Nafarroako Gobernuak prebentzioaren arloko jarduera bat pribatizatu duela salatu du LABek

LABek salatu du nafar Gobernuak pribatizatu egin duela 10.000 eurorekin finantzatutako ‘Prebentzioaren kultura bultzatu’ ekimena. Sindikatuaren arabera, CCOO eta UGT horren inguruan isilik geratzea «kezkagarria» da.

Lan istripuak salatzeko euskal gehiengo sindikalaren elkarretaratzea. (Iñigo URIZ/FOKU)
Lan istripuak salatzeko euskal gehiengo sindikalaren elkarretaratzea. (Iñigo URIZ/FOKU)

LAB sindikatuak asteazken honetan salatu duenez, Nafarroako Gobernuak enpresaburuei eta erakunde pribatu bati (AIN Nafarroako Industriaren Elkartea) eman die prebentzioaren arloko ekimena den ‘Prebentzioaren kultura bultzatu’, NOPLOIko Lan Osasuneko Zerbitzua kontuan hartu gabe.

«10.000 euroko kostua izango duen proiektua; balirudike kopuru hori txikia dela, baina oso praktika arriskutsu eta salagarri batean oinarritzen da, zeinetan arlo publikoak ordaindu eta arlo pribatuak onura ateratzen du», salatu du LABek.

Maria Chiviteren Gobernuak, Nafar Lansareren bitartez, 10.000 euro ingururekin finantzatuko du ‘Prebentzioaren kultura bultzatu’ ekimena, enpresetako zuzendariei zuzendua. AIN Nafarroako Industriaren Elkartea arduratuko da Mondragon taldeko Osarten prebentzio zerbitzuak emango duen prestakuntza programa koordinatzeaz.

LAB sindikatuaren iritziz, horrek esan nahi du Nafarroako Gobernuak enpresaburuei eta erakunde pribatu bati ematen diela prebentzioaren arloko jarduna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Laneko Osasun Zerbitzuaren berezko baliabideak kontuan hartu gabe.

Horri dagokionez, LABek uste du Geroa Bairen esku dagoen Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak eta, zehazki, Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñik argitu behar dutela «zergatik pribatizatzen duten 2021-2024 Lan Osasuneko Planaren programen artean nabarmenki ageri den ekimen bat, gaur egun Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan eztabaidatzen ari dena».

Era berean, «kezkagarria» da, LABen arabera, CCOO eta UGT sindikatuak horren inguruan isilik geratzea, CENen eskutik funts publikoen banaketan duten papera dela eta.

Funtsari dagokionez, sindikatua ez dator bat osasunaren sustapena termino orokorretan lan osasunaren estrategian sartzearekin. Bere ustez, enpresen prebentzio baliabide urriak ohitura aldaketak sustatzera bideratzeko arriskua dago (elikadura, jarduera fisikoa, etab.), langileak beren prebentzio eskubideen eskakizunetik aldenduz.

«Jakina, ez da ezer aipatzen plantillaren eta langileen ordezkarien parte-hartzeari buruz. Langileen parte-hartzerik gabe ez dago prebentzio eraginkorrik. Beraz, gure ustez, estrategia teknokratikoa da, eta horregatik, epe luzera ez da oso eraginkorra», gaineratu du.

Chiviteren Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemos) lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua berretsi duela salatu du LABek, eta, nabarmendu du, pandemia egoerak erakutsi duela «pribatizazioen negozioaren alde egiteak, lankidetza publiko-pribatua deiturikoak, publikoa ahultzea dakarrela». «Eta publikoa ahultzeak gure osasuna arriskuan jartzen du», gaineratu du sindikatuak.

LABek Nafarroako Gobernuari erabaki horren arrazoiei buruzko argibide bat eskatu dio, baita erabaki hori zuzentzea ere. Era berean, arlo publikoa indartzeko eta UPNren gobernuen herentzia pribatizatzailearekin behingoz hausteko exijitu dio.