka planto egiteko, mobilizazioak izan dira Iruñean eta Bilbon asteazken honetan. Ostegunean, Donostian eta Gasteizen.

Sara Pinaren heriotza salatzeko mobilizazioa Iruñean.
Sara Pinaren heriotza salatzeko mobilizazioa Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Tuteran senarrak labankadaz hil zuen Sara Pinaren heriotza salatzeko mobilizazioak izan dira gaur arratsaldean Euskal Herriko txoko desberdinetan. Atzo atxilotu zuten Jose Luis Uruñuela, emaztea hil izana egotzita.

Emakumeen Mundu Martxak deituta, asteazken honetan Iruñean, 20.00etan Udaletxe Plazan, eta Bilbon, 19.45ean Arriaga antzokiaren parean izan dira elkarretaratzeak. Donostian eta Gasteizen ostegunean izango dira protestak; 19.00etan Bulebarrean eta 19.30ean Andra Mari Zuriaren Plazan, hurrenez hurren.

Sara Pinaren hilketa salatzeko mobilizazioa Bilbon. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Sara Pinaren hilketa salatzeko mobilizazioa Bilbon. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Bestalde, gaur asteazkenean 19.30ean Barakaldoko herriko plazan ere mobilizazioa egin dute, Argitan elkarteak deituta.

«Aurtengo urtea, 2022a ere, ez da urte erraza izango. Urtarrilaren lehen hamabostaldia oraindik pasatu ez, eta dagoeneko lehenengo erailketa matxistaren berri izan dugu», salatu du Emakumeen Mundu Martxak.

«Feministok behin eta berriro esango dugu, estrukturala den arazo baten aurrean gaudela. Gizarte osoaren arazoa den hau emakumeon gorputzetan gorpuzten da. Nazkatuta gaude behin eta berriz berdina oihukatzeaz, ez gara isilduko», azpimarratu dute erakunde horretako kideek mezu baten bidez.

Hala, instituzio publikoetan baliabideak eskatzen jarraituko dutela esan dute. Era berean, uste dute eraldaketa soziala lortzeko alderdi ezberdinetatik elkarrekin lan egin behar dutela. «Gizarteak aldaketa beharra dauka, eta jarrera matxistak eta sexistak behingoz amaitu behar dira».

Justizia eskatu dute Sara Pinaren hilketa salatzeko mobilizazioan, Iruñean. (Iñigo URIZ / FOKU)
Justizia eskatu dute Sara Pinaren hilketa salatzeko mobilizazioan, Iruñean. (Iñigo URIZ / FOKU)

«Borroka geldiezina da hau»

Lehenengo eta behin, osasungintza, hezkuntza, eta justizia publiko eta unibertsal baten beharra nabarmendu dute, izan ere «babestu behar gaituztenen joko arauak berriro porrot egin du». Zerbitzu publiko osasuntsuak eta biolentziarik gabeko espazio seguruak behar direla aldarrikatu dute, indarkeriak erreproduzitzen jarrai ez dezan. «Gizarte sozial moduan gure espazioetan eraldaketa bultzatu behar dugu, erasoak salatu behar ditugu, espazio seguruak bermatu behar ditugu, ekimen desberdinak bultzatu behar ditugu… guzti honetarako indarrak batu, eta eraldaketa bultzatu behar dugu», adierazi dute.

«Denon artean lortuko dugu. Borroka hau geldiezina da, eta feministok beti izango dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko, izan direnengatik eta izango direnengatik», zabaldu du Emakumeen Mundu Martxak, eta baieztatu du feministek gizarte hobeago batean sinisten dutela, arrazakeria, biolentzia eta gorrotorik gabekoa, eta bizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatu du.